Dinastia Etxabe 2021

Kontuan hartzeko gauza onak

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2021ko abu. 13a, 09:55

Izan zen kontutan hartzeko gauza onik atzo Aitzurin. Ikuskizun luzea eta polita izan zen lehenengo norgehiagokan, eta ederra bigarrengoan. Biak ere atzeko koadroetan erabaki ziren. Hauexek emaitzak.

  1. Gazte-jubenil mailan: AMUNDARAIN-ALBENIZ 22  /   ZUBIZARRETA-TELLERIA 20
  2. 23 urtez azpikoan: MATA-CORDON 12   /  IGOA-ODRIOZOLA  22

Gazte-jubeniletako partiduko markagailuaren ibilbidea: 0-1, 1-1, 5-1, 5-3, 7-3, 7-4, 8-4, 8-10, 10-10, 10-11, 12-11, 12-12, 13-12, 13-14, 15-14, 15-15, 16-15, 16-17, 19-17, 19-20 eta 22-20.

  • AMUNDARIAN: Egindako tantoak 4 eta galdutakoak beste 4, sakea ateratzen hauetako bi.
  • ALBENIZ: Egindako tantoak 3 eta galdutakoak 7.
  • ZUBIZARRETA: Egindako tantoak  4 eta galdutakoak ere 4.
  • TELLERIA: Egindako tantoak 4 eta galdutakoak 12.
  • Guztira, egindako  tantoak 15 eta galdutakoak 27, gehiegi.

Ugaitz Amundarain Ernialdeko pilotariak ondo jokatu zuen, egindako akatsik handiena motzegi geratutako bi saketan egonik. Defentsa  lanetan oso ondo aritu zen eta aukerako piloten bila joaten ere bai, ezker gantxoz hiru tanto polit egin zituelarik.

Unai Albeniz pilotari aiarrak ere partidu ona jokatu zuen, ezker-eskuinez pilota gozatuz partida guzian zehar, aukera onetan pilota atzera luzatuz eta ez hain onetan ere aurrelari aurkariari errematerako aukerak kenduaz. Hiru tanto egin zituen atze koadroetara bidalitako pilotakadekin. Atzelarien arteko partidua izan zen gehien bat, eta lan asko egin ondoren norgehiagoka aurrera ateratzea lortu zuen Amundarainen laguntza onarekin. 

Beñat Zubizarreta 16 urteko pilotari ataundarrak txukun jokatu zuen, baina aparteko erakustaldirik gabe. Konplitu zuela esan daiteke baina ez zen nahikoa izan partidua irabazteko. Aurreko koadroetan tantoa egitera sartzeko ausardi falta bere atzoko gabeziarik  handiena.

Egoi Telleria pilotari zegamarrari ere lan asko egitea tokatu zitzaion bere aurkari Albenizi bezala. Ezin esan gaizki jokatu zuenik, atzeko koadroetan lau tanto ere egin zituelarik, baina galdu egin zuen gehiegi, eta hortik joan zitzaion partidua gerriko urdina jartzea tokatzen zitzaion bikoteari.
 
Bigarren partiduko markagailuaren ibilbidea: 0-1, 4-1,4-4, 8-4, 8-7, 9-7, 9-8, 10-8, 10-12, 11-12, 11-19, 12-19 eta 12-22 .

  • MATA: Egindako tantoak 5 eta galdutakoak 8.  
  • CORDON. Egindako tantorik ez eta galdutakoak 5.
  • IGOA: Egindako tantoak 7 eta galdutakoak 2.
  • ODRIOZOLA: Egindako tantoak 2 eta galdutakoa 5.
  • Guztira, gindakoak 14 eta galdutakoak 20 

Unai Mata pilotari iruñarrak ausart eta serio jokatu zuen bikote lagunak atzeko koadroetan partiduari eusten jakin zuen arte, lau eta bat eta zortzi eta lau aurreratuak egon zirelarik markagailuan. Bigarren zatian lekuz kanpora aritzea tokatu zitzaion eta pilota gehitxo galdu ere bai.

Pablo Cordonek, iruñarra hau ere, ezin izan zuen mantendu norgehiagokaren lehenengo zatiko martxa, bere errendimenduak behera eginik nabarmen bigarren zatian eta partidua irabazteko aukera denak galduaz, hamar eta zortzi irabazten joatetik hogeita bi eta hamabi galtzeraino. 

Josu Igoa Etxarri Aranazko pilotariak partidu ona jokatu zuen atzo ere. Azkar mugituaz kantxan eta ondo kokatuz pilota bakoitzera, oso gutxi galdu zuen eta garrantzitsua hori. Horretaz gain oso aktiboki hartu zuen parte jokoan, ondo irakurriaz tantoak, eta atzelariari lagunduz ere bai airez bezala botera lau koadrotik atzera atera behar bazuen ere. Hain errazak ez diren pilotekin tantoa egiteko gaitasun berezi bat ere badu, ezker airez bezala botera, bere pilotari maila garbi erakutsiaz. 

Imanol Odriozola, Errenderiko EPLE Pilota Elkarteko pilotaria izan zen partiduko protagonista nagusia nola nahi ere, atzelari aurkariarekin norgehiagoka lehiatu eta gogor bat pasatzetik garbi nagusitzera pasatu zena. Pilotakada ederrik jo zuen eta bi tanto egin ere bai atzeko koadroetan, hasiera samarrean bi zartako bikain gora oso gutxitik joan bazitzaizkion ere, dotore moztutako beste bat txapara joan zitzaion bezala. Aurtengo ezuste positibo nagusienetako bat izaten ari da urnietarra, bere mugak non dauden oraindik ez dakigularik. 
 
Datorren astean jokatuko dira final aurretako bi jardunaldiak. Hauexek astelehenean, abuztuak  16an, jokatuko diren bi partidak:

  1. Gazte jubenil mailan: ARANBARRI-IZTUETA /  IRRIBARRIA-ESKUZA
  2. 23 urtekoan: DE LA FUENTE-IRAZUSTABARRENA / Unai ALBERDI-ARBIZU.