Lehen bi bikoteak sailkatu dira finalerdietarako

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2018ko abu. 7a, 14:15

Julen EGIGUREN-URANGA eta Jon ALBERDI-ZEZEAGA finalaurrekoetara sailkatutako lehen bi bikoteak.

Hauexek bi partidetako emaitzak:

1. Gazte-Jubenilak: Julen EGIGUREN-URANGA, 22 / MURUA-OSA, 17
2. 23 urtez azpikoak: Jon ALBERDI-ZEZEAGA, 22 / KARREGAL (*)-CORDON (+), 16
(*) ZUBIZARRETAren ordez.
(+) GASKUEren ordez.

Gazte-jubeniletako partidan 3-0, 3-2, 5-2, 5-4, 10-4, 10-6, 13-8, 15-8, 15-13, 17-15, 20-15 eta 22-17 markagailuak erakutsitako zenbait parada, gerriko gorridun EGIGUREN-URANGA bikotea izan zelarik partiduaren kontrola eta agintea bere eskuetan izan zuena partida guzian zehar, bi tantora hurreratu bazitzaizkien ere gerriko urdindunak partidaren bigarren zatian. Julen Egigurenen lan ona aipatu behar besteenaren gainetik.

Horrelaxe, eta bakoitzaren lana aipatzerakoan:

Julen Egiguren Ilunpe Pilota Elkarteko aurrelari azpeitiarra. Oso ondo jokatu zuen, serio eta partiduaren erantzukizuna bere gain hartuaz. Hamahiru tanto egin zituen eta sei galdu. Iaztik hona bere jokoak asko egin du gora, gorputzez ere zerbait sendoago baina joko aldetik batik bat. Tantoak egiteko baliabide haundiak ikusi genizkion, pilota aurkariak ez dauden lekura bidaltzeko erraztasuna erakutsiaz. Konfiantza haundia somatu genion bere buruarengan, nahiz batzuetan tanto bat edo beste galduarazi zion konfiantza horretxek. Jator eta aparteko imintzio eta xelebrekeriarik gabe kantxan, eskertzeko portaera berea.

Jagoba Uranga Oteiza Pilota Elkarteko azkoitiar pilotaria. Sei pilota galdu eta egindakorik ez. Ez zuen gaizki jokatu baina hobeto joka dezake. Bi esku onak ditu eta atzelari batek gaur egun hain premiazkoa izaten duen bolea ere bai, baina galdu egin zuen gehitxo, eskumuturrean pilotari behar bezala eutsi gabe, kolpea libregi tiraaz, pilota batzuk ihes egin zien. Aurrelariaren bizkarra zaintzen ere gehixeago ahalegindu behar du, honek kinua eginda utzitako pilotak atzeratzeko. Ziur jakingo duela emandako aukera aprobetxatzen dena dela ere.

Ander Murua Bergarako Pilota Elkarteko arrasatear aurrelaria. Lau tanto egin eta lau galdu. Ez zuen gaizki jokatu baina bere gabeziarik haundiena tantoa egiterako orduan dagoela esango genuke. Txokoan ere ezker airez ondo uzten du pilota baina aurkaria ez bada noizean behin kontrakantxara bidaltzen, asko murrizten dira tantoa egiteko aukerak.

Julen Osa Gazteleku Pilota Elkarteko andoaindar pilotaria. Tanto bat egin eta bost galdu. Ondo jokatu zuen baina pilota gehitxo galdu ere bai. Iaz aurrelari postuan jokatu zuenak aurten atzelari bezala jokatu du eta hobeto gure ustez. Bi esku ederrekin behetik gora bezala albotik ematen dio pilotari, atzera luzatu bezala aurrealdean moztuaz pilota.

23 urtez azpikoen norgehiagokak bi zati izan zituen, 1-1, 2-2, 6-6. 7-7 eta 8-8 berdinduta egon artekoa, non atzelarien arteko lehia gogorra eta estua ikusi genuen. Gero bietako baten beherakada eta 18-8rainoko alde ikaragarria jarraian. Hortik aurrerakoa egiteko lehen ateratako errentaz baliatu zela esan behar ALBERDI-ZEZEAGA bikotea. Lehenengo partiduan Egiguren nabarmendu badugu bigarrengoan Zezeaga.

Banan baba aipatzen hasita:

Jon Alberdi Ilunpe Pilota Elkarteko aurrelari azpeitiarra. Bost tanto egin eta zazpi galdu. Ez zuen atzokoa bere egunik onena izan. Tantoa egiterako orduan ere airez sartzeko ausardia gehiegirik gabe eta galdu berriz askotxo. Finalaurrekoak jokatzeko oraindik badaude egun batzuk eta seguru txispa gehiagokin etortzen zaigula.

Josu Zezeaga, Iurreta Pilota Elkarteko Bergarako atzelaria. Lau tanto egin eta bost galdu. Aurreko partiduan bezala asko eman zion pilotari baina gutxiago galdu atzo eta modu horretan bere jokoak askoz gehiago luzitzen du. Ederra kantxan nola ibiltzen den eta pilota jotzera nola joaten den ikustea, dantzari bat balitz bezala. Ezker-eskubi latz ematen dio pilotari atzeko koadroetara errez luzatuz pilota. Grazia aparta du pilota jotzerako orduan. Azken zatian galdu zituelako bizpahiru pilota tonto, bestela oso zenbaki onak atzoko bereak. Holako Zezeaga da finalaurrekoetan ikusi nahi genukeena.

Gaizka Karregal Galdakoztar aurrelaria, bi tanto egin eta zazpi galdu. Ez zuen gaizki jokatu, baina tantoa egiteko baliabide gutxitxo ikusi genion aurreko koadroetan. Bestela defentsan ondo, atzelariari ere asko lagunduz eta botera pilotari emanez, baina zerbait falta. Eskertzekoa nola nahi ere ordezko lanak egitera etorri izana.

Pablo Cordon Oberena Pilota Elkarteko iruñar atzelaria, azken orduko Gaskuen baja jokatzera etorria baita ere. Tanto bat egin eta zazpi galdu. Aipatu bezala partidu erdira arte oso ondo baina hor beherakada nabarmena izan zuen, bezperan ere jokatuta eta bero ere bai atzo leku denetan bezala. Ezin izan zion eutsi Zezeagak jarritako martxari. Esan dezagun atzeko koadroetatik ondo libratzen du pilota baina aurreko frankoekin ez duela minik egiten, ez da ondo jartzen pilotara eta ez du luzatzen atzera, eta hau oso garrantzitsua da atzelari batentzat. Ekarri bakarrik ez eman ere bai aukera izaten denean.

Datorren ostegunean, abuztuak 9, bigarren azken-laurdenetako jardunaldia jokatuko da Aitzurin, 22:00etan:

Gazte-Jubenilak. AGIRREMALLOA-ERKIAGA / Julen ALBERDI-GARTZIA

23 urtez azpikoak. SALABERRIA-OTADUY / I. EGIGUREN-SANCHEZ