Ulergaitza da EAJk alokairu laguntzak zabaltzearen eta Emakumeon* Etxea egiten hastearen aurka bozkatzea

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2020ko ira. 24a, 12:45

Zaila da ulertzea nola bozkatu daitekeen behingoz Emakumeon* Etxea egiten hastearen eta alokairurako laguntzak gehiago zabaltzearen aurka. Horretarako aitzakia bila ari da EAJ. Kaleratu duten idatziaren aurrean, gure erantzuna:

Zaila da ulertzea nola bozkatu daitekeen behingoz Emakumeon* Etxea egiten hastearen eta alokairurako laguntzak gehiago zabaltzearen aurka. Horretarako aitzakia bila ari da EAJ. Kaleratu duten idatziaren aurrean, gure erantzuna:

1) Alokairu bekarekin lotuta, EAJ kezkatuta dago laguntzak jasotzeko baldintza gisa alokairuaren gehienezko prezioa kendu delako. Horrek Zumaian alokairuaren prezioa igotzea eragingo omen du. Errealitatea da beka hori martxan dagoenetik herrian etengabe igo dela alokairuaren prezioa, eta jarritako topeak ez duela horretan eragin zipitzik izan, hainbat eskatzaile laguntzetatik kanpo uzteaz aparte. Gainera, EAJri gogoratu nahi diogu azken urteotan EH Bildu eta Ahal Duguren ekimenez bai Eusko Jaurlaritzan bai Gipuzkoako Batzar Nagusietan alokairuaren gehienezko prezioa legez mugatzeko proposamenak bozkatu direla. Bietan EAJk aurka bozkatu du eta ez da aurrera atera. Beraz, EAJk aukera izan duenean alokairuaren prezioari muga jartzearen aurka bozkatu du, eta gainera Zumaian herritarrei ematen zaizkien laguntzetan traba eta baldintza gehiago jarri nahi ditu.

2) Denborak esango du zenbat zumaiarrek jasotzen zuten alokairurako laguntza EAJk jarritako baldintzekin, eta zenbatek jasoko duten orain egin diren aldaketa hauen ondoren. Ea orduan EAJren gaur egungo teoria (zumaiarrei emantzipazioa zailduko diela aldaketa honek) zertan gelditzen den.

3) Zumaian bizi den oro da zumaiarra eta laguntzak zumaiar guztiei zuzenduta daude. Denbora gehiago erroldatuta egoteak ez digu zumaiar pedigria ematen, eta ikuskera horiek arriskutsuak direla uste dugu.
Baina gainera, Zumaiak inguruko herrietako alokairu garestienak dituela jakinekoa da. Hala ere EAJk saldu nahi digu gutxieneko erroldatze epea jaitsita jendea inguruko herrietatik etorriko dela gehienez 150 euroko laguntza batengatik Zumaian dauden alokairu prezioak ordaintzera? Ez du ez hanka ez buru.

4) Irakurketa hau plazaratu aurretik galdetu al die EAJk Emakumeon* Etxekoei ea "Gaztetxolako lokala egokiagoa den beraientzat Ardantzabidekoa baino"? Iritziak iritzi, Emakumeon* Etxearentzat zein lokal den egokiena ez du EAJ edo EH Bilduk erabakitzen. Emakumeon* Etxekoek beraiek dakite hori, eta Udal Gobernuak beraiei entzun eta horren araberako erabakiak hartu ditu, urte luzetako egoera desblokeatuz. Gaztetxolarekin ere horretan gabiltza: besteak beste horregatik atera dira legealdi honetan plegu berriak, igandero zabaldu ahal izateko. Aurreko legealdian entzun ez zitzaien eskaera horri ere erantzuna eman zaio. Hori da gure eredua, ez guk besteei esatea zer den beraientzat egokiena. Gero eta argiago dago Udalean gobernatzeak zer esan nahi duen ulertzeko modu ezberdinak ditugula.