Jokatu dira Dinastia Etxabeko final-zortzirenak

Erabiltzailearen aurpegia

Bart arratsean jokatu dira azken zortzirenetan jokatu beharreko bigarren jardunaldiko kanporaketak.

Hauexek emaitzak:

OLAIZOLA - GASKUE, 7 / Julen ALBERDI - Iker ELIZEGI, 22
EGIGUREN - IRAZUSTABARRENA,13 / MATA - IRURITA, 22

Lehenengo partiduko markagailuaren ibilbidea: 1-0, 1-2, 2-2, 2-4, 4-4, 4-6, 5-6, 5-17, 7-17 eta 7-22. Ikusten den bezela, Olaizola-Gaskuek bosgarren tantoa egin ondoren hamaika tantoko takada egin zuten bikote urdindun Alberdi eta Elizegik, 6tik 17raino joanaz eta partidua ia erabakita utziaz hurrengo saltoan 22raino iritxi ziren arte.

Pilotarien lana aipatzerako orduan:

  • Julen Alberdi zizurkildarrak 7 tanto egin zituen eta 2 galdu. Ondo jokatu zuen, luze sakatu eta bikotelagunaren joa aprobetxatuz errematerako pilotak ondo aukeratzen jakin zuen.
  • Iker Elizegik ez zuen tantorik egin eta lau galdu. Ondo baitare andoaindarra, kantxan errez mugituz, eskubiarekin sendo emanez pilotari eta ezkerrarekin txukun ekarriaz zenbait pilota zail.
  • Jon Olaizolak tanto bat egin zuen eta bederatzi galdu. Ez zen ondo ibili goizuetarra aurrelari lanetan. Gogotsu ekin zion lanari, ondo sakatu eta pilota zail bat edo beste ekarriaz ere bai, baina ahalegin hauetan zaintiraturen bat edo antzeko zerbait sentitua eskubiko beso-sorbalda inguruan eta hortik aurrera eman gutxi eta tantoa egiten ezin asmatu, bere bederatzi galdutako pilotetatik zortzi erasokoak izan zirelarik.
  • Andoni Gaskuek ez zuen tantorik egin eta sei pilota galdu. Lan zailak tokatu zitzaizkion egitea atzo larrainzardarrari baina partidu hasieran Elizegiri eusten jakin zuen eta azken zatiko pilotakadarik onenak bereak izan ziren. Ez da mutiko haundia baina ikustekoa nola luzatzen duen pilota hanka joko dotore batez lagunduta, eta hori bezperan partidu gogorra jokatzetik zetorrela. Pena aurrelariak gehiago ez lagundu izana.

Bigarren partidua emaitzak dioena baino gogorragoa izan zen eta markagailuaren ibilbidea: 0-2, 2-2, 2-6, 4-6, 4-14, 6-15, 8-17, 13-17 eta 13-22. Hemen ere 8 tantoko takada batekin 4-14 aurretik jarri ziren Mata eta Irurita, 6-15 eta 8-17ko aldearekin egon zirelarik aurrerago. Eta partiduak martxa horretan laster amaitu behar zuela uste genuen garaian Egiguren eta Irazustabarrena izan ziren 13-17, lau tantoraino urreratu zirenak. Gerriko urdindun bikote nafarrak 18garrena egitearekin batera pilota berri bat atera, ordea, eta 22raino jarraian joan zirenak nagusitasunarekin irabaziaz.

Pilotariak egindako lana baloratzeko orduan:

  • Unai Mata iruñarrak ondo jokatu zuela esan behar. Defentsan sendo, tantoa lantzeko garaian ere bikain pilota atzeko koadroetara ondo luzatuz, eta errematatzeko orduan ausart hamaika tanto eginaz. Aipatzekoa nolanahi ere bederatzi pilota galdu zituela eta hoietako zortzi erasoan, zentimetro gutxiren faltan gelditutakoak erdiak bai gutxienez eta horiek tanto izan balira nota hobeagoaz gain norgehiagoka azkarrago erabakitzeko balioko zutenak zalantzarik gabe.
  • Josu Iruritak bi tanto egin zituen eta bat bakarra galdu. Oso ondo atarrabiatarra beti ohituak gaituen bezela, nahiz eta oraindik zerbait falta zaion lesio aurreko jokura irixteko.
  • Ioritz Egiguren, 3 tanto egin eta beste 3 galdu. Zerbait gehiago behar partidua irabazteko. Hau ere bezperan partidu gogorra jokatzetik etorrita eta txispa gutxi samarrekin atzo.
  • Aratz Irazustabarrena. Partidu bikaina jokatu zuen alegitarrak. Iruritakin diki-daka batean aritu beharraz gain Mataren pilotakada luzeei aurre egin behar izan zien, batzutan atzeraino joanaz eta bestetan airez sartuta. Hontaz gain txokoa ondo zaindu eta pilota zail askoak jaso zituen. Bere joku onaren seinale markagailua 8-15 zegoela publiko pilotazaleak bi aldiz txalotu izana. Partidua irabaztea bakarrik falta izan zitzaion atzo etxera erabat pozik joateko.

Datorren astelehenean, abuztuak 8, jokatuko dira azken laurdenetako lehenengo bi partiduak:

Zumaia Dinastia Etxabe, 22:00 ordutan:

Gazte-jubenil mailan:
LARRAZABAL - AGIRRE / DE LA FUENTE - MIKEL ETXEBERRIA
23 urtez azpiko mailan:
GARCIA - ZEZEAGA // OLAETXEA - ALDAVE