Beñat Sainz laugarren Euskadiko txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2023ko mai. 26a, 17:00

Euskadiko txapelketen asteburua izan da aurrekoa Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ziklistentzat. Kadeteek Seguran izan zuten beren lasterketa, eta jubenilek, Amurrion.

Seguran eguraldi negargarriaz, euria goian behean zela lasterketa oso osoan 162 txirrindulari elkartu ziren irteeran, eta erdiak baino gutxiago amaitu zuten lasterketa. Datu hori, berez, oso adierazgarria da, lasterketaren gogortasunaren irudia baita. Eguraldiak egin zuen lasterketa gogorra.

Lasterketak 58 km izan zituen, eta pentsa, Viveros San Anton-Exclussivas Mardu zazpi txirrindularirekin abiatu bazen, hamahirugarren kilometrorako hiru gelditzen ziren lasterketan; hiru horiek lan aparta egin zuten. Beñat Sainz eguneko ihesaldian sartu zen. Lasterketa erdian gorpuztu zen bosteko ihesaldia, eta Viveros San Anton-Exclusivas Marduko ordezkaria ihesaldian arruarra izan zen.

Beñat Sainz aurrean, Aratz Unanuek eta Iker Eizagirrek kontrol lan bikaina egin zuten pelotoian. Ihesaldia ailegatu egin zen, baina indarrak azken bi mendateetan agortuta, eta euriagatik giharrak gogortuta, ezin izan zuen nahi bezala esprintatu Sainzek. Laugarren amaitu zuen Euskadiko Txapelketa.

Pelotoia erabat txikitu zen Lierni eta Zeraingo igoera eta jaitsieretan, eta azkenean, Aratz Unanue 26. sailkatu zen, eta Iker Eizagirre 50. Bikaina izan zen kadeteen jarrera eguraldi negargarriarekin jokatutako Segurako lasterketan.

Eguraldi hobea izan zuten jubenilek igandean Amurrion. Ibilbidea 110 kilometrokoa zen, eta bost itzuli egin zizkioten bi igoera zituen zirkuitoari. Igoera horietako bat handi samarra zen, eta bertatik bost aldiz pasa beharra benetan erabakigarria izan zen jubenilentzat. Ihesaldi saiakera ugari izan ziren: horietako batean Andde Etxaniz izan zen protagonista, baina pelotoian beti izan zuen ihesaldia kontrolpean.

Bi itzuliren faltan, faboritoak mugitzen hasi ziren, eta hortxe izan ziren beti onenekin Mattin Salegi ez bazen Adur Tapia eta Adur ez bazen Eneko Aranguren. Bikain jardun zuten beren aukeretan sinistuta. Amaieran, zazpikote batek egin zuen aurrera, eta hortxe zen Eneko Aranguren, baina aurreko gurpilean zulatua izan zuen eta 5 kilometro gurpila zulatuta osatu zituen, helmugaratu arte.

Helmugan, Adur Tapia hamabosgarren sailkatu zen, irabazlearengandik 24 segundora, Eneko Aranguren gurpil zulatu eta guzti 28. postuan, 41 segundora, eta Mattin Salegi ailegatu zen ondoren 38. tokian. Hiru txirrindulari hauek Gipuzkoako Selekzioarekin entrenatzeko aukeratuak izan dira.

Asteburu honetan kadeteek eta jubenilek taldekako erlojuaren aurkako Gipuzkoako Txapelketak jokatuko dituzte Legorretan. Infantil, alegin eta benjaminek BTT lasterketa izango dute Oiartzunen.