Julen Alberdi-Gartzia eta Salaberria-Otaduy bikoteak Dinastia Etxabeko irabazleak

Erabiltzailearen aurpegia

Julen Alberdi-Gartzia eta Salaberria-Otaduy dira XLVII. Dinastia Etxabeko pilotari txapeldunak. Pilota gehitxo galdutako gazte-jubenilen norgehiagoka itxuroso baten ondoren, kalitate oneko pilota partidua 23 urtez azpiko pilotariak eskaini zigutena, jokatutako 36 tantoetatik 23 egindakoak izan zirelarik, eta hauetatik 12 Iker Salaberria aurrelari goizuetarrarenak, finaletako protagonista nagusia izatea lortuaz.

Argazkiak: Arritxu Salegi eta Daniel Carballo.

Hauexek emaitzak:

1. Julen ALBERDI-GARTZIA 22 / 9   Unai ALBERDI-IBARLOZA
2. SALABERRIA-OTADUY.... 22 / 14  LERENA-BIKUÑA

Gazte-jubenilen partiduan 2-0, 2-2, 3-3, 5-5, 7-6 eta 8-7, hasiera bizi eta oso parekatu baten ondoren. Baina zazpi tanto jarraian egin eta 15-7 alde nabarmenarekin partidua irabazteko aukera haundiarekin Julen Alberdi eta Gartzia. Eta ordurarte lortutakoa areagotuz, 18-8 eta 22-9 garbi nagusituak azkenean 381 pilotakada jo ondoren Unai Alberdi eta Ibarlozari. Uste baino errazago eta finalaurreko partiduan baino maila baxuagoan biak ere.

Pilotari bakoitzak egindako lanari buruz:

Julen Alberdi Gazteleku Pilota Elkarteko aurrelaria. Zazpi tanto egin zituen eta hiru galdu. Orain arteko partiduetan bezala defentsa ona erakutsi zuen eta egindako tanto denak oso politak: txapagainez ezker hormara bazterreratuta bi, eta zabalean beste bostak: ezker gantxoz bat, hormabikoz hiru eta zabaletik zabalera moztutakoa. Txapelketa ona egin du zizurkildar txikiak, eta merezitako txapela jantzi ere bai azkenean. Zorionak!

Markel Gartzia Bergarako Pilota Elkarteko atzelaria. Hiru tanto egin zituen eta bat galdu, oso emaitza onak atzelari batentzat, bai horixe. Finalaurreko partiduan ere eskubiko kolpe freskoarekin pilota gozatzen eta konfiantzarekin jokatzen ikusi genuen, eta atzo oraindik eta gehiago, pilota asko baztertu zuen, atzeko koadroetara ederki luzatuz batzuetan, eta aurrealdera primeran moztuaz ere. Bi tanto era horretan egindakoak eta hirugarrena aurrealdean ihesi joandako pilota batekin. Garbi nagusitu zen atzeko koadroetan eta bere lanari esker aurrelariak errematatzeko aukera gehiago izan zuen. Oso ondo beraz partiduz partidu atzelari lanetarako bere gaitasunak erakusten joan den oñatiar pilotaria, eta zorionak!

Unai Alberdi Ilunpe Pilota Elkarteko aurrelaria. Bost tanto egin zituen eta zazpi galdu. Ez zen finalaurrekoan bezain fin ibili atzo. Tanto ederrak egin bazituen ere, pilota askotxo galdu zuen eta zenbaki horiekin irabaztea oso zaila. Errematatzeko aukerako pilota gutxi izan zuen egia esanda, eta horren adibidea egindako bost tantoetatik hiru kontraerasoan jotako pilotakadekin egindakoak izan zirela. Gogotsu eta bizi hasi zen eta pilotarako dituen dohainak erakutsi zituen atzo ere, baina aurkarien nagusitasunaren aurrean amore eman zuen partidaren azken zatian.

Aimar Ibarloza markinar atzelaria. Finalaurrekoan baino koxka bat beheragotik atzo. Pilota oso zailak ekarriaz atzeko koadroetatik ezkerrarekin batez ere, baina eskubiarekin ematerako orduan bere lekua behar bezala aurkitu gabe sarritan eta gozatu ezinik. Ez zuen tantorik egin eta bost galdu. Ez dira oso emaitza txarrak baina atzoko bere gabezia ez dute zenbakiak adierazten, orokorrean egindako jokoak baizik, aurkariaren mende egon zelarik denborarik gehien. Pena bat atzoko partiduarekin pixka bat ilundu izana txapelketan zehar emandako irudi ona.

23 urtez azpikoen finala

Atarikoan aipatu bezela 23 urtez azpiko pilota partidua maila onekoa izan zen, norgehiagoka batek behar dituen ezaugarriz osatua, pilota abiadura haundiz mugitua, tanto piloteatuak jokatu eta erremate bikain askorekin. 45 pilotakadako lehenengo tanto gogorra gerriko urdindun Lerena eta Otaduyren alde, eta jarraian beste bost eginda 0-6 alde esanguratsuarekin aurretik jarriak ere bai. Lerena sakearekin min eginaz, eta Bikuña ere aginduz atzeko koadroetan. Salaberria ahaleginak eta bi egiten jokoa bere terrenotara ekarri eta sakea eskuratuz aurkarien joko bolada ona hausteko, eta baita lortu ere, 1-6ko tantoa berak egin zuenean. Pilota aldatu eta jokoa ere bai. Otaduy Bikuñari aurre egiten atzeko koadroetan, Lerenak ere huts bat edo beste, eta Salaberriak egindako tantoekin 5-6 gerriko gorridunak bere onera ekarrita partidua jada. 7-7koan lehenengo berdinketa baina, 7-11 berriz ere aldetxo polita gerriko urdindunen alde. Baina, hauxe partiduko une erabakigarria, 8-11koa egin Salaberriak eta beste hamabi tanto takada batean euren aldera pilatuz, 20-11 nabarmen aurretik jarriak gerriko gorridunak, partidua goitik behera aldatzearekin batera. Otaduy Bikuñaren pare edo gehiago atzeko koadroetan, Lerena tantoa egin nahian, tarteka pilota bat edo beste galduaz, eta Salaberria haundi bat beste behin ere: joko askorekin jaun eta jabe aurreko koadroetan eta tanto ikusgarriak eginaz. Jada etsi samartuak egonik ere gerriko urdindunen 20-14rainoko beste urrats bat baina gehiago ez, eta beste bi tanto jokatu ondoren 22-14 norgehiagoka irabazi eta txapeldun Salaberria eta Otaduy, 419 pilotakada jo ondoren.

Pilotariak banana bana aipatuz:

Iker Salaberria aurrelaria, hamabi tanto egin eta bakarra galdu. Bikain benetan! Norgehiagoka oso itxura txarra hartzen ari zela ikusita, bere pilotari dohainak agerian utzi zituen berriro. Burua hotz eta une bakoitzean egin behar dena eginaz, aurrelari batek izan dezaken joko errepertoriorik zabalena erakusteko gai izan zen goizuetarra. Gutxi bezzla defentsan, sakearen onurak ere aprobetxatu, eta era guztiko tantoak eginaz: sakez bat, ezker airez txokoan utzita bi, ezker airez baina zabalean geldi geldi utziaz pilota beste bat, ezker gantxoz bi, boleaz eskubiz goitik behera bat, txapagainez eskubiarekin bazterreratuz hiru, eta eskubitik eskubira moztuta azken biak. Oraindik berak 19 bakarrik baditu ere, Zumaian 23 urtez azpiko mailan lortutako bigarren txapela atzo Otaduykin batera lortutakoa, 2016an Arratibelekin batera jantzi zuelarik lehenengoa. Zorionak!

Gorka Otaduy berriztar atzelaria, tanto bat egin zuen eta hiru galdu. Ondo jokatu zuen. Norgehiagokaren lehen zatian sufritzea tokatu zitzaion. Abiadura haundian ateratako pilota zailak ekarri zituen atzeko koadroetatik, aurkariei ere aurre egin, eta bikotelagun eta publiko pilotazaleari konfiantza emanez. Lanik zailenak aprobatuarekin pasata, garbi zegon bere nota hobetzeko aukerak izango zituela eta baita lortu ere. Ez zuen asko galdu eta bizi ateratzen zitzaion pilota bere bi eskuetatik, tanto bat ere eginik atzeko koadroetan pilota ederki bazterreratuta. Txapelketa ona jokatu du berriztarrak eta zorionak lortutako sariarengatik.

Oscar Lerena najerar aurrelaria. Zazpi tanto egin eta sei galdu. Ez zuen gaizki jokatu. Hasieran ondo, sakearekin min asko eginaz eta tanto bat ere lortuaz horrela. Aurreko koadroetan egindakoak beste hauek: besagain ezkerrez bat, ezker gantxoz beste bat, txapagainez eskubiarekin bazterreratuta bi, eta eskubitik eskubira moztuta bat, eta atzera luzatuta egindakoa azkena. Defentsan ondo, "buena" egiteaz gain pilota errez kenduaz aurkariari, eta sake-errestoan pilota askotara sartu zen atzelariari lagunduz. Bere akatsik haundiena tantoa errematatzera joan eta galdutako hiruzpalau pilotekin egin zuen. Aurrelaria izanda normala aurrean tantoak egin nahi izatea, are eta gehiago aurkariak hain errez egiten zituela ikusita, baina edozeinen esku ez dago abilidade hori. Zalantzarik ez dago txapelketa ona egin duela Najerakoak, jokatutako lau partiduetatik lehenengoa izanik txarrena diferentzia haundiz, baina hobetu beharra zegoen finalera iristeko. Iritxi bai, baina txapela jantzi nahi, eta ezin.

Iñigo Bikuña atzelari donostiarra. Hiru tanto galdu zituen eta beste hiru egin, hauetako bat ihes egindako pilota batekin. Ondo jokatu zuen baita ere, baina hasieran hobeto, pilotari indartsu emanez atzelari aurkaria atzeko koadroetatik asko mugitu gabe mantentzea lortu zuen garaian. Gero, ordea, bere jokoak pixka bat behera egin zuen, nekatu ere bai behar bada. Garai honetan, aukera oneko pilotak atzera luzatzen baino bazterrera mozten gehiago saiatu zen, baina hemen ez zegoen atzo zulorik; Salaberriak behin eta berriz errez ateratzen zituen pilotak handik. Oso txapelketa ona jokatu du Bikuñak baina borobiltzeko atzokoa irabazi behar eta ezin Lerenaren antzera.

Eta besterik ez pilota partiduei dagokionez, sari banaketa eta herriko sei pilotari ohiei egindako omenalditxoarekin amaituz aurtengo ekitaldia: Telmo Lisbona, Julian Berasategi, Jose Antonio Aizpurua, Angel Goikoetxea, Andres Hernandez, eta Jose Mari Azkueri. Zorionak denei!

Agur gisara eta txapelketari amaiera emateko, esan dezagun maila itxuroso bateko txapelketa izan dela aurtengo hau ere, eta pilotari eta publiko-pilotazalearen ohiko erantzun onarekin bederatzi arrats polit pasatzeko aukera izan dugula Aitzurin. Guzti honengatik eskertu beharrekoak:

- Pilotari eta hauen ordezkariak txapelketari egindako ekarpenarengatik, inoiz baino okerrago ibili bagara ere aurten egutegiko konpromisoak betetzeko.

- Publiko-pilotazale agurgarria, pilota ikuskizun eta txapelketaren finantziaziorako ezinbesteko oinarri.

- Txapelketari jarraipena egindako hedabidetako kazetari eta pilota munduko profesional adituak.

- Zumaiako Udala, batez ere aurreko bi urtetako pilotalekuaren bero arazoa bideratu izanagatik, eta Caixabank azken hiru urte hauetako beste finantzial babeslea.