Dinastia Etxabe txapelketa finalaurrekoetara heldu da

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2017ko abu. 12a, 14:29

Ez zen alferrik galdutako denbora izan bart arratsean Aitzurin igarotakoa, Gaskuek duen pilotarako aparteko grazia ezagutzea bezain ona 23 urtez azpiko lau pilotariak jokatutako norgehiagoka.

Hauexek jokatutako bi partiduetako emaitzak:

  1. 1.     OSA-GASKUE……………………12  /  22 AGIRREMALLOA-ETXEBRRIA
  2. 2.     LARRAÑAGA-ARANGUREN 15  /  22 ZUBIZARRETA-IRURITA

Gazte-jubeniletako partiduan OSA-GASKUE bikotea 0-2 eta 2-5 galtzen hasi arren 5-6raino urreratu eta partidu orekatua eta gogorra izango zela iruditu zitzaigun bi atzelariak nor baino nor ezker eskubi pilotan ondo egiteko gai zirela ikusita. Aurrelarien artean hasiera batean ikusitako aldea gero eta nabariagoa zela egiaztatzen joanik ere, 6-9 eta 7-10 hiru tantoko aldea hainbesterainokoa ez eta Julen Osa aurrelari andoaindarraren joku aldaketan zegoen partiduari buelta emateko aukera bakarra. Etzen horrelkorik gertatu ordea eta 7-14 eta 9-18 erabat atzean gelditu ondoren AGIRREMALLOA-ETXEBERRIA bikotearentzako garaipena aurkariak hamabian utzita. Josu Agirremalloa markinatar aurrelaria txukun, aparteko gauzarik egin gabe baina bere eginkizuna beteaz: sakea ezker hormara ondo bideratzetik hasi, gehiegi etzituen izan arren tantoa egiteko aukerako pilotak aprobetxatu, eta pilota jasotzen ere ondo nahiz eta gehiegi etzuten behartu. Denera bost tanto egindakoak eta bi galdu. Ekain Etxeberria oiartzuar atzelaria ere ondo, ezker eskubiz pilotan serio jokatuz eta atzelari bati dagokion lana behar bezela beteaz. Egindako tantorik ez eta galdutakoak lau.

Galtzaileen aldetik Osa etzen batere fin ibili, atzelariaren lan onari esker errematerako izandako pilotak aprobetxatu beharrean galdu edo eta aurkariari pilota ona jarriaz behin baino gehiagotan. Defentsan ere baldar samar ikusi genuen. Daukan kolpea ikusita, eta atzo bezelako konpromisoko partiduetan behintzat, botera jokatu behar luke gehiago, ezkerrez zearka eta guzi eta eskubiz pilotari ematen badakielako. Sakez egindako tanto bat apuntatu genion eta galdutakoak hamaika, hoietako sei erasoan.

Partiduaren ikuskizuna eta diferentziak Andoni Gaskue Larrainzako pilotariaren aldetik etorri ziren, ez da mutil haundia baina bai pilotaria. Atzetik aurrera datorrela anka joku perfekto batekin gerria sartu eta eskubiarekin pilota nola jotzen duen ikustea espektakulu hutsa da. Esku muturrean duen toke bereziz pilota ikutu eta ezker hormara bideratutzeaz gain sake restoan ere postura berean pilota gozatu eta frontisetik nola ateratzen duen ikustea ere normalean ikusten ez dena. Txapa gainean pilota labanarekin bezela mozten duela esan daiteke eta bi tanto egin zituen modu horretan. Egindako beste bi tantoak atzean luze baztarreratutako pilotakin. Ezker gabea ez izanik ondo libratzen du pilota baina oraindik behintzat eskubiarekin bezelako arterik ez duelarik hiru pilota goiko txapaz gora joan zitzaizkion eman beharraren beharrez. Sake-restoz bat eta beste hirukin zazpi galdutako denera.

Lehenengo partiduko gauza onak etziren mikaztu bigarrengoarekin, partiduaren erdialderarte ikusitakoarekin batipat, lau pilotariak ere pilotari bizi eman eta abiadura ederrean mugituaraziaz joku on eta zer ikusi bikaina eskeini zutelarik pilotazaleen gozamenerako. 1-1 eta 2-2 berdintzetik hasi eta 6-2 aurreratu ziren gerriko gorridun LARRAÁGA-ARANGUREN bikotea. Hauek ezin hobeto jokatuz 6-3 eta 8-4 aurretik jarri ziren baina jarritako martxari eusten lanak izango zituztela ere aurreikusi ziteken ZUBIZARRETA eta IRURITA jokatzen ari ziren bezela ikusita, eta horrelaxe gertatu ere. Beste pilota bat bera ere galdu gabe Iruritak Arangurenen nagusitasunari aurre egin zion eta honek hainbeste jotzera pasatu zen, eta horrela Zubizarretak aukera gehiagoko pilotekin aurrean tantoak eginaz 8-4tik 8-17raino aurreratuak gerriko urdindunak. Partiduari bere arriskua ikusten zitzaion artean baldin eta Larrañagak sakea hartzen bazuen berriro, eta horrelaxe bederatzigarren tantoa egin ondoren pilota berri bat atera eta 10-18 eta 10-20 egotetik 15-20ra urreratuak Larrañaga eta Aranguren. 16garrenaren bila Larrañagak airez sartzeko kiñuarekin pilota utzia aurrekoadroetan Arangureni, baina hau behar bezela iritxi ez eta txapaz behera pilota botata 15-21. Aurkariei bildurra sartzeraino partidua estutzera ekarri ondoren berriro oso aldapaz gora garaipena gerriko gorridunentzat, eta neke itxurarekin ere bai Arangurenek galdutako beste pilota batekin 15-22 Zubizarreta eta Irurita finalaurreak jokatzeko sailkatuak, ondo merezita egia esanda atzokoaren aurretik Prado-Ruizen aurkako norgehiagoka gogorra ere 22 eta 20 aurrera atera ondoren.

Bakoitzaren lana zehaztuz Mikel Larrañaga gazteiztar pilotari braboarena aurrena, saketik hasita min asko egin zion atzo ere pilotari saihets aldetik joaz ematen dion abiadurarekin, baina galdu egin zuen gehiegi, zortzi pilota eta bat edo beste tantoa egiteko ezin hobeak. Egindakoetan sakez bi, ezker gantxoz bat, txokoan moztutako pilotakin bost eta sake restoan airez eskubiz boleaz horma biak jo ondoren zabaleratutako pilotakada arrigarri batekin bestea. Kolpez ondo baino pixuz astun samar ere bai eta pixkabat arintzeak bere jokoari kalterik ez lioke egingo. Bere bikotelagun Aitor Aranguren agiñatarrak oso partidu ona jokatu zuen, iaz jubenil mailan jokatutakoa baino dezentez hobeagoa. Hasiera haundia eman zion partiduari, garbi nagusituz atzekoadroetan eta aurrean eskubiz moztutako bi pilotakada ederrekin tanto eginaz. Aurkari gogorra izan zuen parean ordea, jotzaile batentzako izan daiteken txarrena, pilotarik galdu ez, aurrelariari kendu gainera eta azkenean norbera etsiarazten duen horietakoa. Oraindik hamazazpi urte ere bai eta nekatuta amaitu zuen baina atzelari batek pilotan nola jokatu behar duen erakutsita joan zen etxera. Mutil haundia den arren alperrikakorik ez du eta kantxan errez ibiltzen da. Jokuaren irakurketa ona egin eta ezker eskubiz pilota nola jotzen duen ikusita etorkizun bikaina aurreikusi daiteke agiñatarrarentzako.  

Iraitz Zubizarreta ataundarra etzen atzo ere denbora pasa etorri zumaiara. Aurkarien hasiera bortitzari aurre egiten jakin zuen atzelariari sake gaiztoak sotamano kenduaz eta aurrekaldean pilotarik galdu gabe apenas, bat bakarra defentsan eta hiru erasoan. Egindakoak zazpi, bost zabaleratuz ezkerrarekin, gantxoz hiru eta botera bi, eta eskubiz beste biak, goitik behera jotako boleaz eta hormabiko batekin azkena. Eskertzekoa bere jarrera kantxan, ez du pilota bat galdutzat ematen eta beti erne aukerarik txikiena ere aprobetxatzeko. Dinastia txapelketako partehartze guzietako Zubizarretarik onena aurten ikusten ari gerala esatera ausartuko ginake. Eta zer gutxiago esan bere bikote lagun Josu Irurita atarrabiatarrataz, bikain atzo ere, tantorik etzuen egin baina hain lan zailak tokatu ziztzaizkion garaian ere etzuen pilotarik galdu atzekoadroetan, ez ustean Zubizarretak aurrekoadroetan kastigatzeko utzitakoa izan bai zen galdutako bakarra. Ez du Arangurenen kolperik baina gerria sartu eta gorputzaren pixua lagun duela pilota aurrelariari kentzeaz gain atzelari aurkariari gaina hartzera irixteko gai da partidua gogortzen dijoan heinean. Hartu daiteke horrelako bikote lagun bat bai! 

Datorren astean jokatuko dira finalaurretako bi jalaldiak, eta lehenengoa astelehen 14an 22:00tatik aurrera: 

  1. 1.     Gazte-jubenilak….: MATA-SANTAMARIA /  EGIGUREN-OLIDEN
  2. 2.     23 urtez azpikoak: P.LABAKA-OTADUY    /  EGIGUREN-BIKUÑA