Zumaiako hitz bereziak: Molitu

Erabiltzailearen aurpegia

(Irudia: Ander Hormazuri)

Aurreko asteko ‘trongoilo’ hitzak bezalaxe, kolpeekin zerikusia du oraingo honek ere. Zuek ere hitzak proposatu edo oharrak egin nahi badituzue, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Kolpe baten ondorioz azalean sortzen den ubeldurari deitzen zaio ‘molitu’ edo ‘molito’ Zumaian. Badirudi kolore morearen zerikusia duela eta ‘moretu’ hitzaren aldaera moduko bat izango dela. Larramendiren Hiztegi Hirukoitzean (1745ean) jada agertzen da ‘moretu’ hori, gaztelaniazko ‘acardenalado’ hitzaren pareko.

 

Eskualdeko beste herri batzuetan ere erabiltzen dira antzeko hitzak. Zestoan, esate baterako ‘molittu’ esaten dute; hara Zestoarren erretolika liburuko azalpena: Ubeldua. Larruazalean kolpe baten, hotz handiaren, eta abarren ondorioz sortzen den kolore iluneko gunea. Molittu earra daka besuan. Azkoitian, berriz, ‘moritto’ erabiltzen dute; begira Azkoitiko euskerie liburukoa: Ubeldura. Gure onek berna ezurrek beti morittoz beteta dauzke.