Kadeteen lasterketarik onena

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2023ko mai. 5a, 12:30

Nahiz eta garaipena falta izan zen, Zestoan jokatutako kadeteen lasterketa denboraldi honetan Viveros San Anton-Exclusivas Marduren lasterketarik onena izan da.

Hasieratik lasterketan sartuta, korte guztietan presente eta eguneko ihesaldia gorpuztu zenean, ihesaldiko zazpi kideren artean Viveros San Anton-Exclusivas Marduko bi txirrindulari zeuden: Aratz Unanue eta Danel Beristain.

51 km ditu lasterketak eta helmugarako lau kilometroren faltan Presaldetik, Arroa Goiara doan malda pikoa gainditu behar izaten dute txirrindulariek; hor, Aratz Unanuek probatu zuen eta bakarrik alde egin ere bai, baina azken kilometroan harrapatu zuen Cardona irundarrak. Azkenean, Aratz Unanue bigarrena izan zen bere herriko helmugan, eta Danel Beristain hirugarren. Taldeko beste kideek ere ondo amaitu zuten: Beñat Sainz bigarren multzoan ailegatu zen, 16. postuan, eta Oñatz Etxabe, Kepa Korta eta Iker Eizagirre hirugarren multzoan: Oñatz 35., Kepa 40., eta Iker 43. sailkatu ziren. Peru Calvok ere ederki bukatu zuen karrera 67. Tokian. Lasterketa amaitu ezinik Jurdan Regillaga eta Jon Berasategi gelditu ziren.

Taldeka, Viveros San Anton-Exclusivas Mardu bigarren sailkatu zen. Asteburu honetan Nafarroan izango dute lasterketa kadeteek, Arronizen hain zuzen ere.

Jubenilek Arantzazuko igoera jokatu zuten larunbatean. Lasterketa laburra, 7o kilometrokoa, baina amaiera bortitzarekin: bederatzi kilometroko igoera luze eta malkartsua Oñatitik Arantzazura. Azken igoera aurretik oso-oso azkar ibili ziren txirrindulariak, orduko 45 kilometroko abiaduran, eta azken igoerara hankak ondo eraginda eta auspoa ondo berotuta heldu ziren txirrindulariak. Osasun arazo askorekin taldeak ez zuen egunik onena izan, baina txirrindulariak zeuden bezala egoteko emaitza onak lortu zituzten: Eneko Aranguren 31., Mattin Salegi 34., Andde Etxaniz 68., Aritz Aranbarri 69. Lizar Tolosak ez zuen lasterketa bukatu. Azkenean 41 kilometro orduko abiaduran osatu zuten karrera etorkizuneko ziklista saiatu hauek. Asteburu honetan Lazkaomendin dute karrera menditsua juniorrek.

Infantil, kimu eta benjaminek Astigarragan izan zuten hitzordua igande goiz euritsuan. Lasterketa bikainak osatu zituzten: benjaminetan Galder Zumeta hirugarrena izan zen; kimuetan Inge Zumeta nesketan aurrena izan zen, eta lehenengo postuetatik gertu helmugartu ziren Oinatz Alberdi eta Mikel Egaña (lasterketa osoa elkarrekin burutu zuten); eta infantiletan Laia Zumeta 4.a izan zen nesketan; mutiletan lehenengoz podiuma zapaldu zuen Unai Egañak, amaieran ederki lagundu ziolarik Borja Osak.

Maiatzaren 1ean neskek Andoainen izan zuten lasterketa, Inge eta Laia Zumetak lehenengoz Gipuzkoako beste neskekin batera korritu zuten eta test polita izan zen beraientzat asteburu honetan jokatuko diren Gipuzkoako Txapelketei begira.

Larunbat arratsaldean Tolosako Usabal industrigunean alebinen lasterketa izango da eta infantilen Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da.