Zubizarreta-Albeniz eta Irribarria-Odriozola, garaile Dinastia Etxabeko bigarren jardunaldian

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2022ko abu. 2a, 13:00
Argazkia: Javier Carballo

Dinastia Etxabe pilota txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen atzo Aitzuri frontoian. Jardunaldiak emandakoaren kronika idatzi du Jexux Iribarrek.

Pintzelkada ederrez dotoretutako lehenengo partidu ez hain borobilaren ostean, gizonen artean jokatutako benetako lehia gogor eta estua bigarrengoa, non, lau pilotariak zuten dena eman ondoren, txalo artean eskertuak izan ziren partidu amaieran pilotazaleen aldetik.

Hauexek emaitzak:

  • LARRAÑAGA*-CUAIRAN, 13 / ZUBIZARRETA-ALBENIZ, 22 (* Fernandezen ordez)
  • KARREGAL-LIZEAGA, 19 / IRRIBARRIA-ODRIOZOLA, 22

Lehenengo partiduko markagailuaren ibilbidea:

0-2, 1-2, 1-7, 2-7, 2-8, 4-8, 4-11, 5-11, 5-16, 11-16, 11-20, 13-20 eta 13-22 Zubizarreta eta Albenizen alde.

Tantoen banaketa:

  • LARRAÑAGA: egindakoak 8, galdutakoak 4.
  • CUAIRAN: egindakoak 2, galdutakoak 10.
  • ZUBIZARRETA: egindakoak 7, galdutakorik ez.
  • ALBENIZ: egindako bakarra, galdutakoak 3.

Pilotarien jokoari buruz:

Oier LARRAÑAGA. Lapke pilota elkartearekin jokatzen duen pilotari oikiar-zumaiarra. Ondo. Oso maldan gora jarritako egoerari, 2 eta 8, 4 eta 11, eta 5 eta 16 galtzen joateraino, aurre egin, eta bere joko bertsiorik onenarekin, faltan botatzen ziren bizitasuna eta grazia emateko gai izan zen norgehiagokari. Sake-resto eta abar atzelariari lagundu, eta tanto sorta pilota egin zuen, bere esku onarekin egindako lau ezker-gantxo, eta eskuinarekin goitik behera jotako boleakada zital bat azpimarratzekoak izanik. Parte hartzekoa zen Fernandez pilotariak ezustean azken orduan agertutako jokatu ezinak eman zion jokatzeko aukera atzo, eta ondo aprobetxatzen jakin zuen pilotari oikiarrak.

Javier CUAIRAN. Oberena pilota elkartean urte asko egin ondoren, Erreka pilota elkartetik jokatzen ari den pilotari nafarra. Zer esan, klase handiko pilotaria dela, ezkerrez bezala eskuinez zartako bikain eta dotoreak emateko gai den pilotaria, baina asko eta erraz galtzen du pilota, eta oso errazak ere bai tarteka, atzelari batentzat ‘mama goxua’ direnak ere bai, atzo bi bezala, bi koadroren barruan gaizki jo, eta kantxatik kanpo atera zitzaizkionak. Pena bat, oker horiek gutxitu eta ez gehiago baliatzea bere dohaietaz.

Beñat ZUBIZARRETA. Jubenil adineko lehen urtekoa pilotaria izateko oso ondo jokatzen ari den ataundarra. Ez du ezer gaizki egiten, ondo sakatzen du, ondo luzatzen du pilota atzera, aurreko koadroetan tantoa amaitzeko erraztasuna du, eta gutxi galtzen du gainera, atzo pilota bat bera ere ez. Zer eskatu gehiago…

Unai ALBENIZ. Tolosako pilota elkartetik jokatzen duen aiarra, eta ondo jokatzen dabilen pilotaria baita ere. Iaz jubenil mailan, eta tira, baina aurten handiekin eta nola gainera, oso txukun, eskuinarekin pilotari kolpea erantsiaz ahal duen guztietan, eta ezkerrez ere hainbestean. Asko saiatuz, poliki-poliki goraka doan pilotaria zalantzarik gabe.

Bigarrengo partiduko markagailuaren ibilbidea:

3-0, 3-5, 5-5, 5-7, 6-7, 6-11, 7-11, 7-12, 8-12, 8-15, 10-15, 10-16, 16-16, 16-17, 18-17, 18-19, 19-19 eta 19-22 Irribarria eta Odriozolaren alde.

Tantoen banaketa:

  • KARREGAL: egindakoak 7 eta galdutakoak 6.
  • LIZEAGA: egindakorik ez eta galdutakoak 4.
  • IRRIBARRIA: egindakoak 9, eta galdutakoak 3
  • ODRIOZOLA: egindakoak 2 eta galdutakoak 10.

Pilotarien jokoari buruz:

Gaizka KARREGAL. Serio jokatu zuen pilotari galdakoztarrak. Defentsa lanetan oso ondo, hobeto jokatzea zaila, eta errematerako aukera garbietan tantoak eginaz ere bai, baina gehiegi arriskatu gabe hasiera batean. Gero gehiago ausartu zen lan horietan, baina behar hainbeste asmatu gabe, galdutako sei pilotetatik bost erasoan jotakoak izan zirelako. Hauxe landu eta hobetzeko duen arloa, bere joko sendoarekin, bikote kideari konfiantza eta ziurtasuna ematen dioen bezala, tanto gehiago ez egitearekin partiduak irabazteko zailtasuna ere sortzen delako. Asko saiatu zen eta zuena eman ere bai, eta eskertu egin behar bere jarrera.   

Ekain LIZEAGA. Ondo jokatu zuen baita ere astigarragatarrak. Sendo atzeko koadroetan, ezkerrarekin pilota zail askoak ekarriaz, eta aurrera eta, atzera kantxan erraz ibiliaz, raka-raka eginaz pilotan. Faltan bota genituenak baina, pilota munduan ezaguna egin zuten bere eskuin eskuko pilotakada bortitz eta zirraragarri haiek, esku hori hain ondo ez daukanaren seinale agian.

Ekhi IRRIBARRIA. Zubizarreta bezala, lehen urteko jubenil adineko pilotaria, eta Lapke pilota elkartetik jokatzen duena. Bikain benetan atzo. Partidu handia jokatu zuen aramatarrak. Defentsa lanetan ondo, erasoan ausart, eta pilotari takatekoa emanez. Laukoteko gazteena bazen ere, joko erantzukizuna bere gain hartu, oso zentratuta, eta, une batean ere partidutik atera gabe, beterano bat balitz bezala hogeita bigarren tantoaren bila joan zen. Atarikoan esanda bezala gizonen moduan jokatu zuen, eta, meritu handia, mutil gazte batek hain norgehiagoka gogorrean maila horri eustea, bera izanik laukoteko onena zalantzarik gabe. 

Imanol ODRIOZOLA. E.P.L.E, Errenteriako Pilota Elkarteko urnietarra.  Ez zuen gaizki jokatu, pilotakada eder eta bazterrera ondo bideratutakorik jo zuen, baina galdu egin zuen gehiegi. Larri ibili arren, atzokoa aurrera ateratzea lortu zuen, baina gerta dakioke horrela ez izatea hurrengoan, ez badu alor hori gehiago zaindu eta bere jokoari sendotasun handiagoa ematen.

Datorren ostegunean, abuztuak 4, izango da azken laurdenetako lehenengo jardunaldia:

  • Gazte-jubenil mailan: BILBAO-LANDA  / AMIANO-ARROITA
  • 23 urtez azpiko mailan: DE LA FUENTE-ESKUZA /  ARIZTEGI-AGIRRE