Zumaiako hitz bereziak: Zozo-belar

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2019ko abe. 13a, 08:06
Argazkia: Txikipedia

Gabonak badatoz, eta batzuk hasiak izango dira opariak erosi eta jaiotzak prestatzen. Xabinek bidalitako hitza ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egin nahi badizkiguzue, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Lur, harri edo enborren gainean hazten den landare berdeari deitzen diogu ‘zozo-belarra’ Zumaian, hau da, goroldioari. Ez du sustrairik eta leku hezeetan hazten da, basoetan bereziki. Gabon garaian asko erabiltzen da etxeetako jaiotzak egiteko.

Ez dugu inon antzeko izenik topatu, badirudi gure herrian bakarrik erabiltzen dela. Bitxia da nola zumaiarrok itsasertzeko haitzen gaineko belarrari deitzeko ‘o(r)oldi’ erabiltzen dugun eta lehorrekoarentzat beste izen bat daukagun.

Hemen 2015ko ekaineko Baleike aldizkarian Xabier Azkuek jarritako bertso bat (doinua: Joana Bixenta Olabe edo Nagusi jauna hauxe da lana):

     Iturritxoan tuntuxa bete

     antuxuna ere izan daiteke

     uretik hurre zozo-belarra

     zuhatzaren puntan patxizarra

     Ahotik tira

     eramanez gero belarrira

     hitz hauek denak biziko dira