Zumaiako hitz bereziak: Xixangre

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2019ko eka. 28a, 08:39
Argazkia: Roberto Pillon, Wikipedia

Errioan gora ibilizalea den bizilagun bat ekarri dugu aste honetan, udako oporrak hartu aurretik. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Abixoi izeneko arrain txikiari deitzen diogu Zumaian ‘xixangrea’; antxoaren antzekoa da. R. M. Azkuek hiztegirako ‘kabixoi’ izena jaso zuen Zumaian, eta antzekoak esaten dira beste herri batzuetan: abixui (Ondarroan), abux edo abuxe (Bermeon), etab. Ur gazikara eta ur gezako arrain da abixoia (Atherina); bi bizkar hegal ditu, eta albotara zilar koloreko zerrenda zabala. Sarda handitan ibiltzen da itsas ertzetan eta ibai bokaletan. Handiari ‘pejerrey’ esaten diote gaztelaniaz eta txikiari ‘abichón’; Santander inguruan, berriz, ‘xula’ deitzen omen diote.

Arrain horren bereizgarria da odolik ez izatea, eta horregatik deitzen diote Ondarroan ere ‘sisangri’. Ondarru berbetan gunean azalpen politak daude, horien artean adore gutxiko pertsonari esaten zaiola, gauzak egiteko nerbioa falta zaionari: Sisangre aluoi! Agarraizu eta ten eitzaxun goor sokiai (Heldu eta tira iezaiozu sokari gogor, ausardiarik gabeko pertsona alu horrek). Inguru honetan ere erabiltzen da ‘xixangre’ adiera horrekin.

Hara Jexux Gorostola eta Akelino Osaren bideo bat, xixangreak noiz eta nola hartzen zituzten azaltzen duena. Uztailean eta abuztuan etorri ohi dira, korrontearen kontra.