Sasiain-Gabirondo eta Irribarria-Odriozola, Dinastia Etxabeko finalerdietara sailkatutako azken bikoteak

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2022ko abu. 16a, 11:38
Argazkia: Javier Carballo

50. Dinastia Etxabe txapelketaren final laurdenetako laugarren eta azken jardunaldia jokatu zen atzo gauean Aitzuri frontoian. Hala, erabakita geratu da zer zortzi bikotek jokatuko dituzten finalerdiak. Jexux Iribarrek egin du kronika.

Hauexek emaitzak:

  • 1. SASIAIN-GABIRONDO, 22 / BEITIA-BELOKI, 19
  • 2. Iker EGIGUREN-IZTUETA, 15 / IRRIBARRIA-ODRIOZOLA, 22

Lehenego partiduko markagailuaren ibilbidea:

2-0, 2-1, 6-1, 6-5, 8-5, 8-7, 9-7, 9-9, 10-9, 10-12, 15-12, 15-13, 18-13, 18-14, 20-14, 20-15, 21-15, 21-19 eta 22-19 Sasiain eta Gabirondoren alde.

Tantoen banaketa:

  • SASIAIN: egindakoak 4, galdutakoak 2.
  • GABIRONDO: egindakoak 3 eta galdutakoak 4.
  • BEITIA: egindakoak 9, galdutakoak 5.
  • BELOKI: egindakoak 4 eta galdutakoak 10.

Pilotarien jokoari buruz:

Xabat SASIAIN. Ondo. Defentsa lanetan sendo, eta tantoa egiteko garaian bere armarik onena den ezker gantxoarekin asmatuz. Serio eta bere jokoan zentratuta jokatu zuen aurrelari zestoarrak, partidutik atera gabe inoiz, eta jakinda zer egin behar zuen aurrera ateratzeko.  

Arkaitz GABIRONDO. Hasiera hotz samarra eman zion partiduari, pilotara jarri ezinda bezala ere bai, eta kolpea erantsi ezinik. Bere jokoak gora egin zuen nabarmen baina, eta erabakigarria suertatu ere bai norgehiagoka aurrera ateratzeko. Bi esku on ditu eta askorik behartu gabe jotzen du pilota atzelari gaztelutarrak.  

Bingen BEITIA. Partidu ona zeanuritar gaztearena. Bere zenbakiei begiratuta norgehiagoka irabazteko merituak egin zituela esan daiteke, bederatzi tanto egitera iritsi zelarik eta bost galdu, hauetako hiru sakea bueltatzeko airez sartuta horretarako beharrik ez zuenean, beste zenbait pilotetan bezala, bikote lagunarentzat askoz hobeagoak zirenak atzera luze jo eta tantoa bideratzeko. Kadete adineko pilotari izateko gauza on asko erakutsi zituen baina: defentsa ona, pilotari bizi emateko gaitasuna, tantoa egiteko errekurtso ugari, eta horretarako aurrelari bati eskatzen zaion ausardia ere bai. Pena handiz geratu zen garaipenaren atarian, behar hainbat ez zuela jokatu aitortuz ere bai, eta seinale ona da ikasten joateko.

Eneko BELOKI. Pilotarako dituen gaitasun onak agerian geratu ziren atzo. Bi eskurekin erraztasun handiz jotzen du pilota, eta eskuinarekin oso atzera bidali ere bai, hamargarren tantoa egiterakoan bezala, non seigarren koadroan zartakoa eman pilotari eta bederatzigarrenetik saiatu behar izan zuen ekartzen Gabirondok, ezker hormara itsatsi ondoren. Oso azkar mugitzen da kantxan eta pilota jotzeko ondo jarri ere bai, botera bezala airez, eta ez bueltatzeko bakarrik, emanez pilotari. Aurrelari bikote lagun Beitia bezala, norgehiagoka irabazteko gai zela ikusten zen, baina opari gehiegi egin zuen eta ezin finalaurretara pasa.   

Bigarrengo partiduko markagailuaren ibilbidea:

1-0, 1-1, 2-1, 2-3, 3-3, 3-4, 5-4, 5-5, 9-5, 9-7, 10-17. 10-15, 11-15, 11-16, 12-16, 12-17, 15-17 eta 15-22 Egiguren eta Iztueta galtzaile, azken honek bere bi eskuak galdu ondoren, bederatzi eta bost aurretik jarri bezain azkar.

Tantoen banaketa:

  • Iker EGIGUREN: egindakoak 6 eta galdutakoak 5.
  • lZTUETA: egindakorik ez eta galdutakoak 13.
  • IRRIBARRIA: egindakoak 4, eta galdutakoak 6
  • ODRIOZOLA: egindakorik ez eta galdutakoak 3.

Pilotarien jokoari buruz:

Iker EGIGUREN. Serio eta langile azpeitiarra, baita partidua oso maldan gora jarri zitzaionean ere, egoerari aurre egin eta ezkutatu gabe kantxan, ezinezkoa izango bazen ere norgehiagoka aurrera ateratzea bikote lagunaren ezinaz jabetuta. Ezkerra izanik, eskuinarekin ere ondo moldatzen da, baina min ezkerrarekin egiten du, sakea ateratzen ere harrigarrizko gaitasuna erakutsiaz, ezker hormaren ondotik jo pilota eta zuzen atzera bidaltzearekin batera hormari gehiago erantziaz botea egin ondoren. Hiru tanto egin zituen horrela. Airez pilota errematatzen badakien arren, ez du behar hainbat zeharkatzen zabalera pilota ezker-gantxoz  jotzen duenean, hau eginik aukera gehiago izango zuelarik tantoak lortzeko. 

Martxel IZTUETA. Oso ondo ari zen jokatzen, ezkerrez bezala eskuinez dotore emanez pilotari, eta atzeko koadroetan nagusitasuna erakutsiaz. Baina bere jokoak behera egin zuen une batetik bestera, bi eskuak mindu eta pilotari behar bezala emateko gai ez zela ikustean. Gurutze-bide handia pasa behar izan zuena aurkariak hogeita bigarren tantoa lortu zuten arte, pilotan jokatzen jarraituz hori bai, galanki sufritzen zuen keinu adierazgarriak bistan zirela. Pena bat hau gertatu izana, asko eman zezaken norgehiagoka interesgarri bezain esanguratsuaren erdian.    

Ekhi IRRIBARRIA. Konplitu zuela esan behar aramatarrak atzo, tanto politik egin bazuen ere, galdu egin zuen aurrekoan baino errazago. Normala ere bai tentsio pixka bat galdu izana norgehiagoka aurrera ateratzeko gauzak errazago jarri zitzaizkiela jabetzean, eta bere jokoaz ezin ondorio zehatzik atera.  

Imanol ODRIOZOLA. Aurrekoan baino hobetoago urnietarra atzo. Iztuetari aurre egiten jakin zuen eta pilotaka ederrik jo zuen atzeko koadroetara, norgehiagoka erabaki samartuta zeukatela jabetu aurretik ere.      

Datorren  ostegunean, abuztuak 18an, izango da finalaurrekoetako lehenengo jardunaldia, ohiko eskuzko bi partiduren aurretik xistera edo zesta puntaz ere jokatuko delarik hirugarren bat. Hauxe egitaraua:

  • Zesta puntaz: Gonzalo AGIRRE-DEL RIO / BASTERRA-URANGA
  • Eskuz gazte-jubenilak: AMIANO-ARROITA / APEZETXEA-PEÑALVER
  • Eskuz 23 urtez azpikoak: DE LA FUENTE-ESKUZA** / IGOA-ERLE

** Eskuza baja da, orkatila batean min hartua nonbait pasa den larunbateko partidu batean, eta denborarik ez behar bezala osatzeko datorren ostegunerako. Bere ordezkoaren berri jakinaraziko zaizue.