Espinal-Martinez eta Prado-Etxegoin bikoteak Dinastia Etxabeko final-laurdenetara sailkatu dira

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2016ko uzt. 30a, 15:22

Espinal-Martinez eta Prado-Etxegoin bart arratsean Zumaiako Aitzuri pilotalekuan jokatutako bi pilota partidetako garaile eta azken laurdenetara pasa diren pilotariak, hauexek emaitzak: Espinal-Martinez, 22; Olano-Medina, 10, eta Azketa-Legarreta, 10; Prado-Etxegoin, 22.

1 eta 3 galtzen hasi eta, 4-4, 6-6 eta 10-8ko parekotasunarekin jokatzen aritu ondoren, 17-8, 19-10 eta 22-10eko emaitza nafarren arteko lehenengo partiduan gerriko gorridunen alde, norgehiagoka aurrera zihoan heinean hauen jokoak gorakada eginik gerriko urdindunen kaltetan.

Iker Espinal iruñarra izan zen laukoteko onena lau pilota galdu bazituen ere. Egindako gehienak ezkerrarekin, airez txokoan eta gantxoz bakoitzetik bana baino gehiago eta dotoreago botera joaz pilota, ezker orman zehar moztuaz bi tanto eta ziarretara kontrakantxaruntz bidaliaz beste bi; txapagain eta ormabikoz egindako banakin zortzi egindako denera. Iñigo Martinez beratarra nahiko hotz hasieran bi sake eraman gabe utziaz eta pilotara behar bezela jarri ezinik eskubiarekin, gainontzean txukun eta partidua aurrera zihoan heinean pilotalekuari neurria hobeto hartuaz atzera luzatutako pilota batekin tanto bat ere egin zuen. Anartz Olano aresotarrak aldiz hasiera hobea izan zuen, beti bezela pilotari bizi emanez eta ezker gantxoz hiru tanto eginaz, baina pilota geitxo galduz bigarren zatian behera etorri zen bere jokoa, bikote lagun Ruben Medina iruñarrarena bezelaxe, bere lekua behar bezela defenditu ezinik amaitu zuelarik norgehiagoka.

Bigarrengo partiduaren hasiera orekatua izateaz gain kalitate onekoa ere izan zen, eta pilota diki-daka batean jokuan ibili ondoren 1 eta 1eko Pradok egindako tantoa eta 2 eta 1eko Azketarena horren lekuko. 2-5, 6-6, 6-10, 7-14, 9-17, 10-20 eta 10-22 ondoneko norgahiagokaren ibilbidea. Gerriko urdindun bikoteak hasierako joku maila onari eusteko gai izan zen bezela, zulo edo tarrata bat nabaritu zitzaion bikote gorriarenari atze koadroetan eta, lanak ondo eginaz hori bai, nahiko errez irabazi zuten gerriko urdinekoak markagailuak erakusten duen bezela.

Adrian Prado Najerako pilotari ezkerra asko gustatu zitzaigun, edozein pilotarik behar dituen anka bizkorraz gain ezker trebea du eta aparteko tokerik ez izan arren pilota ondo mugiarazten du kantxan, eta lehenengo errematean ez bada ondorengoetan tantoa egiteko gai da. Hamar egin zituen eta ez aurrean bakarrik, aurkariak aurrera ekarriarazi eta atzekoadroetan ere bai. Ezker ona du eta pilotara ondo jartzen da nahiz defentsa nahiz erasoko pilotetan. Luzimen honetan bikote lagun izan zuen Iñaki Etxegoin Donibane Garazitar atzelariak egindako partidu onak ere izan zuen noski zer ikusia, pilotalekuari neurriak hartuaz partidua aurrera zioan heinean hobeto jokatuz. Eskubiarekin jotako pilotakin min egiten duen arren gehiago egin behar luke anka jokuz lagundutako behetik gorakako pilota kolpea erabiliko balu. Kontutan hartzeko bikotea noski datozen partidutarako. Beñat Azketa beasaindarrak ondo jokatu zuela esan behar, etzuen izan behar bezelako laguntzik baina etzen inoiz partidutik atera eta bere lekua ondo defenditu zuen, bost tanto egin eta lau galdu. Imanol Legarreta Amurrioko pilotariak hasiera txukuna eman zion partiduari baina bere jokoak beherakada nabarmena izan zuen eta bere barruko eztul eta guzi fisikoki baldintza honetan etzegoelako ere bai ziur aski.

Gauzak horrela Espinal eta Martinezek Peru Labaka eta Mariezkurrenaren aurka jokatuko dute Abuztuaren 9an eta Prado eta Etxegoienek Salaberria eta Olaizolaren aurka 11ean.

Datorren astean jubenil mailakoak ere sartzen direlarik azken laurdenetako partiduak jada, eta astearte Abuztuak 2an lehenengo zita:

  1. 1. Anso-Zezeaga / Garcia-Apezetxea, jubenil mailan, eta
  2. 2. Zubizarreta-Erasun / Peña-Salegi, 23 urtez azpikoan.