Aurtengo Dinastia Etxabek baditu lehen finalistak

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2018ko abu. 21a, 14:28

Julen ALBERDI-GARTZIA eta SALABERRIA-OTADUY pilotariak aurtengo txapelak janzteko lehen hautagaiak, gazte-jubenil eta 23 urtez azpiko kategorietan. Prezio altuko txartelak izango zirenaren zurrumurrua bazebilen eta halaxe izan ere, asko kostata irabazitako norgehiagokak bart jokatutako finalaurrekoetako lehen jardunaldikoak.

Hauexek emaitzak:

Julen EGIGUREN-URANGA, 21 / Julen ALBERDI-GARTZIA, 22
EXPOSITO-ZEZEAGA, 16 / SALABERRIA-OTADUY, 22

Gazte-jubenilen norgehiagokan 1-1, 3-3, 4-4, 7-7, 8-8, 9-9 eta 11-11 berdinduta egon ondoren, 11-13, 12-15, 13-16, eta 14-19 alde politarekin aurreratuak gerriko urdindun Julen Alberdi eta Gartzia. Baina lau tantu jarraian egin eta 18-19 tanto bakar batera jarriak gerriko gorridun Julen Egiguren eta Uranga. Beste hiru tanto gerriko urdindunen alde eta 18-21 tanto bakarra falta partidua irabazteko. Oso garesti hau lortzea ordea eta soka gehiago ezin luzatzeraino tiratuaz 21-21. Azken sakeko txaloak gerriko gorridunentzat ere, eta diki-daka batean lau pilotariak berriz ere pilota jokoan zutela, eta Egigurenek atzera luzatu ondoren, ezker airez errematatzeko aukera ezin hobea zuen garaian: txapa. Tantu esperoan zeuden zaletuak txaloak jotzeko aukerarik gabe eta bi Julenak eskuak bere buruetara eramanaz, etsipenaren ondorioz Egiguren eta pozaren pozez Alberdi, 22 eta 21 irabazi ondoren.

Pilotari bakoitzak egindako lanari buruz:

Julen Alberdi Gazteleku Pilota Elkarteko aurrelari zizurkildarra. Bost tanto egin eta bi galdu, eta hauxe partidua irabazteko arrazoietako bat. Pilotarik zailenetara iristen daki, hankak ondo jarri ere bai normalean eta buenara batzuetan eta kontraerasoan ziztada beste zenbaitetan, erne ez dagoenari tantoa egiteko arrisku galantarekin. Azken hiru egunetako hirugarren partidua atzokoa eta aurrekoan baino txispa gutxiagorekin ere bai, normala den bezala. Baina oso pilotaria da eta egoera zailetan ere bere lana ondo egiten daki eta partidua aurrera ateratzeko gaitasuna du, oso ondo beraz.

Markel Gartzia Bergara Pilota Elkarteko atzelari oñatiarra. Hiru tanto egin eta sei galdu. Ondo jokatu zuen eta pilota batzuk galdu bazituen ere aurreko partiduan baino gehiago gozatu zuen eta horrexegatik ere bai bere aldeko hiru tantoak. Bezperan partidua jokatuta etorri izanagatik ez zitzaion nabaritu eta atzeko koadroetan aurkaria baino gehiago izan zen. Ondo beraz.

Julen Egiguren Ilunpe Pilota Elkarteko aurrelari azpeitiarra. Hamalau tanto egin eta zortzi galdu, eta aurkari Alberdiri buruz esandakoari so, galdu zituen pilotetan egon zen partiduaren gakoa, hark gutxi galdu zuen bezala honek askotxo, eta markagailuarentzako balio berdina dute egindakoak eta galtzen direnak. Larunbatean Amezketan jokatutako buruz buruko partiduan orkatila bihurritu eta ehuneko ehunean ez zegoela nabaritu genion, partidu hasieran batik bat. Pilotara behar bezala jarri ezinik edo, jaso errazak ziruditenak galdu zituelako. Hortik aurrerako ia dena ondo egin zuela esan behar, aurrekoan bezala norgehiagokaren erantzukizuna bere gain hartu eta bikote lagunari lagunduz. Tantua egiteko aukerak berak sortuaz askotan, erremate bikainarekin hamalau tanto egin zituen. Hamabosgarrenaren beharra ordea atzo partidua irabazteko eta galdu izanaren pena baina tira, galtzen ere badakiela erakutsi zuen. Bi partidu on jokatu ondoren asebeteak utzi gaituela esan behar nabarmen goraka dihoan pilotari azpeitiarrak.

Jagoba Uranga Oteiza Pilota Elkarteko azkoitiar pilotaria. Ez zuen tantorik egin eta bost galdu. Aurrekoan baina hobeto jokatu zuen, atzeko koadroetan seguruago, eta ezkerrarekin pilota zailak ekarriaz nahiz eta hiru pilota galdu zituen sakeko bat tartean dela. Aurrean galdutakoak izan ziren beste biak, eta tanto egiteko modukoak gainera, ezker airez eta txokora moztu ordez atzeratu izan balira aurkariak aurrean zeuden garaian. Ezker indartsua izateaz gain dotorea era bada postura horretan jotzerakoan, baina eskubiarekin ikasi behar du min gehiago egiten pilotari, eta horrela tantoa egiteko aukerak eman aurrelariari. Ondo dena den, eta datorren urtean jubenil mailako atzelari onenetariko bat izateko aukera haundiak ditu.

23 urtez azpiko norgehiagokak bi zati ezberdin izan zituen, 2-0, 2-2, 6-2 eta 8-5 bitarteraino Exposito eta Zezeaga gerriko gorridunen nagusitza unekoa, eta 0-10eko partzial batekin Salaberria eta Otaduy gerriko urdindunen 8-15erainoko aldearekin jarri eta partiduaren jabe egin zirena bestea. Exposito eta Zezeagaren erreakzioa eta 4 tanto eginaz 12-15 hurreratuak. Baina erremate batean Expositok asmatu ez, eta 12-18 ihesi berriz ere Salaberria eta Otaduy, 16 eta 22 irabazi zuten arte 14-19eko parada bat tarteko. Azken emaitzari begiratuta alde nabari samarra ikusi badaiteke ere, oso norgehiagoka gogorra izan zen. Iurreta Pilota Elkarteko bi atzelariak nor baino nor atzeko koadroetako nagusitza lortu nahian aritu zirenak, eta aurrelariak haiei asko laguntzeaz gain tanto ederrak eginaz aurreko koadroetan. Partidu osoan zehar abiadura haundiagoan pilota mugiarazi zuen Josu Zezeagaren azken zatiko beherakada izan zen norgehiagoka baldintzatu zuena gerriko urdindunen alde.

Pilotari bakoitzaren lanak azpimarratzerakoan:

Iker Salaberria goizuetarra aurrena. Hamar tanto egin eta bi galdu. Emaitza onak zalantzarik gabe. Ondo jokatu zuen. Partidaren lehen zatian errematatzeko pilota gutxi, baina suertatzen ziren aukerak aprobetxatuz tantoak eginaz. Defentsa lanetan berriz bere buruarekin konfiantza haundia duela erakutsiaz beste behin ere, zalaparta haundirik gabe oso pauso gutxitan pilota jaso eta kentzea lortuaz aurkariari. Aurreko partiduan hainbat pilota ez zituen errematatu airez, eta botera jotako pilotekin egin zituen tantorik gehien: lau moztuta txokora eta bat ezkerrez aparta. Expositoren eskubikada zitalari txokotik zabalera efektu haundiarekin pilotari eman eta txapa gainean jo ondoren tik-tak batean seko hilda bertan geratutakoarekin egindakoa.

Gorka Otaduy Berrizko atzelaria. Ez zuen tantorik egin eta bost pilota galdu, eta huetako bat sake-errestoan. Hasieran larri samar ibili zen Zezeagaren jo haundiagoari eutsi nahian eta garai honetakoak galdutako pilota gehienak. Bi beso indartsurekin eta defentsarako airezko boleaz ere baliatuz aurre egiten jakin zuen indarrez gehiago zen bikoteari. Aurkari atzelari eta epailearenganako izan zituen zenbait kexa eta jarrera itsusiak bakarrik bere atzoko jarreran onartzen ez ditugunak, pilotazaleak ere bere kontra jartzerainokoa eta lehen bailehen zuzendu behar direnak.

Hodei Expsito Usurbilgo Pagazpe Pilota Elkarteko astigarratar aurrelaria. Ondo jokatu zuen. Hamar tanto egindako eta lau galdu. Zenbaki onak baita ere. Egindakoetan, ezker gantxoz hiru, eta gainontzekoak botera: sakez bi, ezkerrez zabalean bat, txapa gainez bazterrera moztuta bi, zabaletik zabalera moztutako beste ikusgarri bat, eta atzera luze jotako pilotakada batekin egindakoa azkena. Atzelariari sake-errestoan asko lagundu zion, pilota bat edo beste ez zirelarik modu oso garbian ekarritakoak izan. Planta oneko pilotaria da eta bi esku on ere baditu, aurreko koadroetako jokoa daukalarik pixka bat pulitu beharra.

Josu Zezeaga  bergarar atzelaria.  Atzeko koadroetan egindako tanto bat eta sei galdutako, eta hauetako hiru sake-errestoan. Ondo jokatu zuen. Ezker-eskubiz bizi mugiarazi zuen pilota, eskubiarekin zaplazteko ederrak emanez, eta aurreko koadroetan moztuaz ere bai zenbait garaitan. Pilotakada bakoitza kemen ata adore haundiz jotzeko joera duenez indar asko gastatzen du, eta partidua gogortzen den heinean bere errendimendua behera etortzen da normala den bezala. Beti kolpea tira beharrean bere gorputzaren kargaz baliatu behar luke zenbait pilotei aurre egiteko, eta gutxik duten kolpe bizi hori pilota on haietako gordeaz. Hirugarren partidua atzokoa eta behetik gora egin du, nahiko nota altuarekin gainditu duelarik bere parte-hartze konpromisoa.

Etzi ostegunez, Abuztuak 23, jokatuko dira bigarren finalaurretako partiduak (22:00etan, Aitzurin):

Gazte-Jubenilak: U. ALBERDI-IBARLOZA / LARRAÑAGA-ELIZEGI
23 urtez azpikoak: LERENA-BIKUÑA / ELOLA-AIZPURU

ELOLA(*) -> MATAren ordez.

(*) Matak eskuko arazoengatik ezin, eta txapelketatik kanporatutako Iñaki Elola bidaniar pilotaria izango da bere ordez jokatuko duena ostegunean, finalaurreko norgehiagoka bati dagokion garrantzi eta orain arte jokatu gabeko balizko pilotari ordezkoen parte hartu ezinaren ondorio.