Zumaiako hitz bereziak: Katxapero

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2019ko api. 26a, 09:03
Irudia: Ander Hormazuri

Santelmoen atarian gaudenez, jai giroko proposamena ekarri dugu aste honetan. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Jaietan eta ospakizunetan botatzen den suziria da ‘katxaperoa’ Zumaian. Beste herri batzuetan ere erabiltzen dira antzekoak (altxafuego, etxafuego), eta ematen du horietako baten aldaera dela gurean erabiltzen duguna, hau da, sua botatzearekin edo igotzearekin duela zerikusia.

Hara 2005ean egindako elkarrizketan zer kontatu zion Jose Manuel Manterolak Abelin Linazisorori: “Batzokixa zeon garaixan, Aberri Egunean mendi danetan sua piztu behar huan eta gu ostiral santu egunian Indamendira jun gitxuan belarra preparatzera. Egunian bertan, goizian goizo, laster ikusi ginien Indamendi gainetik Bizkaixan sua. Sua hamen, sua han...Katxaperuak ere bai...”.

Badira beste sinonimo batzuk ere: bolandera, zirta, zotz-hegalari, zipunpa… Eibarko Xabierrek kontatu digunez, beraiek ‘txapligua’ esaten zuten, eta hitz hori masaileko edo belarrondokoari esateko ere erabiltzen zuten tarteka, batez ere gurasoek!

Zumaian ‘Katxapero’ izena hartu zuen  gazte konpartsa batek, eta San Jose kaleko etxe bati ere deitzen diote ‘Katxaperokoa’.