Anso-Zezeaga eta Zubizarreta-Erasun Dinastia Etxabeko final-laurdenetara pasa dira

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2016ko abu. 3a, 15:05

Anso-Zezeaga eta Zubizarreta-Erasun bart arratsean Zumaian jokatutako pilota partiduetatik finalaurrekotara pasa diren pilotariak.

Hauexek emaitzak:

· ANSO-ZEZEAGA……………22 / CANABAL-APEZETXEA….5

· ZUBIZARRETA-ERASUN…22 / PEÑA-SALEGI…………….…8


Azkar amaitutako partiduak biak ere eta joku aldetik emaitzak dioten bezelakoxe aldearekin. Askoz gehiago izan ziren atzo gerriko gorridunak.

Azken orduko Garciaren etorri ezinak uste baino haundiagoko desoreka sortu zuen lehenengo partiduan, Apezetxea gazteak partiduari eusteko beharrezkoa zuen laguntza emateko gai ez izanik ordez etorritako Canabal, Oberena elkarte bereko pilotaria. Ezker eskubiz pilota bikain jotzen duen Apezetxeari ezin eskatu ia hiru urte zaharragoa den Zezeagari nagusitzea atze koadroetan eta Ansok ere pilota bizi mugituarazten duenez ezinezkoa erregulartasun batekin jokatzea bikotekidearen laguntzarik izan ezean, eta kontuak horrela 13-0, 13-1, 17-2, 18-3, 20-4 eta 22 eta 5 azkeneko emaitza.

Banan bana aipatuz, Ernaitz Anso Oronoztarra ondo, errezegi behar bada, 9 tanto egin eta 2 galdu eta hauetako bat 13 eta 0 zihoaztenean sakea motzegi atereaz. Josu Zezeaga bergararra ere ondo, ezker eskubi pilota gozatuz atze koadroetan eta aurrean mozten dakila ere erakutsiaz. Ezin horrelakorik esan Oihan Canabal Iantzitarraz, lotua eta pilotari gutxi emanez. Antton Apezetxea goizuetarrak bi esku dotorekin atzelari on bat izateko gaiak dituela erakutsi zigun atzo. Errez libratuz biekin ere, eskubiarekin kolpea eransten dio pilotari, baita atzekoadroetatik ere bere bila joanaz.

Bigarren partiduan ere nagusitasun nabaria Zubizarreta-Erasun bikotearen aldetik. Kartelak atzekoadroetan gerriko gorridunentzat aurreikusten zuen aldea aurrean gerriko urdindunen aldetik orekatuko zenaren ustetan ginen neurri batean, baina etzen horrelakorik gertatu, Erasun Salegi baino gehiago izan zen bezela Zubizarreta etzen Peña baino gutxiago izan eta 3-0, 12-1, 19-6, 20-7 eta 22 eta 8 nagusitu ziren gerriko gorridunak.

Oraindik jubenila den Iraitz Zubizarreta Ataun-Lazkaotarra ondo ikusi genuen, anketatik bizkor eta tantoa egiteko orduan ausart, 7 egin zituen eta denak ezkerrez, gantxoz 4, txokoan utizta airez beste 2 eta botera eskubira moztuaz 1. Aurrean galdutako bat bere akats bakarra. Jon Erasun zizurkildarra ere oso ondo, kantxan bere lekuan kokatuta beti bezela eta pilotari ematerako orduan inoiz baino hobeto behar bada, atzetik aurrera etorri eta gerria ondo sartuaz pilota astintzerako garaian. Gehixiago behartutakoan ikusi beharko baina seinale onak utzita joan zen atzo zumaiatik. Ez hainbeste ziur aski Jon Ander Peña tolosarra, jakitun lan zailak izango zituala ere bereak behar bezela egin gabe joango zenaren ustetan gelditu ginen, 5 tanto egin zituen baino egin beharreko beste batzuk galdu ere bai. Unai Salegi itziartarrak ere etzuen egun ona izan eta pilota galtzean baino oker haundiagoa izan zuen gozatzerako orduan, behar bezela atzeratu gabe aurretik eta kendu ezinik atzetik.

Bihar osteguna Abuztuak 4 azken laurdenetako bigarren jardunaldia 22:00tatik aurrera beti bezela:

1. ALBERDI-IBARLOZA…… / LERENA-SALAVERRI jubenil mailan, eta
2. ERRANDONEA-URIZAR / E. LABAKA-OTADUI 23 urtez azpikoan.