Emantzipatzen hasteko saioa

Erabiltzailearen aurpegia Bertso Eskola 2023ko urt. 2a, 15:38

2022a ondo bukatzeko saio bizia eskaini ziguten joan den ostiralean, eta ederki gozatu genuen Oxford aretoan bildutako bertsozaleok.

Alondegiko Oxford aretoa ia beteta, eta Maite Aizpuruak gidatuta, oso ondo aritu ziren kantuan Gorka Pagonabarraga, Izaro Bilbao, Joar Garate, Peru Abarrategi, Ekhiñe Zapiain eta Haritz Mujika. Bertsolari horietako batzuk Euskal Herriko bertsolari txapelketan aritu berri dira, eta beste batzuk oraintxe hasi dira horrelako saioetan abesten, Joar Garate zumaiarra tartean, eskolarteko txapelketetan nabarmendu eta gero.

Gaietako bat gazteei emantzipatzeko emango zaizkien dirulaguntzei buruzkoa izan zen, eta oso polita izan zen Haritz Mujikaren azken agurra: bertsolari gazteek, emantzipatzen hasteko, horrelako saioak behar zituztela esan zuen.

Saiatuko gara aurten ere beste bat antolatzen!