Zumaiako hitz bereziak: Suesta

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2019ko ira. 13a, 08:06
Bixente Tximo, Julio Beobidek egindako irudia; brontzezkoa Zarautzen dago.

Udalak erakusketa bat antolatu berri du, Julio Beobide hil zela 50 urte bete direlako. Hantxe ikasi dugu aste honetako hitza. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Arrantzaleek erabiltzen zuten txapel edo txano berezi bat zen ‘suesta’, eta Zumaian ‘txuesta’ edo ‘suasta’ ere esan izan zaio. Euritarako erabiltzen zen batez ere, ziraren osagarri, eta luzea zen, lepoaldea ere estali eta urak behera egin zezan. Linazi olioz edo alkaternaz igurzten zen, urik ez iragazteko. Batzuetan soka batekin lotzen zituzten hegalak, ez galtzeko. Gaztelaniaz ‘sueste’ esaten zaio.

Ahotsak.eus gunean ikusi dugunez, Donostiako arrantzaleek erabiltzen zuten eta Bermeokoek  ere bai. Hondarribian, berriz, ‘surbesta’ esan izan dute. Hara Gabonetako abesti hau nola hasten den: Arraunak bizkarrian, surbesta eskutan, / Hasi gaiten guztiok, iñalez kantetan.

Esaera zaharren bilduma batetik hartutakoa da beste adibide hau: Ur gezako mariñelak, suestan ordez txapela.