Erabakita gelditu dira 50. Dinastia Etxabeko finalistak

Erabiltzailearen aurpegia
Jubenil-gaztetxoen atzoko partidako une bat. (Arnaitz Rubio Aprea)

Iriondo-Mantzisidor zesta-puntan, eta Aranberri-Bernaola eta Mata-Ibarloza eskuz jubenil nahiz 23 urtez azpikoen mailan dira finaletako kartela osatuko duten beste 6 pilotariak. Jexux Iribarrek honako kronika egin du atzo gaueko partidez.

Atzo, astelehena, jokatu ziren Aitzurin 21:00etan hasita 50. Dinastia Etxabe pilota txapelketako finalaurrekoetako bigarren jardunaldiko hiru partidak. Hala, erabakita gelritu dira ostegun honetan jokatuko diren finaletako karteleko pilotari guztiak.

Hauexek dira atzoko emaitzak:


Zesta puntaz: Iriondo-Mantzisidor 2  Eduardo Agirre-Ibarluzea 1

Lehenengo kintzean,  7 eta 12 Agirre eta Ibarluzearen alde.
Bigarrengoan, 12 eta 6 Iriondo eta Mantzisidorren alde.
Hirugarrenean, 5 eta 1 gerriko gorridunen alde berriz ere.

Eskuz jubenil mailan: Aranbarri-Bernaola 22  Sasiain-Gabirondo 11

Eskuz 23 urtez azpikoan: Mata-Ibarloza 22  Irribarria-Odriozola 16 

Zesta-puntazko partiduaren markagailu ibilbidea:

Kintzean:  0-2, 1-2, 1-3, 2-3, 2-6, 3-6, 3-9, 5-9, 5-10, 6-10, 6-11, 7-11 eta 7-12 Agirre eta Ibarluzearen alde.
Kintzean: 3-0, 3-1, 4-1, 4-3, 6-3, 8-6 eta 12-6 Iriondo eta Mantzisidorren alde. 
Kintzean: 1-0, 1-1 eta 5-1 gerriko gorridunen alde baita ere.

Tantoen banaketa 3 kintzeak batuta:

    • Iriondo: egindakoak 9 eta galdutakoak beste 9.

    • Mantzisidor: egindakoa 1 eta galdutakoak 4.

    • Eduardo Agirre: egindakoak 5 eta galdutakoak 10.

    • Ibarluzea: egindakoa 1 eta galdutakoak 4.

Pilotarien jokoari buruz:

Julen Iriondo, (Retolaza). Pilotari indartsua berriatuatarra, partida aurrera joan hala gero eta erosoago sentitu zena kantxan, eta horrela diote bere zenbakiek: lehenengo kintzean 3 tanto egin eta 6 galdu, bigarrenean 3 egin eta 3 galdu, eta hirugarrenean beste hiru egin eta galdutakorik ez. Bere pilota zartatekoek min eman zuten, eraman ezinak suertatu ziren txaparen gainean jotako haiek batik bat.

Mikel Mantzisidor. Oso ondo atzelari mutrikuarra. Bere lekuan kokatuta beti, pilota norabide onean bidaliz, eta gutxi galduz. Garantiazko bikote laguna edozein aurrelarirentzat.

Eduardo Agirre. Oso  hasiera polita eman zion partidari, lehenengo kintzeko protagonista nagusia bihurtzeraino, frontisaren kontra pilota geldi-geldi utzi eta tanto ederrak eginaz tarteka. Bigarren kintzetik aurrera ez zuen hainbat asmatu tantoak egiterako orduan zumaiarrak, eta norgehiagoka irabazteko pilota gehiegi galdu zuen.

Jon Ibarluzea. Aurkari atzelari mutrikuarra bezala, oso ondo markinarra ere. Serio jokatuz pilotan eta zer egin behar zuen jakinda uneoro. Jokatzeko zegoen, eta bere lanak ondo eginda joan zen etxera, finalerako txartela lortu gabe baina; pena bat. 
 

Eskuzko jubenil mailako partidaren markagailu ibilbidea: 4-0, 4-1, 5-1, 5-4, 7-4, 7-6, 13-6, 13-7, 18-7, 18-9, 19-9, 19-11 eta 22 eta 11 Aranberri eta Bernaolaren alde.

Tantoen banaketa:

    • Aranbarri: egindakoak 5 eta galdutakoak 4.

    • Bernaola: egindakoak 2 eta galdutakoak 4.

    • Sasiain: egindako bat eta galdutakoak 7.

    • Gabirondo: egindakoak 2 eta galdutakoak 8.

Pilotarien jokoari buruz:

Mikel Aranbarri. Ondo jokatu zuen azkoitiarrak, partidaren amaiera aldera pare bat tanto galdu bazituen ere gehiegi zeharkatu eta kontrakantxara bidaliaz pilota. Pilotaria da, eta badaki nola jokatu, defentsa lanetan bezala erasoan, horretarako bere armarik onena den ezker gantxoa gutxi erabili bazuen ere atzo. Bera izan zen laukoteko onena.   

Aingeru Bernaola. Ez zen aurrekoan bezain ondo aritu atzo pilotari bizkaitarra. Buena asko egin zuen, baina min askorik eman gabe. Batez ere bere esku on eskuinarekin, gozatu ezinda askotan, eta beste pare bat kasutan aurreko koadroetan tantoa egin nahian atzera jota hori egiteko askoz aukera gehiago zuen garaian. Ez zen gustura gelditu egindako partidarekin, eta pentsakor datorren osteguneko konpromiso handiari begira.

Xabat Sasiain. Gogotsu eta dinamika handiz hasi zen jokatzen lehenengo tantotik, erakutsi nahian behar bada, atzo zortzi jokatu zuen partida polita ez zela kasualitatez ateratakoa izan. Ofiziozko pilotari on bati egin behar zion aurre ordea atzo, eta ez zuen lortu bere helburua. Asko saiatu zen, baina tantoa egiteko garaian bere pilotakadak ez zuen minik ematen, eta azkenerako gehiegi galdu zuen.

Arkaitz Gabirondo. Ez zuen gaizki jokatu, baina berak nahi bezain ondo ere ez. Lan asko egin behar izan zuen eta, ezkerrez ere bai, baina eskuinez pilotakada ederrik jo zuen norgehiagokan zehar. Eta badu gaztelutarrak aparteko dohain bat bere eskuin horretan, kolpea tiratzerakoan pilotari, azken orduan abiadura berezi batean jartzeko gai baita, bere kasa kanbioa martxa azkarrago batera pasako balu bezala, eta nabaritu egiten da pilotaren frontiseko irteeran. Galdu egin zuen pilota gehitxo, batzuetan eman beharraren beharrez ere bai horretarako hain pilota onak ez zirenean, eta horrelakoxe detailetxo batzuk zuzendu beharrekoak aurrera begira.

Eskuzko 23 urtez azpiko partidaren markagailu ibilbidea: 1-0, 1-1, 7-1, 7-4, 10-5, 12-5, 12-15, 19-15, 19-16 eta 22 eta 16 Mata eta Ibarlozaren alde.

Tantoen banaketa:

    • Mata: egindakoak 14 eta galdutakoa bakarra.

    • Ibarloza: egindakorik ez eta galdutakoak 6.

    • Irribarria: egindakoak 9 eta galdutakoak 5

    • Odriozola: egindako bat eta galdutakoak 2.

Pilotarien jokoari buruz:

Unai Mata. Bikain benetan iruindarra. Oso partida ona jokatu zuen, eta bere zenbakiei begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko. Berak eginiko jokoa eraginkorra bezain erabakigarria izan zen, defentsa lanetan sendo eta erasoan hobeto ezin, aukera zuen bakoitzean sartzen zelarik errematatzera, eta horretarako aurrez atzelari aurkaria urrundu ere bai lehenbizi batzuetan, atzera bidaliaz pilota zuloak irekiaz kantxan. Pilota ezker hormaren kontra zital utzi eta tanto ederrik egin zuen, botera bezala airez, eta zabalean ere tanto mordoa, ezker gantxoz bezala botera primeran moztuta pilota, txaparen gainean joarazi ondoren. Ez da kasualitatez heldu finalera, ez horixe, bere lanak oso ondo eginda baizik, eta berriz ere egiteko gai dela begi bistako gauza.   

Aimar Ibarloza. Ondo ari zen jokatzen pilotari bizkaitarra, gerriko urdindunek euren bosgarren tantoa egin eta pilota bigarren aldiz aldatu zuten arte. Eta orduantxe komeriak atzelari markinarrarentzat, lau pilota galdu baitzituen ia jarraian, Irribarriaren merituz ekarri gabe utzitako beste hiru sakez gainera. Eta horrela, 12 eta 5 irabazten joatetik 15 eta 12 galtzen jartzeraino. Tantoa berreskuratu bezain azkar, berriz ere Matak eta biek hasierako pilota jokoan jarri zuten baina, eta txukun aritu zen norgehiagoka irabazi bitartean.
   
Ekhi Irribarria. Zenbaki onak bereak, 9 tanto egin eta 5 galdu, baina gehiago egin zezakeenaren ustetan geratu ginen. Defentsa lanetan nahiko ondo moldatu zen, eta erremate zailak ere egin zituen, batzuetan tantoak eginez eta beste batzuetan pilotak galduz ere bai. Kontua, ez zela eroso sentitu kantxan, eta bere eskuinarekin ez zuela behar hainbesteko minik egin, baina bere errendimendu ez hain on horretan, Matak egindako joko onak ere izan zuen zerikusia noski, kontuan hartu behar delarik plaza on eta askotan toreatutako pilotari ezaguna dela iruindarra, eta oraindik zeregin hauetan hasiberria aramatarra. Kantxan tentsio handia zegoela nabari zen, eta nekatuta amaitu zuen partida Irribarriatar gazteenak, beste lau pilotariek bezala. Txapelketa ona jokatu du, nolanahi ere.   

Imanol Odriozola. Partida serioa eta ona jokatu zuen urnietarrak, bere jokoak gorakada nabaria egin duelarik azken zortzirenetako lehen partida jokatu zuenetik. Pilota eskuinarekin ondo gozatzeaz gain oso gutxi galdu zuen atzo, bi bakarrik, hori bai, 19 eta 16 galtzen zihoan garaian, aurreko koadroetan gaizki jo eta kontrakantxara bidali zuen pilota hark tanto bakarren balioa baino gehiago izan zezakeen horietakoa zela esan behar, atzera luzatu eta tantoa eginez, berriro sakea hartu eta beste estualdi bat emateko aukera bazutelarik gerriko gorridunei.    

Ostegun honetan, abuztuaren 25ean, jokatuko dira fainalak. Hauxe egitaraua:

Zesta puntaz:  IRIONDO-MANTZISIDOR / BASTERRA-URANGA

Eskuz gazte-jubenilak:   ARANBERRI-BERNAOLA /  APEZETXEA-PEÑALVER

Eskuz 23 urtez azpikoak: MATA-IBARLOZA / IGOA-ERLE