Erabakita zer zortzi bikotek jokatuko dituzten Dinastiako finalaurrekoak

Erabiltzailearen aurpegia

IGOA-ERKIAGA eta SALABERRIA-ALTUZARRA finalaurretara pasa diren azken bi bikoteak bart arratsean jokatutako norgehiagokak irabazi ondoren. 

Bi partidu ezberdinak oso atzo Aitzurin, gazte-jubenilen motz bat eta maila apalekoa, eta 23 urtez azpikoen luzea eta ona, pilota ikuskizun aparta eskaini zigutelarik maila altuan jokatu zuten lau pilotariek. Hauexek emaitzak:

LARRAÑAGA – ERLE, 12 / IGOA – ERKIAGA, 22
SALABERRIA – ALTUZARRA, 22 / MATA – IRURITA 16

Lehenengo partiduko markagailuaren ibilbide nagusia 0-6, 2-7, 4-8, 5-11, 6-18, 7-19 eta 12-22 Igoa eta Erkiagaren alde. Ez zen partidu ona izan, egindakoak baino galdutako tanto gehiago izan zirelarik, 12tik 22ko proporzioan.

  • Josu Igoak 9 tanto egin zituen eta 5 galdu. Pilotaria da Etxarri Aranazko gaztea, atzera pilota kastigatu bezela aurreko koadroetan era guztitako tantoak egin zituena. Nolanahi ere zailtasun askorik gabeko pilota bat edo beste galdu zuen.
  • Lander Erkiagak ondo jokatu zuen baina egia esanda askorik behartu gabe. Ez zuen tantorik egin eta hiru pilota galdu zituen. Ezkerrez libre eta eskubiarekin zaplastekoa emanez pilotari baina zeanuritarrak ere hobeto aprobetxatzekoak ziren pilota bat edo beste alperrik galdu zituen.
  • Oier Larrañaga zumaiarrak 3 tanto eder egin zituen esker airez jota eta 6 galdu. Ez zuen gaizki jokatu, aukerako pilota gutxi izan zuen eta hain aukerakoa ez zen pilota batekin ere ezker gantxoz tantoa egiteko duen gaitasuna agerian utzi zuen.
  • Iñigo Perez Erle oñatiar pilotariak tanto bat egin zuen aurreko koadroetako dejada batekin eta zazpi pilota galdu. Ezkerrez pilota ekartzen ibili zen ondoen, eskubiarekin berriz pilotara jarri ezinik eta batere gozatu gabe.

Bigarren partiduko markagailauk erakutsitako esanguratsuena hauexe: 0-3, 1-4, 4-4, 5-5, 7-7, 8-8, 9-9, 10-10, 13-10, 13-11, 16-11, 16-12, 17-14, 18-16 eta 22-16 Salaberria eta Altuzarraren alde.

Partidu bikaina. Luzea eta ona aurrez esanda bezela, ordu eta laurdenetik gorako denboran lau pilotariak maila altuan jokatu zutelarik, Salaberria izan baldin bazen ere diferentziak markatu zituena. Izan zen zer ikusirik bai, eta txalotutako tanto asko, 21 izanik egindakoak eta 17 galdutakoak, hauetako 8 erasoan jotako pilotekin eta batzutan aurrez tantoa egiteko adinako meritoko pilotak jasoak izan ondoren.

  • Iker Salaberriak 12 tanto egin zituen eta 2 galdu eta biak erasoan, hormabiko bat zabalegi aterea eta zabalean kanpora ozta ozta joandako pilota bat kotraerasoan jota bestea. Goizuetarra askotan joan izan da etxera ondo jokatuta eta atzo baino tanto gehiago eginda ere bai, baina ez atzo bezela pilotan jardunda, lana beltz egitea tokatu zitzaion. Defentsan bikain, sake-restoan bezela sotamanoz pilota atzelariari kenduaz eta aurrean intuizio haundiz pilotaren bila joan eta errez kenduaz. Errematerako garaian berriz ausart eta eraginkor, hain aukerako pilotak ez zirenetara ere sartuaz, dinamika pixka bat hautsi eta jokoa bere terrenora ekarriaz.
  • Jorge Altuzarra Ezcarayko atzelaria asko gustatu zitzaigun. Pilotari egina eta ezker-eskubi zirti-zarta pilotari ematen dakina. Defentsarako airezko bolea ere baduen garantiazko pilotaria, kantxan aurrera eta atzera errez ibiltzen den horietakoa nahiz azkenerako nekatu zen atzo. Kilometro batzuk egin zituen bai. Tanto bat egin zuen eta sei galdu.
  • Unai Mata iruñarrak 5 tanto egin zituen eta 8 galdu. Bikotelagun Iruritak ondo lagunduta hasieran erritmo ikaragarria jarri zion partiduari, pilota errez luzatuz atzera eta aukera zuenean tantoa eginaz aurrean. Diki-daka latza mantendu zuten Salaberria eta biak aurreko koadroetan eta ahalegin guztiak eginda ere markagailuan atzetik zihoazela ikusita arrisku gehiago hartutako erremateak egin zituen partidaren azken zatian, baina ez aurkariak bezelako eraginkortasunarekin, eta hortxe egon zen partidaren gakoa.
  • Josu Iruritak norgehiagoka haundia jokatu zuen atzo ere, eta hori herenegun beste partidu bat jokatzetik zetorrela. Ateratako zenbakiak ere bikainak atzelari batentzat, hiru tanto egin eta bakarra galdu. Altuzarra baino gehiago izan zen atzeko koadroetan, baina nola etorri aurreko koadroetara Salaberrian pilota pozoitsuak jasotzera.., eta bi tanto egin gainera hantxe bertan moztuta. Asko eta ondo jokatu zuen atarrabiatar mutil jatorrak eta ez zuen galtzerik merezi. Atzean nagusitu bazen ere aurreko koadroetako azeria hanka azkarrak eta hortz zorrotzakin agertu zen atzo ere, eta azkenean amore eman behar.

Datorren astelehenean, abuztuak 19, jokatuko dira lehen finalaurretako bi partiduak:
Gazte-jubenil mailan LARRAZABAL – AGIRRE / OSKOZ – URANGA
23 urtez azpikoetan GARCIA – ZEZEAGA / CANABAL – ARBIZU