'Mistika' ontzia botatu du gaur Beduolak

Erabiltzailearen aurpegia Beduola 2017ko api. 17a, 22:04

Mistika izeneko egurrezko ontzia botatu du gaur Beduola elkarteak. Segundo gutxi egin ditu Narrondo ibaiko uretan: ontzian ura sartzen zela ikusita, berriro igo dute arrapalara.

Josu Ibarrek Bilbotik ekarritako lau metroko egurrezko ontzia da Mistika. Beduolak Axular ibiltokian duen lokalean ukitu batzuk eman eta margotu ondoren, gaur, arratsaldeko 6ak aldera itzuli da uretara. Denbora gutxian egon da, baina. Txalupa urtebete inguruan egon da ura ukitu gabe eta hori igarri da uretara itzultzerakoan, egur xaflen arteko zirrikituetatik ur dezente sartu delako. Arrapalara igo dute bueltan eta bertara lotu dute, itsas mareen bitartez ontzia ur-handitzeko.

Beduolak arrapalan dituen beste egurrezko bi ontzi ere uretan jarri ditu gaur arratsaldean, beltz kolorezko Ilunabar eta urdin kolorezko Magallanes. Bi ontzi hauek ere denbora batean egon dira ura ukitu gabe eta arraunean eraman dituzte moilaraino.