Dinastia Etxabe 2021

Bi norgehiagoka ezberdin

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2021ko abu. 3a, 11:37

Bi norgehiagoka ezberdin atzo jokatutakoak, biak ere lan asko eginda gerriko gorridunek irabazitakoak, baina, gazte-jubenilak 14 eta 5 galtzen joan ziren bezala, 23 urtez azpikoak ia denbora osoan markagailua alde zutela joan ondoren. Egin eta galdutako tantoei begira ere partidu ezberdina, ondo errematatutako tanto gehiago izan zirelarik lehenengo norgehiagokan.

Hauexek emaitzak:

Gazte-jubenil mailan: ARANBARRI-IZTUETA 22   /   Unai AMIANO-GARCIA 20
23koan: DE LA FUENTE-IRAZUSTABARRENA 22  /  ALTUNA-Ekain LIZEAGA 17

Gazte-jubeniletako partiduko markagailuaren ibilbidea: 0-3, 2-3, 2-11, 4-11, 4-13, 5-13, 5-14, 18-14, 18-15, 19-15, 19-18, 21-18, 21-20 eta 22-20.

  • ARANBARRI: Egindako tantoak 13 eta galdutakoak 9.
    IZTUETA: Egindako tantoak 2 eta galdutakoak 6.
    AMIANO Unai: Egindako tantoak 5 eta galdutakoa bakarra. 
    GARCIA: Egindako tantorik ez eta galdutakoak 6.
    Guztira, egindako  20 eta galdutakoak 22.

Mikel Aranbarri pilotari azkoitiarra izan zen protagonista nagusietako bat. Lehen zati kaskar baten ondoren, norgehiagoka irauli eta irabazteko meriturik gehiena egindakoa bera izango zen azkenean. Hasieran erremate bat bera ere ez zitzaion atera ondo, eta gero, berriz, bata bestearen atzetik 13 tanto egitera iristeraino, hauetako 7 ezker gantxoz. Atzelariaren laguntza bikainaz aparte, sakea ere lagungarri izan zuen tantoak egiteko garaian, zuzenean ez bazen bueltako aukerak ondo aprobetxatuz.

Martxel Iztueta tolosarrak majo astindu zuen pilota atzo, ezkerrez bezala eskuinez, bizi emanez pilotari eta atzelari aurkaria atzeko koadroetan egotera behartuaz. Gustagarria benetan eskuinaz pilota jotzeko garaian duen dotoretasuna, atzetik aurrera pilotaren ‘enkuentrora’ nola joaten den ikustea alegia, behin eta berriz besoa ondo luzatu eta gerria sartzearekin batera gorputzaren karga ere ondo aprobetxatuz pilotari ahalik eta abiadura handiena emateko. Tarteka bazterrera mozten saiatu beharko luke nolanahi ere, atzelaria bere lekutik ateratzeko.

Unai Amiano Iruneko pilotari ezkerra. Berriketa gutxiko pilotaria, apenas galdu eta aukera etorritakoan tanto egiten dakiena. Ezker aireko jokoa ondo maneiatzen du, zabalera gurutzatuz bezala hormaren kontra goitik behera zuzenean moztuaz pilota matxete gisara. Izandako aukerak ondo aprobetxatu zituen.

Oraindik kadetea den Iker Garcia idiazabaltarrak ere partidu serioa jokatu zuen. Aurkari gogorra tokatu zitzaion parean baina ez zuen inoiz ere amore eman. Aurrelari aurkariari pilota asko kendu zion, batez ere partidaren lehenengo zatian, eta tarteka atzera luzatu ere bai. Aranbarriren sakeak egin zion minik handiena.  

Bigarren partiduko markagailuaren ibilbidea: 1-0, 1-2, 3-2, 3-3, 3-4, 4-4, 7-4, 7-5, 9-5, 11-6, 11-7, 13-7, 13-8, 15-8, 15-9, 16-9, 16-11, 18-11, 18-13, 19-13, 19-16, 20-16, 20-17 eta 22-17.

  • DE LA FUENTE: Egindako tantoak 6 eta galdutakoak 4
  • IRAZUSTABARRENA: Egindako tanto bat eta galdutakoak 6.
  • ALTUNA: Egindako tantoak 6 eta galdutakoak 9.
  • LIZEAGA: Egindako tanto bat eta galdutakoak 6.
  • Guztira, egindakoak 14 eta galdutakoak 25.

Aingeru De La Fuente ultzamatarra. Ondo jokatu zuen, 6 tanto eginaz aurre koadroetan ezkerrarekin, botera eta airez. Defentsa lanetan ondo ibili zen, galdutako 4 pilotak errematatze garaikoak izanik. Pilotaria da. 

Aratz Irazustabarrena Alegiko pilotariak ere partidu ona jokatu zuen, norgehiagokaren pisu astunena berak emanik. Partidu erdi bitartean pilota batzuk galdu bazituen ere, asko gozatu zuen eskuinarekin bigarren zatian, atzetik aurreraka gorputzaren karga ere ondo erantsiaz pilotari. Pilotaria hau ere, azkar mugitzen da kantxan, aurrelaria asko babesten du, eta fisiko aldetik ere oso ondo ikusi genuen.

Aitor Altuna Tolosako pilotariari lan zailak egitea tokatu zitzaion atzo. Asko jokatu zuela esan behar nolanahi ere, bi besoak libratuz ezker-eskuinez pilotari abiadura emateko orduan bezala, txokoan goxo-goxo utziaz ere bai tarteka. Galdu egin zuen gehitxo atzo ere ordea, eta pilota nahiko errazak ere bai tartean. Zaindu beharreko atal bat aurrera begira.

Ekain Lizeaga, astigarragatar pilotari noblea. Benetan gogotsu hasi zen, ezkerrez txukun eta eskuinarekin kolpea erantsiaz pilotari. Ez berak eta guk nahi hainbeste denboran baino, behar bezala pilota astindu gabe bultzaka jardun beharra izan zuelarik eskua mindu eta gero. Hala ere segi egin zuen pilotan, asko sufrituz baina gogo handiarekin partidua aurrera atera nahian, 19 eta 16, hiru tantora hurreratu zirelarik 15 eta 8 galtzen joan eta gero. Esku horixe behar bezala sendatzea komeni benetako Lizeaga ikusteko. 

Datorren ostegunean, abuztuak 5ean jokatuko dira azken laurdenetako bigarren partiduak gaueko 9tatik aurrera:
Gazte jubenil mailan: ERKIAGA-BERNAOLA  /  IRRIBARRIA-ESKUZA
23 urtez azpikoan: Julen ALBERDI-BALERDI  /  Unai ALBERDI-ARBIZU