Exposito-Aranguren eta Peru Labaka-Sanchez bigarren finalaurreko jardunaldira sailkatu dira

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2016ko abu. 10a, 13:48

Exposito-Aranguren jubenil mailan eta Peru Labaka-Sanchez 23 urtez azpikoan bigarren finalaurreko jardunaldira sailkatu diren lehenengo pilotariak. 

Hauexek bart arratseko emaitzak:

1. Peio ETXEBERRIA-MARIEZKURRENA 17 EXPOSITO-ARANGUREN… 22

2. Peru LABAKA-SANCHEZ…………………. 22 ESPINAL-MARTINEZ….……13

Akats gehiegizko lehen norgehiagoka estu baten ondoren distira haundiz jokatutako pilota partidu eder bat ikusteko aukera eman ziguten finalaurretara pasatu nahian bere onena eman zuten 23 urtez azpiko lau pilotariak, probetxu oneko denbora pasa Aitzuriko atzo arratsekoa zalantzarik gabe.

Parekotasun haundiarekin jokatutako norgehiagoka jubenil mailakoa lehenengo zatian, 1-1, 2-2, 3-3, 8-6, 10-10, eta hamaikanako markagailuko paradak erakutsi zuten bezela. Ordurarte ez bezela hurrengo tantoan 11 eta 12 aurrea hartu zuten lehenengo aldiz gerriko urdindunek eta jokoan ere nagusitasun gehixiagorekin 12-14, 15-18, 16-20 eta 17 eta 22 irabaztera irixteraino. Pilotakada ederrez osatutako lehia estuak aurrelarien errematerako ausardi falta eta ondoreneko pilota galtzea izan zituen ezaugarri, Hodei Exposito Astigarratarrak pilota ondo astindu eta gutxiago galdu zuelarik Peio Etxeberria Ultzama bailarako Zenotztarrak baino. Atzelariei dagokionez Aitor Aranguren Agiñako 16 urteko pilotari osatua, tanto askotxo galdu zuen arren aurrekoadroetan tantoak egiten ere dakiña dela erakutsi zuen atzo ere. Jon Mariezkurrena Berrioztarrari ezker eskubiz pilota askori kolpea suelto botatzea tokatu zitzaion atzo eta gustatu zitzaigun, hain mutiko garaia izanik ondo eransten diolarik kolpea pilotari gerriarekin lagunduaz. Iker, eskuetako arazoakin atzo jokatu ezin izan zuenak, botilero lanetan lagun zuela partidu txukun bat eginda joan zen anaietan gaztena.

23 urtez azpikoen norgehiagokan partidu on batek behar dituen ezaugarri denak bistatu ziren, bigarren zatiko markagailuaren diferentziak eragindako emozio faltan egonik partidu borobilagoa ez izanaren arrazoia. Pilotari abiadura emanez distira haundiko tantoak jokatu ziren, pilota bideratzen zen bazter guztietara iritxiaz askotan lau pilotariak, publikoa txaloka asterainoko modukoak ere bai kasu batean pilota jokoan zela. Bi aurrelari ausart eta bi atzelari sendo bertaratutako pilotazaleei zeukaten guzia eskaini eta finalaurretarako txartela lortu asmoz. Diki-daka batean erremate asko aurrelarien artean eta atzelariak ere zein baino zein hobeto, eta gogoan izateko modukoa 8 eta 4 zihoazelarik irabazten gerriko gorridunak, eta bi aurrelariak tanto egiteko pilota nora bota etzekitela jada, Espinalek gorputza luzatuz pilota txapa eta zabaleko arrastotik juxtu juxtu libratzeko moduan utzi eta botea egin ondoren berari ikutu eta aurkarien markagailura igo zena. Beti markagailuan aurretik joan izanaren lekuko 5-1, 9-4, 10-6, 13-7, 14-1, 19-13ko paradak eta 22 eta 13koa azken emaitza.

Banan bana aipatuz Peru Labaka zizurkildarra laukoteko onena, egin eta eginerazten duen pilotaria, pilotarekin edo pilotarik gabe, ezker airez gurutzatu eta txokoan utziaz, eskubiarekin goitik beherako boleaz ere bai eta defentsa izugarria erakutsiaz basakatu bat bezela ibiliaz kantxan. Galdu gutxi eta egindako 11 tantorekin ekarpen izugarria partidaren garaipenerako. Jorge Sanchez egun Logroñotar baina Labraza Araba Errioxan jaiotako pilotariak ere partidu bikaina jokatu zuen, Martinez atzelariari ederki eusteaz gain kantxako zuloak ezin hobeto zaindu zituen eta Peruren airezko pilota jotze imintzioei primeran erantzun gainera. Hoiek horrela eta pilota bakarra galdu zuela kontuan izanda ezin gehiago eskatu. Iker Espinal iruñarra ere saiatu zen tantoa egiten aurrekoadroetan bere ezker dotorearekin baina batzutan Peru eta bestean Jorge ezin zulorik bilatu. Errematean ondo baina galdu egin zuen atzo gehitxo eta horrela 14 eta 11 zihoazelarik atzelariari aurrekoadroetan utzi beharreko pilota batera sartu izanean galdu zuen ziur aski 2 tantora urreratu eta aurkariak estutzen jarraitzeko aukera. Iñigo Martinez beratarrak ere partidu ederra jokatu zuen, ezkerrarekin beti bezain dotore botera eta airez, eta eskubiarekin pilotari kolpea tira eta atzelaria behartuaz, baina aurkari gogorrak tokatu zitzaizkion eta tantoa egitea oso garesti zegoen atzo. Hiru pilota galdu zituen eta egindako bat atzekoadroetan ezker ormaren kontra jarritako pilota batekin.

Bihar Osteguna Abuztuak 11 azken laurden fasean jokatzeko gelditzen diren bi norgehiagoka:

1. ELOLA-ANDUAGA…………/ RIOL-AIZPURU jubenil mailan, eta

2. SALABERRIA-ARRATIBEL / PRADO-ETXEGOIN 23 urtez azpikoan.