Alokairurako laguntzak hobetzea lortu dugu

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2018ko ira. 28a, 10:00

Iaz herritarrei alokairurako laguntzak jartzeko gure proposamena aurkeztu genien, eta neurri batean horri esker, EAJk ere alokairua laguntzeko bere proposamena mahai gainera atera eta martxan jarri zuen. Jakina da EAJk martxan jarri zuen eredua EH Bildutik proposatzen genuenaren aldean murritzagoa dela: soilik adin tarte bati, gazteei, ematen zaie eta ematen diren laguntzak guk proposatutakoen aldean txikiagoak dira.

Iaz EAJren eredua martxan jarri zen eta denborak erakutsi du guk genion bezala eredu hori murritzegia dela: baldintzen ondorioz eskatzaile gehienak laguntzetatik kanpo gelditu ziren, eta bideratutako diru partida osorik ematera ere ez den iritsi. Horiek horrela, atzoko plenoan EH Bilduk aurkeztutako proposamena onartuta, laguntza horiek hobetzea lortu dugu. Alokairuaren gehienezko muga 600 eurotik 700era altxatzea lortu dugu, Zumaiako errealitatera gehiago hurbilduz. Horrez gain, laguntzak jasotzeko herrian erroldatuta egon beharreko urte kopurua hamarretik bira jaistea lortu dugu. Badakigu gauza gehiago aldatu nahiko genituzkeela, baina pragmatismo ariketa bat egin eta herritarrentzako hobekuntza-pixkanaka badira ere-alderdi moduan defendatzen dugun ereduaren aurretik jarri ditugu. Oraindik badago zer hobetu, eta horretan lanean jarraituko dugu, gure eredura hurbiltzen. Baina lan, elkarrizketa eta adostasunei esker, Zumaiarrek gaur atzo baino aukera gehiago dute alokairurako laguntzak jasotzeko.