Zumaiako hitz bereziak: Alberga

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2019ko urr. 18a, 08:11

Emakume batzuk goiko albergan, udaletxe inguruan, Intxaurtxoetako eskaileren ondoan (Zumaiako Fototeka)

Ur kontuei helduko diegu berriz ere aste honetan. Hitzak proposatu edo oharrak egin nahi badizkiguzue, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Batez ere arropa garbitzeko garai batean zeuden gune bereziei esaten zaie Zumaian ‘alberga’; emakumeen topaleku eta harremanetarako toki garrantzitsuak izan ziren. Arabieratik datorren hitza da, eta ur biltegi edo putzu berezi batzuei deitu izan zaie gaztelaniaz ere ‘alberca’. Inguruko beste herri batzuetan ere erabiltzen da (Getarian, Zarautzen, Azkoitian…), eta Goierrin eta Debagoieneko herri askotan ere bai: Beasainen, Ordizian, Antzuolan, Soraluzen, Elgoibarren, Aretxabaletan, Bergaran… Hasieran harri losekin egiten zituzten, eta gerora zementuarekin.

Zoritxarrez, gaur egun ez dago Zumaian alberga bat bera ere ikusteko moduan; Zestoan, aldiz, ondo zainduta dago Lauiturri izenekoa. Albergei buruzko lan ederra idatzi zuen Imanol Azkuek Orduan bai atalean. Ahotsak.eus gunean ere lekukotza batzuk badauzkagu; esaterako, Arritokieta Manterolaren bideo hau.