Dinastia Etxabek baditu lehen finalistak

Erabiltzailearen aurpegia

LARRAZABAL-AGIRRE eta CANABAL-ARBIZU aurtengo Dinastia Etxabeko finalera sailkatu diren lehen bikoteak, gazte-jubenil eta 23 urtez azpikoen mailan.

Hauexek emaitzak:

  1. LARRAZABAL–AGIRRE, 22 / OSKOZ–URANGA, 12
  2. GARCIA–ZEZEAGA, 14 / CANABAL–ARBIZU, 22

Gazte-jubeniletako norgehiagokaren markagailuak erakutsitako parada garrantzitsuenak 0-2, 2-3, 2-5, 3-6, 4-7, 13-7, 15-8, 15-12 eta 22-12 Larrazabal eta Agirreren mesedetan. Bi zati bereiztu behar, Oskoz-Uranga gerriko urdinez ateratako bikotea 4-7 aurreratuta joan artekoa, eta hortik aurrerakoa, non Uranga atzelari azkoitiarrak bere eskubia galdu zuen eta partidua erdi hautsita geratu ondoren Larrazabal-Agirre bikote gorria nahiko errez nagusitu zen.

  • Iker Larrazabal amurriotar aurrelariak serio jokatu zuen. Hasieran bizpahiru pilota errez galdu zituen baina gainontzean ondo. Sakearekin min egin zuen, luze baztarreratzeko norabide onarekin batzuetan eta zital zital eskuin aldean jarriaz pilota beste batzuetan, Oskozen airezko restoa saiestu eta Urangaren eskubia bilatuz. Ezker gantxo ederrak ere jo zituen eta postura honekin hiru tanto egin ere bai besteak beste.
  • Gaizka Agirre narbartearrak oso ondo jokatu zuen, ezkerrez pilota errez kenduaz aurreko koadroetatik eta eskubiarekin gozatuz, atzetik aurrera etorri eta pilotari kolpea erantsiaz. Pilotaria da.
  • Patxi Oskoz aurrekoan bezain gogotsu eta langile. Atzelariari asko lagunduz, bai sake-restoan eta bai bestela, eta bere terrenoan gauzak zail jarriaz aurkariari, defentsan oso ondo eta errematean ausart. Baina bikote lagunari eskua oso azkar izorratu zitzaion eta hortik aurrera erabat aldapan gora jarria partidua. Ahalegin denak egin bazituen ere ezin gainditu kanporaketa, dena den ahogusto ona utzita joanda iantziarra.
  • Jagoba Urangak asko sufritu zuen atzo. Hasieratik ohartu ginen bere eskubiarekin ez zuela askorik gozatzen eta handik lasterrera geratu zen pilotari eman ezinik, frontisera iristen ez zela batzuetan eta ozta-ozta ailegatuz bestetan, sake-restoan bezela gainontzean. Ezkerrez ondo baina eskubiz jotzeko pilota askoz gehiago izan zuen eta ezin. Pena bat. 

Lehehenengo partiduak falta izan zuen lehia eta jokua bigarrengoan izan genuen. Gauza on asko ikusitakoak, zein baino zen sendoago aurrelarietan bezela atzelarien artean, tantoak eginaz batzuk eta horretarako aukerak sortarazten besteak. Hauxe markagailuak erakutsitako ibilbidea: 0-2, 2-2, 2-3, 5-3, 5-9, 7-14, 8-14, 9-15, 11-19 eta 14-22 Canabal eta Arbizuren alde, behetik gora etorritako bikotea eta merezimendu osoz finalera iritxitakoa.

  • Oihan Canabal iantziarrak oso partidu ona jokatu zuen, serio bezain ausart, defentsan sendo eta erasoan tanto asko eginaz, 13 denera eta galdutakoak 3. Bikote lagunarekin oso ondo konponduaz etekin ezin hobea atera zion bere joko erasokorrari. 
  • Aaron Arbizu etxarri-aranaztarra, berriz, bikote lagunaren parean edo gehiago oraindik, orain arte jokatutako hiruretatik atzokoa izanik egindako partidurik onena Canabalek bezela. Bi tanto egin zituen eta beste bi galdu, baina hau esanda bakarrik ezin gelditu. Asko eta askotan eman zion pilotari eskubiarekin, eta ezkerrarekin pilota zail asko ekarri ere bai. Airez ere oso ondo moldatu zen aurkarien jokoari aurre egiten, nahiz eskubiz nahiz ezkerrez. Kantxan bizkor ibiltzen den pilotaria da eta gustagarria ere bai.
  • Ivan Garcia iruñarrak ere aurreko partiduan baino dezente gehiago jokatu zuen, hasieran airezko jokoan sartzeko bildurrez bezela, baina gero ausartu zenean ezkerrez tanto ederrak eginaz, airez bezela botera, 6 tanto egin zituen eta 2 galdu. Galdu arren partidu ona jokatu zuela jabetuz pozik joan zen etxera.  
  • Iosu Zezeagak hiru tanto egin zituen, bi atzean eta hirugarrena zabalean bikain moztutako pilota batekin. Ondo jokatu zuen baina aurrekoan baino txispa gutxiagorekin etorri zen atzo. Pilota ondo atzeratu bazuen ere behar bezela ikutu gabe eta ezin minik egin aurkariari. Aurreko bi egunetan ere partiduak jokatuta nunbait eta nabaritu zitzaion bai bergaratarrari.

Datorren ostegunean abuztuak 22 jokatuko dira finalaurretako azken bi partiduak:

  1. Gazte-jubenil mailan GUTIERREZ–MORGAETXEBARRIA /  IGOA-ERKIAGA
  2. 23 urtez azpikoetan..  EXPOSITO–BALERDI / SALABERRIA–ALTUZARRA