Zumaiako hitz bereziak: Txoarkil

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2019ko aza. 29a, 08:29
Argazkia: Jon Urbieta, Baleike.eus-en

Eurien eta ur handien ondoren, Arritokietak esandako hitz berezi bat iritsi da hondartzara aste honetan. Hitzak proposatu edo oharrak egin nahi badizkiguzue, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Errioak edo itsasoak ekarritako egurrak dira ‘txoarkillak’ Zumaian. R.M. Azkueren hiztegian ere agertzen da TXORASKILO hitza, gurean jasoa, eta horrela definitzen du: “restos que acarrean las aguas de los arroyos, de los rios ó del mar”. Garai batean, negu gogorrari aurre egiteko sua elikatu beharra zegoenean, aurrez hondartzetako egurrak biltzen aritzen ziren zumaiar asko.

Arritokieta Manterolak kontatua da Santiago aldera joaten zirela beraiek “txoarkilleta”, hau da, itsasoak ekarritako egurrak biltzera. Manterolatarrek batelarekin ekartzen zituzten egurrak Mari kaleko etxera, eta haien ama pozik. Platikueneko Euxebi Gorostolak Itzurungoak biltzen omen zituen, eta han ibiltzen ziren Euxebio eta Joxeba Aldalur anaiak ere, egurrak karreatzen. Frantziska Gomez Pakita Porrajak kontatzen zuenez, egurren batek gainean harri bat baldin bazeukan, jabea bazuela adierazten zuen horrek, ez zuten hartzen.

Aurten argitaratutako Jesusa Gipuzkoakoa liburuan ere agertzen da hondartzetako hondakin edo arrastoak biltzeko ohitura hori. Begira X. ataleko pasarte hau:

...itsasoak ekarritakoarekin berotzen dugu etxea. Probidentziaren oparia da. Bilbo eta Hondarribia artean uretara erortzen den guztia zulo honetara iristen da beti. (...) Eta egur gazitu hori, lehortutakoan, Bilboko harrikatza baino hobeto pizten da.

 Plastikoaren kontzientzia hartzen ari garen honetan, hara hor bestelako hondakin batzuei etekina zuzenean ateratzeko bide bat, lehengo ohiturei eutsita.