EH Bildu: "Guraso batzuen beharrei bizkarra eman die Udal Gobernuak bi urteko haurren udaleku irekietan"

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2016ko eka. 2a, 10:23

Zumaiako Udalean agintean den EAJk aurten, uztaileko udaleku irekietan, bi urteko zaintza zerbitzurik ez antolatzea erabaki duenez, Zumaiako Herri Eskolako guraso elkarteak bere gain hartu behar izan du zerbitzu horren antolaketa.

Arrazoi pedagojikoak argudiatu ditu Kristina Vicente EAJko zinegotziak, baina herritarrek jakin behar dute zerbitzu hori Maria eta Jose ikastetxeari emateko prest zegoela Zumaiako Udal Gobernua. Udala osatzen dugun beste alderdiokin inolako konsultarik egin gabe hartutako erabakia izan zen eta Herri Eskolak eta bertako Guraso Elkarteak erabakiaren aurkako jarrera azaldu ondoren eta EHBildu eta Euskal Sozialisten aurkako erantzunaren ondoren, Hezkuntza zinegotziaren erabakia izan zen: Maria eta Josen edo ezer ez.

Azkenean, Maria eta Jose ikastetxeak berak erabaki zuen ez zuela zerbitzua eman nahi, gaia aurrez Udalean adostua zegoela uste zutela, eta horrela ez zela konturatu zirela adieraziz. Beraz, azkenerako, hasieran zuen asmoarekin bakar-bakarrik gelditu zen zinegotzia. Eta hala ere, jarrerari eutsi dio. 

Kontziliazio politikak ahaztu eta herritar talde baten beharrei bizkarra eman dio Udal Gobernuak arrazoi pedagogikoetan mozorrotuz euren erabakia, eta horren ondorioz Lubaki guraso elkartea behartuta sentitu da ardura beregain hartu eta zerbitzua ematera. Aurreko agintaldian EHBilduren gobernuak zerbitzu hau eskaini zuen eta balorazioa ona izan zen.

Baina kontrako erabakia gutxi ez eta diru laguntza eskatu zaionean Udalari (aurrekontuan jasota zegoen bi urteko zaintza zerbitzua) laguntza hori ukatu egin da. Beraz Maria eta Josek zerbitzua eman ahal izateko dirua bazegoen, Zumaiako Herri Eskolako guraso elkarteari emateko ez dago. Bi urteko zaintza zerbitzua behar den bezala bermatzeko izena emandako ume bakoitzak (21 guztira, iaz baino hiru gehiago) 140 euro ordaindu beharko du.

EHBilduk herritar ororen interesak defendatzen segiko du, eta herritarren beharrei erantzuten ere bai.