Dinastia Etxabe 2021

Aho zapore onik ez

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2021ko abu. 6a, 09:40

Ez ginen aho zapore onarekin atera atzo Aitzuritik. Gazte-jubeniletako norgehiagokan arazo fisikorik gabe aritu baziren ere lau pilotariak –eta gehiago izan zirenak garbi nagusitzeko aukera izan 22 eta 11kako emaitzarekin–, 23 urtez azpikoan ezin horrelakorik esan.

11 eta 4 nahiko errez nagusitzen ari zen bikotearen jokoak beherakada nabaria izan zuelako, atzelariari eskuin eskua mindu eta horrek baldintzatutako norgehiagoka ikusi beharra izanik amaiera bitartean, esperotako ondorioz 18 eta 5eko kontrako emaitza partziala medio 22 eta 16 partidua galduaz ia emoziorik gabe geratutako partiduan.

Hauexek emaitzak:

  1. Gazte-jubenil mailan: ERKIAGA-BERNAOLA 11   /   IRRIBARRIA-ESKUZA 22
  2. 23koan: Julen ALBERDI-BALERDI  16   /  Unai ALBERDI-ARBIZU 22

Gazte-jubeniletako partiduko markagailuaren ibilbidea: 0-2, 1-2, 1-4, 4-4, 4-11, 5-11, 5-13, 7-13, 7-16, 9-16, 9-20, 10-20, 10-21, 11-21 eta 11-22.

  • ERKIAGA: Egindako tanto bakarra eta galdutakoak 6.
  • BERNAOLA: Egindako tanto bat eta galdutakoak 8.
  • IRRIBARRIA: Egindako tantoak 6 eta galdutakoak 5.
  • ESKUZA: Egindako tantorik 2 eta galdutakoak 4.
  • Guztira, egindako  10 eta galdutakoak  23.

Antton Erkiaga pilotari zeanuritarrarengandik gehiago espero genuen. Bere zenbakiak ez ziren onak izan. Tantoa egiterako garaian baliabide askorik gabe ikusi genuen. Bi esku onak ditu baina aurrelari batek tantoak egiten jakin behar du partiduak irabazteko, eta atzo behintzat nahiko motz arlo honetan.

Aingeru Bernaola mañariatarrak pilota gehiegi galdu bazituen ere, pilotakada ederrak eman ere bai oso postura librean. Aurkariaren jokoari aurre egin nahian frontiseko goi partea bilatzen saiatu zen, baina nahi baino pilota gehiago goregi joan ere bai.

Ukhi Irribarria, oraindik 16 urteko pilotari aramatarra izan zen partiduko protagonista nagusia. Oso gogotsu ekin zion norgehiagokari, abiadura handia emanaz pilotari, bai sakez eta bai goitik beherako boleatan, baina tanto politak eginaz ere bai airez bere esku ona den ezkerrarekin. Ausart jokatu zuen eta horren lekuko bere galdutako 5 pilotatik 4 erasoan tanto egitera sartuaren ondorio izandakoak.

Arkaitz Eskuza Laudioko pilotariak ondo jokatu zuen. Garbi nagusitu zen atze koadroetan, bi tanto ere eginaz. Gorputza asko behartu gabe libratzen du pilota bi eskuekin, eta bazterrera mozten ere badaki. Ezaugarri onak dira atzelari batentzat.

Bigarren partiduko markagailuaren ibilbidea: 0-1, 1-1, 1-2, 2-2, 2-5, 3-5, 3-6, 4-6, 4-11, 7-11, 7-12, 9-12, 9-14, 15-14, 15-15, 15-18, 16-18 eta 16-22.

  • Julen ALBERDI: Egindako tantoak 6 eta galdutakoak beste 6.
  • BALERDI: Egindako tantoak 2 eta galdutakoak  11.
  • Unai ALBERDI: Egindako tantoak 2 eta galdutakoak 6.
  • ARBIZU: Egindako tantoak 2 eta galdutakoak 3.
  • Guztira, egindakoak 12 eta galdutakoak  26.

Julen Alberdi pilotari zizurkildarra bere ohiko mailan ikusi genuen atzo ere bikote lagunak lagundu zion arte, ondo mugituz kantxan, defentsa lanetan sendo eta tantoak eginaz, normalean galtzen ez dituen erremate batzuk txapa azpira joan arren atzo. Balerdik eskua galdu ondoren zama astunegia 22ra iristea, lekuz kanpo aritu beharra izan zuelarik jokoari eusten baina alferrik, ezinezko lanak.

Manex Balerdi pilotari antzuolatarra sasoiz eta errez jokatzen eskuin eskua izorratu zuen arte, nagusituz atze koadroetan eta aurrelariari aukerak emanez errematera sartzeko. Baina gero gauzak erabat aldatu ziren, pilotari kolpea tiratzetik bultzatzera pasatuz, hasieran ‘buena’ asko eginaz baina gero hori ere ez, bere burua penatu eta lehiatzeko aukerarik gabe jokatuz, norgehiagokaren interesgarritasuna alde honetatik erori zelarik goitik beheraino.

Unai Alberdi pilotari azpeitiarra ez genuen batere eroso ikusi kantxan. Gutxi sartu zen jokoan. Errematera sartzeko garaian beldurrez, eta eraginkortasun askorik gabe gainera, 5 pilota galdu zituelarik zeregin honetan.

Aron Arbizu Etxarri Aranazko pilotaria zenbaki onekin etxeratu zen, 3 pilota galdu zituen eta 2 tanto egin, biak ere atze koadroetan. Balerdiri eskua mindu eta gero pilotakada ederrik jotzeko aukerarik ez zuen falta izan, eta ondo aprobetxatu ere bai bere luzimenerako, atzetik aurrera etorri eta bizi astinduz pilota.  

Datorren astelehenean, abuztuak 9 burutuko da azken laurdenetako hirugarren jardunaldia arratseko 9tatik aurrera:

  1. Gazte jubenil mailan: Iker AMIANO-ALCANTARA / Eñaut LIZEAGA-LAZKOZ
  2. 23 urtez azpikoan: EXPOSITO-GARMENDIA /  OSKOZ-MORGAETXEBARRIA