Amiano-Arroita eta De la Fuente-Eskuza, finalerdietara pasatu diren lehen bi bikoteak

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2022ko abu. 5a, 12:00
Argazkia: Javier Carballo

50. Dinastia Etxaberen final laurdenetako lehen jardunaldia jokatu zen atzo Aitzuri frontoian. Hala, dagoeneko bi bikote sailkatu dira txapelketako finalerdietara. Jexux Iribarrek idatzi du kronika.

Amiano-Arroita eta De la Fuente-Eskuza, finalaurretara iritsitako lehen pilotari bikoteak, atzo Aitzurin jokatutako partidu hotz samarretan, ez zelarik izan aurrekoetan beste txalo zaparradarik.

Hauexek emaitzak:

  1. BILBAO-LANDA, 13 / AMIANO-ARROITA, 22
  2. DE LA FUENTE-ESKUZA, 22 / ARIZTEGI-AGIRRE, 15

Lehenego partiduko markagailuaren ibilbidea:

3-0, 3-1, 5-1, 5-3, 6-3, 6-7, 7-7, 7-8, 8-8, 8-14, 9-14, 9-15, 10-15, 10-17, 12-17, 12-21, 13-21, 13-22 Amiano eta Arroitaren alde.

Tantoen banaketa:

  • BILBAO: egindakoak 2, galdutakoak 6.
  • LANDA: egindakorik ez eta galdutakoak 9.
  • AMIANO: egindakoak 7, galdutakoak 4.
  • ARROITA: egindakorik ez eta galdutakoak 7, hauetako bat kantxaren egoera txarrarengatik.

Pilotarien jokoari buruz:

Igotz BILBAO. Sopelako aurrelariak hasiera polita egin zuen, bikotekideari sakeak eramaten lagundu, eta eskuin bolearekin min egin zuen aurreko koadroetan, bi tanto polit ere lortu zituelarik pilota goxo-goxo utzita, bat txokoan airez sartuta eta bestea botera zabalean. Baina haserako bizitasunak agortu egin zitzaizkion norgehiagokan zehar, eta ezin izan zion aurre egin aurrelari aurkariaren joko onari.

Unax LANDA. Pilotari oiartzuarrak harriduraz beteta utzi gintuen partidu hasieran, gorputza batere behartu gabe ezker-eskuinez pilota frontisetik erraz libratzeko gai zela ikustean, eta aurre koadroetako jokoan sartzeko konfiantzarekin agertzen zela ere bai, ezker airez bezala hormabikoak eginaz botera. Baina, pare bat sake jaso gabe utzi, eta pilota errazak galduaz tarteka, partidutik atera egin zela esan daiteke, atzera luzatzeko pilota frankoekin aurreko jokaldiak gaizki egin eta pilota gehiegi galduaz azkenerako. Ez zuen jakin behar den jokoa egiten, eta jokatu dezakenetik urrun geratu zela esango genuke atzo Aitzurin.

Unai AMIANO. Tolosako pilota elkartetik jokatzen duen pilotari irundarra. Bera laukoteko onena, eta diferentziarekin. Ematen duenak min egiten du, eta horixe egin zuen amianotar gazteenak atzo. Pilotari bizi eman zion bere ezker esku onarekin, aurrean bezala atzera luzatuz saketik hasita, eta eskuinarekin ere pilota erraz libratzen zuen frontisetik. Oso eroso jokatzen du botera, baina ezker airez sartzeko aukerak ez ditu baliatzen behar hainbat, gehiago ahalegindu behar lukelarik zeregin hauetan. 

Ander ARROITA. Galdakaoko Adiskide pilota elkartetik jokatzen duen arrigarriagatar pilotaria. Defentsa lanetan ibili zen ondoen, atzeko koadroetatik pilotak ondo ekarriaz, ezkerrez bezala eskuinez. Pilota frankoei emateko orduan, baina, pattal oso, ez jarriaz postura onean pilotara takatekoa emateko garaian, berak ere aitortu zuen bezala partidu amaieran. Ez zuten asko behartu atzo, eta izango ditu aukerak oraindik joko eraginkorragoa erakusteko.

Bigarrengo partiduko markagailuaren ibilbidea:

4-0, 4-5, 5-5, 5-6, 6-6, 6-7, 8-7, 8-8, 10-8, 10-9, 10-10, 16-10, 16-11, 18-11, 18-14, 19-14, 19-15 eta 22-15 De La Fuente eta Eskuzaren alde. 

Tantoen banaketa:

  • DE LA FUENTE: egindakoak 4 eta galdutakoak 5.
  • ESKUZA: egindakoak 4 eta galdutakoak beste 4.
  • ARIZTEGI: egindakoak 6, eta galdutakoak 7.
  • AGIRRE: egindakorik ez eta galdutakoak 7.

Pilotarien jokoari buruz:

Aingeru DE LA FUENTE. Irurtzungo pilota elkartetik jokatzen duen pilotari eugitarra. Juxtu samar. Partidu hasieran hobeto jokatu zuen gerora baino. Hori bai, sakatu oso ondo, pilotarekin batera aurrera joan eta, saltoa eginaz, kolpea erantsiaz berari. Defentsa lanetan ere txukun. Erasoko jokoan egin zuen min gutxi, ezker airez batik bat.  

Arkaitz ESKUZA. Laudiotar pilotaria gaztea. Harrituta utzi gintuen hasieran, lau pilota galduaz di-da batean. Ez zen normala eta laster bideratu zuen bere jokoa baina, beste lau tanto eder egin zituelarik partiduan zehar, atzera luze bezain bizi bidalitako pilotakadekin. Iazko jubenil mailako atzelari txapeldunak planta ezin hobea du pilotarako, ondo osatutako gorputza, eta horregatik ere ematen dio asko pilotari, ezker bezala eskuinez. Erraz ibiltzen da kantxan gainera, eta behartuta atzera joan ezinean sentitzen bada boleaz ere ondo ematen dio pilotari, ekarri bakarrik ez. Hauetaz gain pilotari sena du eta, nora doan antzemanik, azkar jartzen da prestatuta pilota jotzeko. Ondo jokatu zuen atzo. Ikusi egin behar gehiago behartzen dutenean nola moldatzen den, baina konfiantza ematen du mutil honek. 

Oier ARIZTEGI. Aurrekoan bezala, langile eta serio lekaroztarra. Berari tokatu zitzaion norgehiagokaren karga gehiena eramatea, eta ondo moldatu zela esan behar. Defentsa lanetan sendo, atzelari bikote lagunari asko lagunduaz ere, eta eraso jokoan ausart, era guztietan sartutako tantoak eginaz, botez goitik behera ezkerrez ere jo eta hormaren kontra zuzen bidaliaz pilota. Arrasto ona utzita joan da aurten Ariztegi eta, egin duen jokoaz jabetuta, gustura sentitzeko moduan izango dela uste dugu bera ere.

Gaizka AGIRRE. Aurrekoan baino zezen gogorragoarekin tokatu zitzaion lehiatzea atzo narbartetar atzelariari, eta bere gabeziak gehiago nabaritu ziren. Ezker-eskuinez pilotara ondo jartzea baldin bada ere bere gaitasun handienetako bat, atzo kostatu zitzaion majo partiduko trantze askotan. Bere martxan tira, baina atzo Eskuzak jarritakoan ibiltzea tokatu zitzaion eta ezin...

Datorren astelehenean, abuztuak 8, izango da azken laurdenetako bigarren jardunaldia:

  • Gazte-jubenil mailan: ITUARTE-Iker GARCIA / APEZETXEA-PEÑALVER
  • 23 urtez azpiko mailan: EXPOSITO-LOZA / IGOA-LAZKOZ