Gutierrez-Morgaetxebarria eta Salaberria-Altuzarra bikoteek irabazi dute aurtengo Dinastia Etxabe txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2019ko abu. 30a, 11:48

GUTIERREZ-MORGAETXEBARRIA eta SALABERRIA-ALTUZARRA 2019ko Dinastia Etxabeko pilotari txapeldunak gazte-jubenil eta 23 urtez azpikoen mailan.

Argazkiak: Daniel Carballo

Hauexek emaitzak:

1. LARRAZABAL-AGIRRE, 11 / GUTIERREZ-MORGAETXEBARRIA, 22
2. CANABAL-ARBIZU, 6 / SALABERRIA-ALTUZARRA, 22

Gazte-jubeniletako norgehiagokaren markagailuak erakutsitako parada esanguratsuenak hauexek: 0-5, 2-5, 2-10, 3-10, 3-11, 5-11, 5-13, 7-13, 7-14, 8-14, 8-17, 9-17, 9-19, 10-19, 10-21, 11-21 eta 11-22 Gutierrez eta Morgaetxebarriaren eurek egindako bi tanto bakarrekin. Larrazabal eta Agirrek tanto gehiago egin arren galdu ere halaxe egin zuten eta horrexegatik egin zien ihes partiduak, hasieratik hasi ziren galtzaile eta antzeko joerarekin jarraitu ere tantoak gerriko urdinez ateratakoen aldera pilatuz hogei eta bikora iritxi arte.

  • Sergio Gutierrezek bi tanto egin zituen eta lau galdu. Partidua irabaztera atera zen hasiera hasieratik, asko sakatu zuen eta beste partiduetan baino gutxiago arriskatu zuen, tantoa landu aukera garbia etorri arte eta horretarako atzeko koadroetan kargatuz jokoa. Txapelketa ona egin du errioxarrak eta merezitako txapela jantzita etxeratu zen atzo.
  • Aimar Morgaetxebarriak ez zuen tantorik egin eta galdu ere ez. Beste partidu haundi bat atzo zornotzarrak jokatutakoa. Larrazabalek ateratako sake zitalei aurre egiteaz gain zirti-zarta eta ezker-eskuinez pilotari dotore eman zion. Partidu guzian zehar ondo jarraituz pilotaren nundik norakoari aurrelariari ezin hobeto lagundu zion atzo ere. "Mutiko honi ez ote dio pilotaren batek alde egingo…", zioen ikusle batek, atzeratzen ari dela goiko txapa jota edo ez dakit ba ezker hormari erantsiaz pilota edo… Keba keba, behar dituen pausoak eman, ondo kokatu eta pilota nahi duen lekura bidaltzeko gai da mutila. Oso maila oneko txapelketa jokatu du zornotzarrak, bera izanik txapelketako rebelazioetako bat, eta zalantzarik gabe ezusteko pozgarrienetan sartzeko pilotaria. Adin horretan ez dago hobeto jokatzerik. Zorionak eta jarraitu holaxe lanean.
  • Iker Larrazabalek zazpi tanto egin zituen, ikusgarriak eta asko txalotutakoak denak: bi ezker gantxo zoragarriz eta gainontzekoak eskubiz, botera zabalean moztuta bat eta beste laurak goitik beherako boleaz, bi txokoan pilota moztuaz eta beste bi zabalean. Baina hamar pilota galdu zituen, pare batek askorik ez zuten falta izan arren tantoa izateko. Aparteko abiadura ematen dio pilotari, eta asko behartu gabe gainera ondo jartzen denean pilotara. Arlo honetan saiatu behar luke gehiago bere emaitzak hobeagoak izan daitezen, behar bezela ez kokatzearren galtzen duelako batzuetan pilota. Pilotari gustagarria zalantzarik gabe amurriotarra eta zer esana emango duena noski.
  • Gaizka Agirrek ez zuen gaizki jokatu baina pilota gehiegi galdu zituen. Ezker-eskuinez ondradu jokatu zuen pilotan baina hobeto aprobetxatu behar diren pilota batzuk galdu ere bai, behar bezain erne ez egoteagatik batzuetan eta moztu nahian pilota frankoak txapapera boteaz beste batzuetan. Lan asko egitea tokatu zitzaion dena den, aurkari atzelariak bezela aurrelariak asko behartu zuelako zenbait unetan eta azkenerako nekatu ere egin zen. Orokorrean txapelketa ona egin duela esan behar hala ere narbartearrak.

23 urtez azpikoen partiduko markagailuak erakutsitako paradak 0-1, 1-1, 1-5, 4-5, 4-14, 5-14, 5-19, 6-19 eta 6-22 Salaberria eta Altuzarraren alde. Azkar eta ondo egin zituzten euren lanak hasierako tantoetan parekotasun gehiago egongo zela bazirudien ere. Lau eta sei aurretik jarri ondoren Salaberriak pilota aldatu egin zuen eta hamalaurainoko tanto takada egin ere bai. Hortik aurrerako beste zortziak ere uste baino azkarrago egin zituzten, Canabal eta Arbizuk beste bi tanto bakarrik bereganatzea lortzen zutelarik. Atzeko koadroetan Altuzarra Arbizu baino gehiago izan zen eta aurrekoetan Salaberriaren beste joku erakustaldi bat atzo, Canabal aurre nola egin etzekila.

  • Iker Salaberriak hamabi tanto egin zituen eta postura denetariko erremateekin, airez bezela botera, ezkerrez bezela eskuinez, eta erasoan bezela kontraerasoan, zalaparta eta hanka hots handirik gabe pilota alde batetik bestera maixutasunez mugituaraziz. Atzeko koadroetako haizea ere aldekoa izanik errez nagusitu zen aurreko koadroetan. Hiru pilota galdu zituen eta hoietako bat erasoan. Dinastia Etxaben ateratzen duen laugarren txapela atzokoa, hogei urte betetzen zituen egunean jantzitakoa eta profesional mailan jokatzeko deiarekin bateratsu etorri zaiona, orain arte egindako ibilbide oparoaren sari bezela, noski. Guzti horregatik zorionak eta zorterik onena goizuetarrari.
  • Jorge Altuzarra ere oso ondo, jokatutako hiru partidetatik atzokoa izanik onena. Ondo gozatu zuen pilota eskuinez eta kantxan beti bezain langile. Bi tanto egin zituen atzera luzatutako pilotakadakin eta bakarra galdu. Txapelketa ona jokatu du ezcaraytarrak eta berarekin kontatzen jarraitu beharra dagoela erakutsi era bai. Zorionak beraz.
  • Oihan Canabalek tanto bat egin zuen sakez pilota ondo ezkerreratuta, kontran hiru pilota galdu zituen. Haizea ere kontra atzo esan degun bezela eta aurkarien joko onari aurre ezin egin. Laugarren partidua atzo jokatutakoa eta orokorrean txapelketa ona jokatu duela esan behar iantzitarrak.
  • Aaron Arbizuk tanto bat egin zuen atzeko koadroetan partiduaren hasieran eta bost galdu. Ez zuen bererik eman etxarriaranaztarrak, ezkerrez ondoen atzetik pilotak ekartzen baina eskuina du bere arma nagusia eta atzetik aurrera etorri eta saltoa eginaz finalaurretako kolperik erantsi gabe joan zen etxera atzo. Baldintza honenetan ez nunbait eskua eta hauxe nahikoa partidua baldintzatzeko. Txapelketa ona jokatu duela esan behar nolanahi ere eta segi egin behar pilotan.

Eta besterik ez pilota partidei dagokionez. Sari banaketaren ostean Zumaiako Kirol Elkarteko
zortzi pilotari ohiei eskainitako unetxoa, aurten omenduak izanik: Iñaki Altzibar Sorazu, Agustin Atorrasagasti Iparragirre, Jose Agustin Azpeitia Iparragirre, Cosme Iraundegi Elgoibar, Jose Maria Larrañaga Lopetegi, Inaxio Lopetegi Oliden, Jose Ramon Zubia Saiz eta Jose Maria Zubimendi Lopetegi.

Eta ezin aipatu gabe utzi atzo omendutako beste pilotazale bat, laneko erretiroa hartu berri duen Iñaki Elortza Euskadi Irratiko esataria, bere ibilbide profesional luzean euskal pilotari egindako ekarpen eskergaitzarengatik omendua bigarren partidua hasi aurretik, eta gauzak horrela leon-kastillo sakea nork atera erabakitzeko aukera berari emanez. Eskerrik asko Iñaki.

Eta aurtengo ekitaldiari amaiera emateko orduan ezin eskertu gabe utzi beste urteetan bezela txapelketan parte hartu duten pilotari eta hauek ikustera hurbildutako pilotazaleak, txapelketaren ahots izandako esatari eta pilota munduko profesional adituak, eta Zumaiako Udala bezela Caixabank banketxea azkenik babesle gisara.