Zumaiako hitz bereziak: GALTZA-ZIRAK

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko mar. 6a, 09:31
Armintzako arrantzalea, ezker besoan galtza-zira duela (argazkia: Indalecio Ojanguren, Gure Gipuzkoa bilduma).

Aste honetan egin duen eguraldia ikusita, euriaz babesteko balio duen hitz bat hautatu dugu, Gonzalok proposatutakoa. Zuen proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Gerritik beherakoa ez bustitzeko balio duen arropa da Zumaian eta inguruan “galtza-zira”. Juan Garmendiak eta L.P. Peña Santiagok idatzitako El mar de los vascos, II liburuan kontatzen dutenez, arrantzaleen arropak beletarako oihalekin egiten zituzten, eta linazi-olioa ematen zitzaion 3 aldiz; horregatik hartzen omen zuen oihalak kolore horixka. Buruan zeramaten txapelari “su(r)esta” deitzen zitzaion,  jakari “sira” eta prakei “galtza-sira”. Hondarribian, “txaketa-sira” erabiltzen da gerritik gorako arropari deitzeko, eta Zumaian jasoa dugu “jake-zira”ere, esate baterako eraikuntzan edo kalean aritzen diren langileek erabiltzen dituztenei deitzeko. Antzeko beste izen batzuk ere erabili izan dira beste herri batzuetan: “dxakenarro” Bermeon eta Mundakan, “jakelarrua” beste herri batzuetan…

Zubia-Goikoetxea familiak esandakoaren arabera, Zumaian bertan egin eta inpermeabilizatzen omen zituzten arrantzaleen jantziak, linazi-olioarekin. Iraundegitarrak aritzen omen ziren lantegi horietan 50eko hamarkadan; Arrangoleta inguruan zeukaten lantokia, Mataderia ondoko etxearen azpiko aldean, Beltzenekoa edo Villa San José izenekoan.

Pepe Artola (1864-1929) idazle donostiarrak bertso asko jarri zituen, eta 1892an inauteriez idatzitako sorta batean aipatu zuen gure hitza:

Arrantzaliak kulubiza ta

zesto, sare ta sokakin,

galtza-zira zar, amu pilla ta

mokollo ederrarekin;

iriyen aurrez belaunka jarri

eskuan eskobarekin,

andik puntura sagardoteira

txunbo aundien batekin.

Itxura batean gaztelaniazko “cera” hitzarekin lotutakoa da “zira”, oihalei ematen zitzaien argizari edo produktuagatik. Frantsesez ere “cirer” esaten zaio argizaria emateari (edota oinetakoei distira ateratzeari). Horregatik, ez da harritzekoa Bermeon “entzado/ue”deitzea itsasoan ibiltzen diren jantziei. Gaztelaniazko “encerado” hitzetik dator: encerado → entzerado → entzeado → entzado → entzadu. Azalpena bat dator lehen esandakoarekin: “Gaur egun plastiko edo nylonezkoak dira, baina olana sendoari linaza olioa emandakoak izaten ziren; hala ere izena ez dute aldatu”. Lekeition “entzerasko erropak” deitzen zitzaien eta Ondarroan ‘sisko erropi’. Gonzalo Torrek beste lurralde batzuetako lekukotasunak ere bildu ditu: Asturiasen “aceitar la ropa de aguas” esaten zuten, eta Sevilla inguruan “encebar”.

Getariako arrantzale batek bideoan kontatutakoaren arabera, lonazko arropei “manipetua” ematen zitzaien euririk ez sartzeko.  Blog honetan kontatu zutenez, Ondarroan ere linazi-olioa jartzen  zieten arropei, eta Lekeition itsasorako “entzerauak” egiteko “manipaturia” ematen omen zitzaion pintzel batekin. “Manufaktura” izena ote zuen produktuak edo egiteko moduak?