Zumaiako hitz bereziak: Pildumen

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2019ko ots. 8a, 09:59

Irudia: donezar.com

Hara beste herritar batek bidali digun hitz bitxia. Zuek ere hitzak proposatu edo oharrak egin nahi badituzue, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Kandela mehe moduko bat da ‘pildumena’, argizaria bueltan-bueltan bildua duena. Hiztegietan ‘bildumen’ agertzen da eta argizaria biltzeko oholari (argizaiolari) ere hala deitzen diote batzuek. Orotariko Euskal Hiztegian horrela ere jasota dago: billumen, pillumen, pildamen, pilimen eta pillimun.

Elizan jarri ohi zen, arimen egunean, edo norbait hiltzen zenean. Etxeetan ere egoten zen, eta argia joaten zenerako ere balio izaten zuen. Garai batean gorpuak elizan hilobiratzen ziren, eta familia bakoitzak bere txokoa edukitzen zuen. Zumaian trapu beltz batean gainean jarri ohi zen pildumena.

Hemen Ana Mari Etxabe eta Ramon Zubiaren bideoa, pildumenei buruzkoa.

Garai batean konfiteroek egiten zituzten, kandelak bezalaxe; Zumaian ibarratarrek Alberdi pastelerian egiten zituzten. Dendetan ere saltzen zituzten gero, esate baterako Alpargateroenean (Sorazunean) eta Bonifazioenean.