Inakzioa

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2018ko aza. 17a, 09:01

Udal gobernuak 16.000 euro xahutu ditu Erkibe eraikinaren interes tasetan, sententzia atera zenetik zortzi hilabetean eduki duelako gaia gordeta.

Iritzi guztiak eztabaidagarriak dira, batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago.

Udal gobernu talde honek BI URTE luze eman ditu aurreko gobernuari etengabe INAKZIOA leporatzen kontu-hartzaileak aldian behin aurkeztutako erreparo orriei alkate dekretuz erantzuteko orduan.

(Erreparo orri horiek indarrean ez dauden kontratuak aipatzen dituzte (edo zituzten), eta zerbitzuek indarrean jarraitzen dutenez hortik eratorritako fakturen ordainketa eteten da alkateak dekretuz kontrakoa erabaki arte.)

Iritzi bat da, eta oso eztabaidagarria, are gehiago kontuan hartzen badugu ondorengo hau: urtebete baino gehiago da erreparo orrietan eta erantzuneko alkate dekretuetan epez kanpo dauden kontratu horiek zerrendatzeari utzi ziotela, eta ondorioz ez dago zuzenean jakiterik zenbat kontratu diren egoera irregularrean daudenak (aurreko legealdi bukaeran 15 kontratu ziren epez kanpokoak, 11 enpresei zegozkienak, eta kontsulta eginda jakin dugu momentu honetan 17 kontratu direla epez kanpo daudenak, 16 enpresei dagozkienak).

Eztabaidaezina dena ondorengo gertakari katea da, ERKIBE eraikina Udalaren jabegotzara pasatzearen prozesuari dagokiona:

  • Istorio luzea da, baina laburbilduz, aspalditik espropiazio espediente bat dago epaitegiek zer erabaki zain.

  • 2014ean, uztailean, sententzia bat jasotzen du Udalak, non etxeari eta lurzoruari justiprezio bat ipintzen zaion.

  • 2014ko uztailean bertan, 3 ASTE GEROAGO, aurreko Udal gobernuak, Hirigintza batzordean, gaia azaltzen du, talde poitiko guztiei dokumentazio osoa zabalduz.

  • Jabeak eta Udalak, bakoitzak bere aldetik, helegiteak aurkezten dituzte erabakiaren kontra.

  • 2018ko martxoan, epaitegiek argitara ematen dute ebazpena, gerora definitiboa izango dena, inork ez duelako helegiterik aurkeztu.

  • Sententzi horretan justiprezioa berresten da, eta 2014tik aurrerako interesak ere ordaindu beharra ebazten da: hasieran, urteroko interes legalak, eta 2018ko martxotik aurrera, interes legalak + 2 puntu.

  • Azaroaren 7an, IA 8 HILABETE BERANDUAGO, udal gobernu honek, Ogasun batzordean, gaiari buruzko azalpenak ematen ditu. Bitartean, interesen zama handituz joan da, 2000 €-tik gora hilabetero; guztira, 16.000 €-tik gora.

  • BAKOITZAK ATERA DITZALA BERE ONDORIOAK, inakzioari buruz.  

Azken plenoan, zenbait zinegotzik bertaratzerik izan ez zutelako, EH BILDUk gehiengo osoa zeukan, eta erabakia bere esku gelditu zen (ez dirudi oso zuhurra Udal gobernuaren aldetik hain erabaki garrantzitsua oposizioaren esku uztea), eta odolustutze finantziero honi amaiera ematea erabaki genuen, epaitegietan diru kopuru bat konsignatzeko kontu-hartzaileak proposatutako kreditu aldaketari bidea emanez, interesen pilaketarekin bukatzeko.

Agerian gelditu da EH BILDUren konpromisoa Herriaren interesak defendatzerako orduan.

Hori ere iritzi bat da, baina ez hain eztabaidagarria. 

Zumaian, 2018ko azaroaren 16an.

EH BILDU udal taldea