Irribarria-Eskuza eta Unai Alberdi-Arbizu bikoteak IXIL Dinastia Etxabeko txapeldunak

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2021ko abu. 27a, 11:12
Argazkiak: Javier Carballo

Irribarria-Eskuza eta Unai Alberdi-Arbizu bikoteak IXIL Dinastia Etxabeko txapeldunak, historia gutxiko partiduetan garbi nagusituaz Iker Amiano-Alcantara eta Oskoz-Morgaetxebarria bikoteei.

Hauexek emaitzak:

  1. Gazte-jubenil mailan: Iker AMIANO-ALCANTARA 5 /  IRRIBARRIA-ESKUZA 22
  2. 23 urtez azpikoan: OSKOZ-MORGAETXEBARRIA 5 /  Unai ALBERDI-ARBIZU 22

Lehenengo partiduko markagailuaren ibilbidea: 0-8, 1-8, 1-18, 2-18, 2-21, 5-21 eta 5-22.

  • Iker AMIANO: Egindako tantoak 4 eta galdutakoak 1.
  • ALCANTARA: Egindako tantorik ez eta galdutakoak 10.
  • IRRIBARRIA: Egindako tantoak  10 eta galdutakorik ez.
  • ESKUZA: Egindako tanto bat eta galdutakoa beste bat.
  • Guztira, egindako tantoak 15 eta galdutakoak 12.

Iker Amiano aurrelariak jokoan sartzeko aukera gutxi izan zuela jakiteko bere zenbakiei begiratzea besterik ez dago, egindako lau tantoetatik, bat sakez eta beste bi hauei erantzuten egin zituelako ezker gantxoz, eta galdutako bakarra ere sakeari erantzunez airez sartu ondoren. Gehiegi eskatzea izango zen irundarrari atzoko partidua orekatzea. Gauza onak erakutsita eta nota onarekin joan da amianotar zaharrena nolanahi ere Aitzuritik.

Ekaitz Alcantarak ezin izan zion eutsi partiduari ondoen egiten dakien lekuan, atzeko koadroetan hain zuzen ere. Azkartxo galtzen zuen tantoa atzo, sakeari erantzuten bezala ondoreneko pilotakadak eraman ezinda, eta hortik joan zen norgehiagoka neurri handi batean, 28 minutuko iraupenarekin eta 179 pilotakadekin bakarrik. Eskuina kaltetuta amaitu zuen finalaurrekoa zumaiarrak, eta nahiz eta sendatzeko saiakerak egin, ez zuen santu-santua edukiko, eta berea eman gabe geratu zen noski. Pena bat.

Ekhi Irribarria izan zen partiduari martxa jarri zion pilotaria, eta amaieraraino erritmo bizi batean jokatzen asmatu zuena. Hamar tanto egin zituen: bi ezker gantxoz; beste bi botera zabaleratuaz ezkerrarekin; hiru eskuinarekin zabalean moztuta utziaz; bat eskuin boleaz txapa gainean moztuta ere bai; beste bat horma biak joaz eskuinez; eta azken bat luze atzeraka jota. Finalaurrekoan bezala oso ausart ikusi genuen errematera sartzeko garaian, eta ezin hobeto ere bai, ez zuelarik pilota bakar bat ere galdu partiduan zehar. Nahiz eta oraindik hamasei urte dituen diferentziak markatu ditu txapelketan zehar, eta hau ez du edonork egiten. Txalotu eta zoriondu egin behar irribarriatar gazteena zalantzarik gabe egindako lan onarengatik.   

Arkaitz Eskuzak lan gutxi izan zuen atzo, eta partidu hau bakarrik ikusita ezin jakin nolako pilotaria den. Ez zuten batere behartu gerriko gorridunak eta luzitzeko ere ez zuen aukera asko izan, txokoan moztuta tanto bat egiteko parada izan zuen arren. Aurreko bi partidutako konpromisoak ere nahiko errez gainditu zituela esan behar dena den, gehiago behartuta jokatzen ikustea gustatuko bazitzaigun ere. Honek ere zerbait esaten du ordea bere alde noski, ondo eta errez jokatzen duela pilotan bi eskuekin aurrekoetan esan izan dugun bezala, eta zorionak laudiotar gazteari, nola ez. 

Bigarren partiduko markagailuaren ibilbidea: 0-1, 1-1, 1-4, 2-4, 2-9, 3-9, 3-19, 5-19 eta 5-22.

  • OSKOZ: Egindako tanto bakarra eta galdutakoak 4.  
  • MORGAETXEBARRIA: Egindako tantorik ez eta galdutakoak 3.
  • Unai ALBERDI: Egindako tantoak 10 eta galdutakoak 2.
  • ARBIZU: Egindako tantoak  5 eta galdutakoak 2.
  • Guztira, egindako tantoak  16 eta galdutakoak 11.  

Javi Oskoz pilotari nafarrak gauza gutxi erakutsi zuen atzo. Tantoak egiteko aukera askorik izan ez bazuen ere, hiru pilota galdu zituen zeregin hauetan, eta bakar bat egin, goitik beherako eskuin bolea batekin. Defentsa lanetan ere bigun atzo, aurkariari pilota ezin kenduaz. Ez zen izan final aurreko pilotari bera. Denboraz oso larri iritsia gainera atzo partidua jokatzera, eta presaren presaz gerrikoa jantzi gabe abiatua ere bai leon-kastilloz suertatutako lehen sakea ateratzera. Finalaurrekoa irabazita pozik etxeratuko zen, baina atzokoaren ondoren ezin esan gauza bera. Orokorrean txapelketa ona egin duela esatera ausartuko ginateke, baina jarraitu beharra dago lanean etekin hobeagoak atera nahi badira.  

Aimar Morgaetxebarriak hezur handiarekin egin zuen topo atzo. Orain arteko partiduetan agintzen ikusi badugu ere, atzo ezinean, behartuta denbora gehienean. Eta ez ahalegindu ez zelako, aurkari atzelaria gehiago izan zelako baizik. Lehen zatian hainbestean hala ere, baina gero eta astunago joan zitzaion egiten norgehiagoka, zituen denak emanda etsita amaitu zuelarik 39 minututan 300 pilotakadako partidua. Oso txapelketa ona jokatu du dena den zornotzarrak  eta ez dauka kexatzeko arrazoirik.

Unai Alberdik ondo jokatu zuela esan behar, haizea alde zuela izan bazen ere. Bere jokoa finalaurrekoan bezain ausarta eta eraginkorra ez zen izan, aurreko koadroetan batik bat, baina zazpi tanto egin zituen hala ere, eta sakez egin zituen beste hirurekin hamar denera. Zenbaki onak dira aurrelari batentzat eta zorionak alberditar gazteenari.

Aron Arbizu izan zen atzoko protagonista nagusia zalantzarik gabe. Final laurdenetan ondo jokatu zuen, finalaurrekoan oso ondo eta atzo berriz ze esanik ez, hobeto ezin. Sasoi onean etorri zen Etxarrikoa eta latz eman zion pilotari, atzetik aurrera etorri eta salto eginaz bere ohiko moduan, baina atzo aparteko graziarekin gozatuz pilota. Min asko egin zuten bere pilotakadak eta horren seinale atzeko koadroetan egindako lau tantoak, eta ez edonori gainera. Morgaetxebarriarekin borroka estua izango zuenaren esperotan ginen, baina garbi nagusitu zitzaion, lehertuta uzteraino. Aurrean Alberdik utzitako pilotak ere ondo aprobetxatu zituen, hauetako batekin tanto bat eginaz zabalean. Txapelketa bikaina Arbizuk jokatutakoa aurten, bere azken urtean gainera, eta agur ezin hobeagoarekin.  Zorionak eta zorte ona opa behar.

Hauexek aurtengo finaletan ikusitakoei buruz esan beharrekoak.

Sari eta txapelen unea ondoren, pilotariak eurak jaso eta jantzi zituztelarik aurten.

Eta azken urtetako ohiturari jarraituz omenduak ere bere lekutxoa izan zuten jarraian, Zumaiako Kirol Elkartean lanean aritutako zazpi herritar: Jose Domingo Arriola; Jose Luis Eizagirre; Juan Larrañaga, bere faltan emazte Gurutze Mugikak jaso zuelarik saria eta pilotazaleen esker ona; Felipe Lopez, Jon Ignazio Orbegozo, Jose Mari Sacristan eta Jose Ignazio Zubimendi.

Eta aurtengo ekitaldiari amaiera emateko, Joseba Egañaren txistu doinuz Jon Imazek dantzatutako aurreskua zortzi pilotari eta zazpi omenduentzat.