Dinastia finalerdietarako azken bi bikoteen zain

Erabiltzailearen aurpegia

Unai Alberdi-Ibarloza eta Lerena-Bikuña finalaurrekoak jokatzeko sailkatu diren hirugarren bikoteak.

Hauexek bart arratsean jokatutako bi pilota partidetako emaitzak:

1. GUTIERREZ-OLIDEN, 10 / U.ALBERDI-IBARLOZA, 22
2. RIOL-GARMENDIA, 13 / LERENA-BIKUÑA, 22

Gazte-jubenilen norgehiagoka tanto bakarrera berdinduta egotetik, 1-8 zazpi tantoko aldearekin egotera pasa zen gerriko urdinekoen alde. Gerriko gorridunek hurreratu nahi baina bost-sei tantoko (3-8, 4-9, 5-11, 6-12, 7-13 eta 8-14) aldearekin atzetik beti. Partidaren azken zatian beste lau tantoko takadarekin (8-18) aldea nabariagoa izan zen oraindik eta salba ezina. 10-22 Unai Alberdi eta Ibarloza garaile azkenean.

Hauxe pilotari bakoitzak eginiko lanari buruz esan genezakeena:

Unai Alberdi Ilunpe Pilota Elkarteko aurrelari azpeitiarra. Ondo jokatu zuen, hiru tanto galdu zituen eta bederatzi egin. 16 urte apirilean eginda dagoen mutiko honek postura denetan jotzen du pilota, era guzitako erremate bidez tantoa egiten dakiela erakutsiaz, baita ezker besagainez ere. Defenditzen ere ausart, sake-restoan atzelariari lagunduz. Konfiantzarekin joaten da pilotaren bila eta badaki noiz eta nola sartu errematatzera. Ofizioa ikasia du jada eta indartzen joaten den heinean bere joko errendimenduak gora egingo du oraindik zalantzarik gabe.

Aimar Ibarloza markinar atzelaria, ondo baita ere. Bi pilota galdu zituen eta horietako bat erasoan, txapaz behera joan zitzaiona mozteko intentzioz jo ondoren. Egindako tantorik ez. Ezker-eskubiz, eta gerria ondo sartuaz, dotore aritu zen pilotan. Bikotelagun ona Alberdi gazteenarentzako.

Sergio Gutierrez Titin III Pilota Elkarteko errioxar aurrelaria. Lau tanto egin zituen eta beste lau galdu. Pilotaria da eta bi esku on ere baditu, baina tantoa egiteko baliabide gutxitxo oraindik, ezker airez sartzen ikasi behar du. Toke oneko pilotaria da eta botera oso ondo jartzen da, baina gaur egun ez da nahikoa partiduak irabazteko.

Aratz Oliden Añorgako Pilota Elkarteko atzelari oriotarra. Tanto bat egin zuen, txokora ondo moztutako pilota batekin, eta bederatzi galdu. Ez zen fin ibili, lotua somatu genuen eta pilota gehitxo galtzeaz gain gozatu ere tamainan. Bi esku on izanik, abiada haundiagoan etorri eta gerriaren laguntzaz min gehiago egin behar luke bere pilotakadak. Ez zen gustura jokatutako partiduarekin, min zeukanaren seinale eta sentitzen dugu, baina horrela ikasten da, kaskarrekoak hartuaz.

Norgehiagoka gogorra eta latz borrokatutakoa 23 urtez beheragoko pilotariak eskaini zigutena jarraian. 0-5 gerriko urdindunak aurretik jarri baziren ere, 4-5, 4-6 eta 5-7 hurreratuak Riol eta Garmendia, eta bost berdinketa jarraian: 7-7, 8-8, 9-9, 10-10 eta 11-11. Asko kostata baina 7 tantoko takada ederra lortuaz, urdinak 11-18 aurretik jarri zirenak berriz. Denak ere indar sobrarik ez zutela, eta atzetik zihoazenak partiduari buelta emateko sinesmenik gabe. 12-18, 13-20 eta 13-22 Lerena eta Bikuña nagusi azkenean.

Banan banan aipatuz:

Oscar Lerena Errioxako naiarar aurrelaria, hamar tanto egin zituen eta sei galdu. Aurreko partiduan baino dezentez hobetoago jokatu zuen, tanto gehiago egin eta gutxiago galdu, eta horretaz gain partiduko erantzukizuna ere beregain hartuaz: sakean oso ondo eta aurreko koadroetan ere asko errematatuz. Tanto ederrak egin zituen: sakez 2, ezker airez txokoan eta gantxoz 4, boleaz eskubiz 1 eta moztutako pilotekin zabalean eta txokoan beste 3. Partidua irabazteko jarrera nabaritu zitzaion hasieratik amaieraraino eta ausart jokatu zuen. Pilota asko astindu zuen arren bera lauetan osoen amaitu zuena.

Iñigo Bikuña antiguotar atzelaria, bi tanto egin zituen eta lau galdu. Oso indartsua bere hasiera, pilota atzeratuz ezker-eskubiz eta atzeko koadroetan garbi aginduz. Baina berehala bizpahiru pilota tonto galdu zituen eta aurreko eguneko segurantzarik gabe somatzen genuen. Hortzak estutu eta segi egin behar lanean eta azkenean ondo, aurkari atzelaria baino freskoago amaitu zuelarik.

Unatx Riol Izarra Pilota Elkarteko portugaletear aurrelaria, zortzi tanto galdu zituen eta bakarra egin. Zenbaki kaxkarrak zalantzarik gabe. Tantoa egiteko konfiantzarik gabe ikusi genuen eta galdutako pilota asko intentzio horrekin jaurtitakoak. Egin zuen tantoa ezker gantxo ikusgarri batetik etorria izanik, harritzekoa gehiago ez egin izana modu berean. Defentsan ondo baina partiduak irabazteko tantoak egin behar dira eta hau aurrelariaren lana da.

Beñat Garmendia, Lapke Pilota Elkarteko atzelari beasaindarra. Bi tanto egin zituen eta beste bi galdu. Ondo jokatu zuen. Hasiera eta amaiera gutxina luzitu zueneko garaiak, hasieran Bikuñak asko eman ziolako eta amaieran oso nekatuta eta indarrik gabe geratu zelako. Lan zaila tokatu zitzaion atzo, atzelari esparruko lanak egiteaz gain aurrelariarenak ere egin behar izan zituelako. Oso sake zitalak jaso zituen, bat edo beste aurrelariak jasotzeko hobeak zirenak ere bai. Brillo gehixeagorekin ikusi izan dugu baina asko ibiltzea tokatu zitzaion kantxan eta berari esker batik bat 0-5ekoa altxa eta azken zatira arte partidua bizirik mantendu izana. Katarro pixka batekin ere etorri zen eta honek ere ez zion lagunduko noski.

Gaur asteartea Abuztuak 14, 22:00tatik aurrera koartosetako azken jardunaldia:

Gazte-Jubenilak: ARIZTEGI-APEZETXEA / LARRAÑAGA-ELIZEGI
23 urtez azpikoak: CANABAL-SALEGI / MATA-AIZPURU