EH Bilduk emandako erantzuna EAJ-PNVren udal gobernuak herrian egindako pintaketen inguruan aurkeztutako mozioari

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2017ko mai. 26a, 15:52

Ez dugu mozio hau babestuko, gure ustez gauzak nahita nahasten dituelako, titularra lortu eta udalaren beste gabezia edo arazo batzuk estaltzeko.

Hasteko, pintada jakin batzuren argazkiak atxikitzen dituzue, eta beste askorenak ez (erribera kaletik pasatzea besterik ez dago bestelako edukia duten pintada ezberdinak daudela ikusteko).

Hori horrela, pintada denak zaku berean sartzen dituzue, bai giza eskubideen urraketak salatzen dituztenak zein irain pertsonalak dituztenak. 

Gu beti egongo gara, eta horretan ados gaude mozioarekin, irain eta eraso pertsonal zein kolektiboen aurka. Guk geuk horrelakoak jasan ditugu, hauteskunde kanpainatik bertatik hasita, baina ez dugu horrelako arrabotsik atera.

Gure ustez irainak, pintadak, garai berriak...dena nahita nahastu nahi duzue, atzetik konpondu ezinean zaudeten arazo bat estaltzeko: udal hau Euskal Herrian famatu egiten ari da, dagoeneko 14 hilabetez oraindik aurkeztu ere egin ez den ordenantza bat aplikatzen, eta neurri hori alde guztien arteko parte hartze eta elkarrizketarekin jorratu beharrean, herrian polemika pizten.

Beraz, gure bozka EZEZKOA izango da.