Urko Arakistainek 2. saria irabazi du bertsopaper lehiaketa batean

Erabiltzailearen aurpegia Bertso Eskola 2022ko urr. 25a, 21:22
Ilustrazioa: Unai Gaztelumendi

Bertsolari aldizkariak bertso idatzien II. lehiaketa antolatu du, eta gaztetxoen mailan bigaren saria lortu du Urko Arakistain Mendizabal 14 urteko zumaiarrak. Aldizkari horrek argitaratutako komiki eta liburu sorta galanta jasoko du etxean Urkok. Gozatu eta abestu bertso eder hauek.

EUSKARAREN LEKUKOA

DOINUA: Euskal Herriko lur maite hartan (Ameriketako panpetan)

 

Mauriziaren irrintziekin

plazan gelditutakoa

Manolo Urbietaren letrez

umeek jasotakoa

Mikel Laboak bere gitarrez

sarri kantatutakoa

harrotasunez betetzen zaigu

gure bihotz ta hauspoa

orain tokatzen zaigu hartzea

euskararen lekukoa.

 

Zapaldua den herri batetik

lore bat sortzerakoan

borroka luze eta gogorra

dugu oraindik gaurkoan

arazo denez ahaztu ohi gara

begiak ixterakoan

alde batera begiratuaz

ondo dagoelakoan

etorkizuna beltzez margotuz

euskara galtzerakoan.

 

Gaur eguneko app gehienetan

nagusiena erdara

nahiz askotan besteena erru

zu ere arazo zara

ez gara aurrera aterako

dena propaganda bada

lehengo gauza izan behar da

geure ahotan euskara

hondar ale bat jarri ezkero

aurrera irtengo gara.