Zumaiako hitz bereziak: Asakapon

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko mar. 18a, 10:02

Arkumeen hezurtxo berezi batzuk dira asakaponak. (Argazkia: wikipedia)

Barruko planean gabiltzan honetan, jolas kontuekin jarraituko dugu. San Jose egunaren inguruan arkumea jatea ohikoa denez, Igor Peasok proposatutako hitza ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egin nahi badituzue, idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Arkumeen belaunetako hezur txiki batzuei esaten diegu Zumaian “asakaponak”, eta batez ere neskak aritzen ziren lehen haiekin jolasean. Toki batzuetan “tortolosak” esaten zaie eta beste izen asko ere erabili izan dira hezur hauei edo jolasari deitzeko. Hara Julio Urkixok jaso zituen batzuk: tortoloxak (Donostia), turtulizak (Oiartzun), tortolesak (Arrasate), kurkuluxak (Eibar, Andoain), kurluak (Ispaster), bolborita edo txopakoa (Hernani), mailtxorrak (Izturitze), malezurrak (Hondarribia), exurko (Uztarrotz), saka (Mañaria), apon (Markina), txoko (Oñati), asakasa (Aramaio), unak (Astigarraga), karnakuluak (Urbiza), etab.

Zumaian beste izen bat ere bildu zuen Urkixok, “akerko”, eta Arritokieta Manterolak bideo honetan aipatzen du hitz hori, antxumeen hezurrak hobeak zirela zehaztuta:

Zeiñek baiño ederrauak, akerkuak. Asakapona arkumiena motela da, baiña ahuntxena ederra, pintatuta, gorri-gorri. Soiñu bat, bai, "rrrrrrrrra!" botatzen-ta. Haidxek, haidxek ederrak. Ta geo pintatu iten giñuzen, gorri-gorri-gorri. Bakoitzak bere poltsa, e! Orduan zea asko jaten zan, San Jose egunian-da ta, arkumia zeagua… Ta inguratutzen giñuzen behiñik behin. Baiña ez galdu, e! Josi poltsa in geuk, ta poltsa hortan sartuta zeakin, honelakotxe pelotakin. Lelengo zea, hunela jartzen giñuzen, eta bota ta buelta. Hartu, pelota hartu baiño leheno, hari buelta eman bihar. Bigarrengo aldiz, zeatuta, irekita. Geo tente. Geo berriz tente. Eta geo ya hirugarrenian dana jaso.

Zestoan ere “asakapona” edo sakapona” esaten zaio; ikusi zestoar baten kontakizuna Ahotsak.eus gunean. Zestoarren erretolika liburuan ere jolasa nola zen azalduta dago:

Asakapona ardiyen belauneko hezurra izate zan, ta pelota gora botiaz, bihatzakin asakapona mugituz jolasten zan. Lenbizi asakek atea bertzun ta ateatze ez bazan, pelota goyan zan bitartian eskuakin asake ipiñiber. Zenbat eta pelota gutxiyo bota hobe.

Badirudi gure “asakapon” jolas horrek gaztelaniazko “saca” eta “pon” hitzetatik hartu duela izena. Urkixoren artikuluan bertan kontatzen denez, ziba txiki bat erabiltzen zuten aspaldi, “pospolin” izenekoa (gaztelaniaz “perinola”); eskuz birarazten zen, 4 alde zuzen zeuzkan eta bakoitzean hizki bat: S (saca, tanto bat hartu behar), P (pon, tanto bat jarri behar)), D (deja, ez galdu, ez irabazi), eta T (todo, dena hartu behar). Asakaponetan gaztelaniazko “carne” eta “culo” aldeentzat antzeko izen batzuk erabiltzen ziren euskaraz: akerne, akullu, karnakulu (jolasari deitzeko), etab.

Jolasari buruzko argibide gehiago Urtxintxa taldearen webgunean: TORTOLAXAK

Ahotsak.eus gunean, berriz, bideo batzuetan ere jarri dituzten azalpenak: Tortolasak I eta Tortolasak II