Zumaiako hitz bereziak: TXIMILO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko api. 3a, 08:17

Egur zatitxo kiribilduak oso aproposak dira sua egiteko. (Argazkia: Antigoaleko hiztegia)

Hotzez ibili garen egun hauetan, adinekoek gogoan izango dute garai batean etxeko sua nola eta zerekin egiten zuten, askotan erabiliko zuten aste honetako hitza. Proposamenak edo oharrak egin nahi badituzue, idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Aroztegietan zura lantzen denean sortzen diren egur zati fin kiribilduei esaten diegu Zumaian “tximilua”. Beste material batzuekin (metala…) sortutakoa ere izan daiteke, eta “txirbil” esaten zaio gehienbat, gaztelaniaz “viruta”. Antzeko beste izen asko erabili izan dira: txiribi/ txiribixe (Azkoitian), txirlora (Bizkaian), txirribil, txiribiri (Bergaran), zirpil (Hondarribian), xirripil…

Etxeetan surtarako erabiltzen zen batez ere “tximillua”, zerrautsaren batera, ekonomika deituetakoetan sua pizteko eta bizitzeko.  Horregatik, haur askoren eginkizuna izaten zen tarteka aroztegietako hondakin horiek etxera ekartzea. Hemen Lore Albizuren azalpena, Abelin Linazisorok egindako elkarrizketan, 2008ko apirileko Baleike aldizkarian.  

Bai, jolasian beti. Bueno, lehenbizi eskolatik etxea, meriendatu, Periko Ostolazanea tximilo bila… Perikon ixkutuan ibiltzen giñan, makina artian makurtuta, eta Perikok ikusi ezkeo, besua luzatu eta hitzik ein gabe, bihatzakin kaleko atia seinalatzen ziun. Kalea gu! San Telmo kaleko mutilak “Elkano” esaten zixuen. Antonio Izkiñak, berriz, beak esaten ziun nundik hartu tximilua, jun txoko horreta eta hartu hortik. Eta Zelestino Uribe-eta ere ez zian txarrak.

 Eta hau kontatu zuen, berriz, Karmelo Zendoiak 2007ko urriko aldizkarian:

Ostegun arratsaldietan ere jai izaten giñien, baina nik nahixo nian eskola. Deberra ematen zien! Jo! Kristona! Eta gainetik Santixora jun behar izaten nian etxeako egur bila, Zakariasenea tximilo bila... Jode! Ez huan astirik ezertako ere!

Zarautzen ere esaten da “tximilo”, eta Txiliku idazleak Antigoaleko hiztegia gunean kontatzen duenez, hura ekartzen zuenari tximilozale deitzen omen zitzaion. Hemen zarauztar baten lekukotza, Ahotsak.eus egitasmokoa, eta kontatzen du “tximilloa” erabiltzen zela ganaduari azpiak egiteko ere.