Zumaiako hitz bereziak: Tarrata

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2019ko urr. 11a, 08:22
Irudia: BÄ“hance, CC

Oihalekin lotutako hitza ekarri dugu aste honetan. Zuek ere zerbait proposatu edo oharrak egin nahi badituzue, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Arropa edo oihaletan egindako urradura edo zuloa da zumaiarrontzat ‘tarrata’. Onomatopeiaz sortutako hitza da; hain zuzen ere, oihala urratzean egindako soinuari esaten zaio ‘tarrat’, eta urratuarentzat ‘tarratada’ erabiltzen dute beste herri batzuetan.

Inguruko herrietan ere erabiltzen da hitz hori; esaterako, Azkoitiko definizioa eta adibidea hemen: Tarrata, tarrataie. Arropa puskatzerakoan egiten den irekidura. "Maratillikin trabau ta tarrataie eiñ nun alkondan". Hauek, berriz, Zestoakoak: Tarrat. Zerbait, bereziki oihala, urratzeak sortzen duen hotsa; oihaleko urratua. “Soiñekuai tarrata indiyo”.

Zuloa ere adierazten du nolabait, eta begira Baleike.eus-en nola erabili zuten pilota partida bati buruzko kronikan: “Gerriko urdindun bikoteak hasierako joku maila onari eusteko gai izan zen bezela, zulo edo tarrata bat nabaritu zitzaion bikote gorriarenari atze koadroetan”.