Zumaiako hitz bereziak: JAISKUNE

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko api. 24a, 09:29
Algorriko jaiskunea. Garai batean inguruari ere Jaskune deitzen zioten. (Argazkia: Javier Carballo)

Itsasertzeko hitz bat dakarkizuegu aste honetan ere, urteurren berezi bat egokitu delako, gainera. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Zumaian haitzetara jaisteko bidexkari deitzen diogu “jaiskune”.  Ahoz “jaxkuna” eta “jaitsiune” ere erabiltzen dituzte Andremarialdeko baserritarrek. R.M. Azkueren hiztegian agertzen da Getxon jasotako adibide bat ere: “iaskune barri (bajada nueva)”.

Algorriko jaiskunean eskailerak daude, baina gehienetan bide estuak izaten dira, batzuk harri-losekin gogortutakoak. Sakonetara bitartean jaiskune asko daude: Txindurrinekoa, Pikotekoa, Oristokoa, Andresenekoa, Arantzakoa… Mugarrien deskribapen batean ere topatu dugu beste adibide bat, 1895eko agiri batean:

Desde el mojón de hierro que queda hecha mención, hasta el nuevo mojón de piedra arenisca que se colocó en "Galarreta-jaiscunia" por ambas comisiones, existen proximamente 190 metros.

Zumaia eta olagarroa liburuaren bitartez izan dugu gertaera latz berezi baten berri. Gaurko egunez, 1716ko apirilaren 24an (ostirala orduan ere, duela 304 urte!), Saskarate baserriko Ageda Egaña 12 urteko neskatila olagarrotara eta lapak biltzera joan zen harraldera. Orduan urte guztiko ostiraletan egiten zen bijilia, haragirik gabeko eguna, eta beharbada horregatik aginduko zioten etxean zerbait ekartzeko, beste askotan bezala. Seguruena Txindurrineko jaiskunetik joango zen, Andikaraerreka ondotik; haitzetan zebilela, handik igaro zen mandazain nafar batek bortxatu egin zuen. Algorri aldean ura jaitsi zain zeuden beste arrantzale batzuek ikusi egin zuten, ordea, eta Agedaren aitak, Alejo Egañak, epaitegira eraman zuen bortxatzailea. Epaiketako lekukotza baten zatia da hau, izen berezi hau jasotzen duena:

Al tiempo que llegaron al parage llamado Jasqune por donde se vaja a la marina (…) estavan sentadas aguardando a que vajare mas la marea para vajar a pulpear.

Itxura denez, Debara joan nahi zuen mandazainak, eta esana zioten marea-errotaren ondotik joateko (Parrokiaren aurretik Ardantzara), ura behera zihoala eta biderik laburrena haitzetatik zela. 1829ko beste agiri zahar batean ere agertzen da aste honetako hitza, Algorriko inguru horretako jabetza batzuk deskribatzean:

Tierras sembradias en el terminado de Ardanza, (…) norte con el camino que se dirige a Jascune, poniente con el Prado de Jascune.

Algorriko jaiskunea eta pasaguneak ederki ezagutzen dira Jesusa Gipuzkoakoa eleberriko pasarte batean:

Labarreko eskailerara iritsitakoan, minutu oso bat galdu nuen harrietatik jaisten, kili-kolo zeuden eta. (...) Jakin-minez, Juanen atzetik abiatu nintzen haitzezko labirinto hartan zehar. Jarraitzen niola entzun zuen, ordea, eta lanpara itzali zuen berehala.