Egiguren-Oliden eta P. Labaka-Otaduy, Dinastiako finalerdietara

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2017ko abu. 5a, 15:19

Gehiago ikusteko gogoz etxeratuak bart Aitzuritik, orokorrean brillo ederrarekin mugituarazitako pilota behar bezelako erantzunik gabe geratu izana tarteka, tantoari jarraipena eman ezinik eta jokua sortzeko aukerak galduaz. 

Hauexek emaitzak:

  1. 1.     ARISTI-IBARLOZA……10  /  22  EGIGUREN-OLIDEN
  2. 2.     P.LABAKA-OTADUY   22  /  12  P.ETXEBERRIA-ALDUNTZIN

2-0, 2-2, 2-7, 4-7, 4-14, 9-14, 9-21, 10-21 eta 10-22 nagusitu zen gazte-jubeniletako norgehiagokan EGIGUREN-OLIDEN bikotea serio eta ondo jokatuz. Julen Egiguren aurrelari azpeitiarrak tanto bat galdu zuen eta zazpi egin: ezker airez bi pilota txokoan utzita, botera eskubiz joaz zabalean eta txokora moztutako pilotekin beste hiru, eta atzera luze jotako bi pilotakadekin gainontzeko biak. Iristen den pilotaria da, ondo luzatzen du pilota eskubiz eta tantoa egiteko aukerak ez ditu alperrik galtzen. Zeregin horretan bikain lagundu zion ordea Añorgako Pilota Elkarteko Aratz Oliden oriotarrak, bi esku onekin gerria sartu eta pilota dotore luzatzen duen atzelaria. Bi pilota galdu zituen, bat sake restoan eta bestea ezker hormako goiko txapa ikutu izanagatik pilotakada eder baten ondoren. Egindako tanto bat ere bai, aurrelari aurkaria txokoan zegoela pilota zabalera moztuta.

Gorka Aristi getariar aurrelariak etzuen gaizki jokatu, lau pilota galdu zituen eta zazpi egin eta hoietako bost botez ezin hobeto pilota moztuta, zabalera botatakoak batipat. Ederki gurutzatutako ezker gantxoz eta atzera luzatutako pilota banakin gainontzean egindako biak. Aimar Ibarlozari lan asko pilatu zitzaion atzo. Atzean agindu eta aurrekoadroetan tanto egiteko aukerako pilotak bikotelagunari uzteko eginkizuna erabat zaildu zion gerriko gorridunen lan onak, pilotakada ederrak jo zituen arren aurrera eta atzera kantxan asko ibiltzea tokatu zitzaion eta partidu erditik aurrera bere errendimenduak behera egin zuen nabari. Hamar pilota galdu zituen eta hoietako lau erasoan ahalegin haundiz tantoa apurtzeko asmotan jotako pilotakadekin. Saketik hasita aurkari aurrelariak ere pilota luze eta bizi atzeratzen zuelarik biren kontra aritzea tokatu zitzaon tanto askotan eta lan zaila edozeinentzako ere. Ezker eskubi pilota gozatuz bere dohaiak erakutsi zituen nolanahi ere markiñarrak.

Hogehita hiru urtez azpiko mailako norgehiagokan 3-0, 3-2, 10-3, 12-7, 15-9, 18-11 eta 22-12 nagusitu zen gerriko gorriz ateratako P.LABAKA-OTADUY bikotea, bakoitza bere lekuan eta beste munduko gauzarik egin gabe. Peru Labaka zizurkildarrak zazpi tanto egin zituen: ezker airez pilota txokoan utzita bi eta gantxo eder batekin bestea, goitik behera bolea eskubiz zabaleratuz bat eta botera eskubiz zabalean moztuta beste biak. Ezagutzen degu Peru eta bere errekurtsotaz baliatzen jakin zuen atzo ere, saketan pilota frontisaren goikaldean joaz pasa ez pasa botea eginarazi eta horrela bueltan zetoztenak ere aukerako pilotak izatea lortu eta kontenplaziorik gabe tantoa eginaz, eta defentsan pilotarik galdu gabe, galdutako bakarra erasokoa izan bai zen. Gorka Otaduyk badaki hobeto egiten bere lanak baina etzuen gaizki jokatu halere, pilotari ematerako orduan fresko ikusi genuen bere bi beso ederrekin eta tanto bat ere eginaz atzekoadrotan baztarreratutako pilota batekin. Behartu zutenagatik galdu egin zuen gehitxo ordea, bost pilota: sake-restoan bi eta behartu gabeko beste hiru.

Peio Etxeberria gogo eta sasoi haindiarekin etorri zen ba atzo Zumaiara partidua aurrera ateratzeko asmotan! Bai horixe, baina horretarako ezinbestekoa zuen bikotelagunaren laguntzik etzuen izan. Aukera gutxi tantoa egiteko eta hoiek ere berak sortu behar. Hamar eta hiru galtzen eta partiduaren norabidea ikusita ahalegindu zen atzelariarentzako ziren sake-restoko pilotak airez ekarri eta bere aukerak sortarazten, baina han zegon ordea zain zizurkilgo azeria aukerarik txikiena ere alferrik pasatzen ez usteko.., ezinezko lanak. Sei tanto egin zituan ultzamarrak hala eta guztiz: ezker airez txokoan pilota utzita bi, ia lautik jotako ezker gantxo ikaragarri batekin bat, ezkerrez botera baina besagain erara pilota zabaleratuz beste bat eta botera baita ere baina eskubiz moztuta gainontzeko biak. Bost pilota galdu zituen eta hoietako hiru erasoan jotakoak. Pilotan gehiago jokatu ez izanaren penaz joan zen etxera Peio mutil ona. Aitor Alduntzin iruñatarra galdutako penaz gain bikotelagunari gehiago ez lagundu izanaren damu ere izango da ziur aski. Atzelari batek behar duen segurtasunik etzun erakutsi partida guzian zehar, jarri ezinik pilotara eta "buena" egindako gehienak ere behar bezela gozatu gabeak. Egindako tanto bat bere aldeko notarik garrantzitsuna pilota ondo gozatu eta atzekoadroetan bazterreratutako batekin egina, eta zortzi galdutako, hoietako hiru sake restoan.

Datorren astelehenean Abuztuak 7 izango da azken laurdenetako hirugarren jardunaldia 22:00tatik aurrera:

  1. 1.     Gazte-jubenilak….: IRIARTE-BALERDI….…. /  LARRAÑAGA-CORDON
  2. 2.     23 urtez azpikoak: SALABERRIA-AIZPURU /  ALBERDI-GARMENDIA