Jubenilak eta kadeteak bosgarren Gipuzkoako taldekakoan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2023ko eka. 2a, 15:30

Jubenilak eta kadeteak bosgarren sailkatu dira Gipuzkoako taldekako txapelketan.

Erlojuaren aurkako taldekako txapelketetan ez da podiumik lortu, baina ez Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariek dena eman ez dutelako, besteak hobeak izan direlako baizik. Bai kadete mailan, eta baita junior mailan ere, bosgarren sailkatu dira Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak. Guztiak ere gustura heldu ziren helmugara.

Legorretan larunbat arratsaldean bero egin zuen, presio handiko lasterketa da, teknikoa, non indarrak oso ondo neurtu behar diren. Gogortasunari ondo erantzun zioten, baina gorputz eta buru guztiek ez dute berdin erantzuten. Benetan garrantzitsua dena da asko asko ikasi zutela taldekako erlojuaren aurkakoaz.

Jubenilek 34km-ko ibilbidea izan zuten, eta kadeteek 24,4km-koa. Kadete mailan bi talde errepideratu zituen Viveros San Anton- Exclusivas Marduk, eta bat bosgarren sailkatu zen, bestea hamaseigarren. Guztira hemezortzi taldek parte hartu zuten; junior mailan 13 talde parte hartzaileen artean bosgarrenak izan ziren zumaiarrak. Asteburu honetan juniorrek ez dute lasterketarik, eta kadeteek berriz, asteburu gogorra dute; larunbatean Oñatin Gipuzkoako txapelketa eta igande arratsaldean Zumaian karrera.

INFANTIL-ALEBIN eta BENJAMINAK BIZIKLETA EGUNEAN

Igandeko kadeteen lasteerketaren aurretik, larunbatean zumaian bizikleta eguna ospatuko da. Egitarauan arratsalde partean, 16.30ean benjamin, alebin eta infantilen lasterketa jokatuko da Axular etorbidean. Etxeko lasterketa ez da asteburuko hitzordu bakarra izango taldeko harrobikoentzat, igande goizean Zarautzen bait dute hitzordua.