Nerea Ibarzabal nagusi Aitzurin, eta gora Maurizia!

Erabiltzailearen aurpegia Bertso Eskola 2017ko urr. 9a, 09:32

Hasieratik, emakumeak seguruago aritu ziren, eta amaierako sailkapenean koxka bat gorago geratu ziren. Goienean, Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra.

Kanpoan eguzkitan giro goxoa zegoen, eta Aitzuri pilotalekua bete zuten 700 bertsozaleek ere ederki berotu zuten txapelketako saioa. Kanpotik etorritakoak ziren gehienak, baina zumaiarrak ere bai asko. Soinu aldetik jendeak bazuen kezkatxoa, baina hasierako oihartzun txiki bat gorabehera, arazorik gabe joan zen saioa alde horretatik.

Kartelari erreparatuta, Zumaiakoa ez zen beharbada beste kanporaketa batzuk bezain erakargarria; ez zen faborito argirik ikusten, 700 puntuak gaindituko zituenik. Saio gustagarria egin zuten, ordea, eta ale politak utzi zituzten denek ere.

Ofiziokako lanetan 3 emakumeak gailentzen hasi ziren, eta halaxe jarraitu zuten gero ere. Ibarzabal oso ondo sartu zen egokitutako paperetan, eta ahots fineko bertsokera sendoz berehala poltsikoratu zuen jendea. Miren Artetxe ere erregular aritu zen ariketa gehienetan, konfiantzaz eta gozatzen. Bakarka, berriz, Nahikari Gabilondo nabarmendu zen kartzelako lanean, istripuan galdutako semeari abestutako bertsoekin.

Amaieran, Nerea Ibarzabalek jaso zuen puntu gehien (698.5) eta horrekin azaroaren 4an Maule Lextarren kantatzeko txartela lortu zuen. Gainerako bertsolariek zain egon beharko dute aukerarik duten ala ez jakiteko: Nahikari Gabilondo (661.5), Miren Artetxe (661.5), Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” (627.5), Asier Otamendi (617.5) eta Ibon Ajuriagojeaskoa (616).

Ariketa bakoitzeko puntuazioak taula honetan ikus daitezke, eta azpian atzo jarritako gaiak eta puntuak irakurri ere bai.

Emakumeak nagusi Zumaian, beraz. Miren Artetxek agurreko bertsoan abestu zuen bezala:

Gora emakume bertsozaleon

oholtzapeko irrintzia,

eta gora Maurizia!

Hilaren 14an jokatuko da Tolosan azken kanporaketa, eta han arituko dira Jon Maia eta Maddalen Arzallus.

Kronika zabalagoa nahi baduzue, bertso eta guzti, Bertsolari aldizkariaren gunean irakur dezakezue.