Riol-Aizpuru eta Salaberria-Arratibel dira Dinastia Etxabeko beste finalistak

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2016ko abu. 19a, 13:59

Riol-Aizpuru jubeniletan eta Salaberria-Arratibel 23 urtez azpikoen mailan Alberdi-Ibarloza eta Larrañaga-Otaduiren aurka finala jokatzeko sailkatu diren pilotariak majo kostata bart arratseko pilota partiduak irabazi ondoren.

Hauexek emaitzak:

1. EXPOSITO-ARANGUREN, 20 / RIOL-AIZPURU, 22

2. Peru LABAKA-SANCHEZ, 21 / SALABERRIA-ARRATIBEL, 22

Gazte mailako lehenengo partidu luze eta gorabeheratsuaren ondoren maila haundiko pilota ikuskizuna bigarrengoan, non hogeitabana berdindu eta finala jokatzeko tanto erabakiorraren faltan ondo neurtutako ormabiko batekin hogeitabigarrena egitea lortu zuen Salaberria, txapelketako 23 urtez azpiko pilotari gazteenak.

3-0, 4-3, 9-5 eta 14 eta 7 aurretik joan ondoren Exposito-Aranguren gerriko gorridun bikotea, 14-14 markagailuko lehenengo berdinketa Riol eta Aizpururen joku bolada onari esker, eta 15-17 aurrea hartu arren azken hauek, l7-17, 19-19 eta 20-20ko beste hiru berdinketa gainditu beharra izan zutenak 20-22ko emaitzarekin azken garaipena lortzeko 70 minutu inguruko norgehiagokan. Partidu gorabeheratsua lehenago esan bezela eta ez markagailuak erakusten duanarengatik bakarrik baizik eta gerriko gorridunak 15 eta 14 aurretik jarri zirenean heuren aurrelari-atzelari postuak aldatu zituztelako ere. Tanto txalotu eta ikusgarriak izan baziren gehiago huts edo akatsen bidez lortutakoak hala ere, 17 egindako eta 25 galdutako denera.

Julen Aizpuru asteasuarra izan zen laukoteko onena, bost pilota galdu zituen eta hiru hasiera hasieran baina bera izan zen partiduaren pixua eraman zuena eta nola gainera, norgehiagokaren lehenengo zatian sufrituz Aranguren fresko baten ezker-eskubiko zirti-zartei eta Expositoren eskubizko kolpe biziari erantzunez eta partidua gogortzen zihoan bezela bere terrenoa berreskuratu eta agintzera pasatuz Riol bikote lagunari tanto batzuk egiteko aukera emanez. Azken laurdenetako partidu ondoren esan genuen batere behartu gabe eta errezegi irabazi zutela baina etorriko zirela garai gogorragoak eta bai etorri ere, estu hartu zutenean etzuen amorerik eman eta bere buruan siniztuz eta dituen gaitasunei esker galtzea merezi etzuen norgehiagoka irabaztea lortu zuen bikotelagunarekin ondo ulertuaz. Ezkerrarekin ere ondo baina bere eskubi dotorearekin ederki konpasatutako hamaika pilotakada eder bidali zuen atzekoadrotara, bi tanto eginaz baina gehiago ere izango zirenak Aranguren eta Expositok bezelako airezko defentsa oneko aurkaririk ez balu izan parean, bikain asteasuarra. Unatx Riol portugaletearrak beste munduko gauzarik egiten ez duen bezelaxe erreztasunik eman ere ez, eta aukera duenean tantoak egiteaz gain pilota gutxi galdu eta aurkariak behartzen ditu tantoak egitera, eta hau edonoren esku ez dagoenez bere lanari etekina ateratzen dioen horietakoa da. Kolpe haundirik ez izateaz gain atzo eskubiara ere juxtu antzean zuanaren tankera eman genion baina anka onak ditu eta bere aukerak aprobetxatzen dakiena da, sei tanto egin zituen eta sei galdu. Hodei Exposito astigarratarraren eskubia kontutan hartzekoa da, aurretik botera eta airez berriz edonondik jota ere min egiten duelarik. Tantoak errematatzeko garaian ez denez nunbait eroso sentitzen aurrekoadroetan ez ditu aukerak behar bezela aprobetxatzen eta galdu gehitxo aukeran, hiru egindako eta hamar galdutako kontatu genizkion baina hoietako hiru atzelari lanetan aritu zenekoak. Aitor Aranguren agiñarrak etzuen gaizki jokatu, hamalau eta zazpi irabazten joan ziren arte oso ondo atzean ezezik aurrean ere tanto bate do beste eginaz baina gero pilota batzuk galduz ere bai bere jokoak beheraka egin zuen. Hamalauan berdinduta egonik hamabostgarrena egin ondoren lekuak aldatu eta aurrelari postuan jokatu zuen eta tanto batzuk egin zituen arren galdu ere bai eta egindako aldaketa etzen garaipenerako baliagarria suertatu. Sei tanto egin eta lau galdu denera.

3-0, 3-2, 5-5, 8-7, 11-11 oso parekatuta joan ondoren eta, gerriko urdinekoak 11 eta 18 markagailuan aurreratzea lortu arren, gerriko gorridunak 20 eta 18 “arrapar y pasar” esan ohi dena eginaz oso maila onean jokatutako pilota partida ikusteko aukera izan genuela esan behar bigarren norgehiagokan. Abiadura bizian jokatuz tanto on asko ikusteko aukera izan genuen eta emozioz betetako 20 eta 21garreneko berdinketen ondoren gerriko urdindunen alde eroria ausardi haundiarekin ormabikoz egindako beste tanto eder batekin. Peru Labaka eta Sanchezek Espinal eta Martinezen kontra jokatutako partiduan bezela, izan zen atzo ere pilota jokoan zela publiko pilotazalea txaloka hasterainoko tanto luze eta ederrik, azken zatian orduko hark tanteo parekotasunik gabe falta izan zuen emozioa ere izan zuelarik atzokoak. Lehenengo partiduarekiko bigarren honek izan zuen maila onaren ezaugarrietako bat egin eta galdutako tantoen bataz bestekoa, 25 eta 18, jubenilenean 17 eta 25 izan ziren bezela.

Lau pilotariak aritu ziren maila onean eta aurrelariak batipat, tokatzen zaien bezela tanto asko eginaz eta ikuskizun ona emanez. Hauexek tantoei buruzko datoak: Peru Labakak 14 egin eta 6 galdu; Salaberriak 10 egin eta 2 galdu, Sanchezek 0 egin eta 3 galdu eta Arratibelek 1 egin eta 7 galdu. Inork etzuen arren galtzerik merezi Salaberria eta Arratibelek irabazi egin zuten, azken sakea besteak izanik ere.
Gainontzeko xehetasunetan sartuaz eta garaileetatik hasita Iker Salaberria bikain atzo ere, maixutasun haundiarekin jokatuz eta tanto asko egiteaz gain gutxi galduaz, eta hemen datza mutiko honen sekretuetako bat. Ausardi ikeragaria du tantoa egitera sartzeko garaian, ondo aukeratzen ditu horretarako pilotak eta beti ere bere lanean zentratua egoteaz gain ez da kokiltzen, jokoaren erantzunkizuna ere hartuaz dagokion garaian.Peru Labaka ere bikain eta aurreko partiduan bezela pilota alde batetik bestera abiadura azkarrarekin mugitu eta aukerako pilota hartzen zuanean aurrean di-da tantoa eginaz. Ibai Arratibel ataundarra ere ondo baina aurrekoan baino pilota gehiago galduaz aurkari Sanchezek ere asko baztertzen ziolarik pilota. Aurreko partiduan bezela hasiera galdu zuen gehien baina gero ondo, etzen kokildu eta partiduaren azken unetan aurre egiten jakin zuen aurkarien joku onari pilota kenduaz Peruri. Jorge Sanchez Labraza araba errioxarra zer esanik ez, langile, oso seguru pilota gutxi galduz eta aurrelariari pilota kentzen ahaleginduz beti ere frontiseko goialdean joaraziaz.

Gauzak horrela iritxi gera finaletara hauxe izanik karteldegia:

Finalak, abuztuak 25, 22:00etan.

Jubenilak, Alberdi-Ibarloza / Riol-Aizpuru

23 urtez azpikoak, Larrañaga-Otadui / Salaberria-Arratibel