Eneko Aranguren Gipuzkoa klasikoa bukatu duen bakarra

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2023ko api. 28a, 11:24

Azterketa latza zen, eta azterketa Eneko Arangurenek bakarrik gainditu du. Viveros San Anton-Exclusivas Mardu taldetik Nazioarteko Gipuzkoa Klasikoa bukatu duen txirrindulari bakarra Aranguren izan da.

Bi etapa gogor izan ditu Klasikoak. Larunbatean Ormaiztegin euritan jokatu zen lehena, 99 kilometroko etapa: Liernia bitan igo zuten, Gabiria eta Mandubia Garindik amaieran.

Europatik junior mailako talderik onenek parte hartu zuten; lasterketa 41,294 kilometro orduko abiaduran osatu zuten txirrindulariek. Pelotoia multzo askotan hautsi zen eta etapa honetan Mattin Salegi izan zen taldeko onena; 51. sailkatu zen irabazlearengandik hiru minutura, lehen  multzo jendetsuan; minutu bat atzerago heldu ziren Eneko Aranguren, 63., eta Adur Tapia, 66. Andde Etxanizek ere lasterketa amaitzea lortu zuen: 132.a  izan zen, 12 minutura, azken kilometroetan erorikoa izan eta gero. 

Lehen eguneko nekearen zama oinetan, bigarren egunean, Egian, berriz ere euria lagun izan zuten ziklistek; lagun baino gehiago aurkari euriaren ondorioz eroriko asko izan baitziren. Oso-oso lasterketa gogorra izan zen, 44,882 kilometro orduko abiaduran osatuta 104 kilometroko ibilbidea. Taldetik Eneko Arangurenek bakarrik amaitu ahal izan zuen lasterketa: 41. izan zen irabazlearengandik hiru minutura. Sailkapen nagusian Eneko Aranguren 50.a izan da, klasikako zortzigarren euskalduna, eta seigarren gipuzkoarra. Igandean Eneko Aranguren onenen multzoan ibili zen etapa guztian, Ormaiztegin berriz ez zuen egunik onena izan eta horrek eragin zuen bere atzerapena sailkapen nagusian.

Asteburuko lasterketak

Jubenilek Oñatin izango dute larunbat arratsaldean lasterketa, 70 kilometroko karrera, amaiera Arantzazuko gainean izango duelarik; bederatzi kilometroko igoera pikoa da Arantzazukoa.

Kadeteek igande arratsaldean Zestoan izango dute lasterketa; aurretik joan den larunbatean Beasainen korritu zuten. Pelotoi nagusian helmugaratu ziren Danel Beristain, Aratz Unanue eta Beñat Sainz; 9, 14. eta 17. postuetan zeharkatu zuten helmugako pankarta. Postu hauekin taldeka bigarrena izan zen Viveros San Anton-Exclusivas Mardu, minutu eta 16 segundora. Olaberrian atzeratuta ailegatu ziren Iker Eizagirre 41., Kepa Korta 65. eta Oñatz Etxabe 66. Jurdan Regillaga 90. sailkatu zen 3:43ra eta Peru Calvo 95. 4:03ra.

Infantil, kimu eta benjaminek ere izan zuten beren jardunaldia. Hernanin jokatu zen eskolarteko txirrindulari jardunaldia eta zumetatarrek podiumetik jaitsi gabe jarraitzen dute; benetan lasterketa dotoreak egin zituzten zumaiako txirrindulari elkarteko harrobiko kideek, berriz ere erakutsiz jardunalditik jardunaldira hobeto dabiltzala. Aste honetan igande goizean Astigarragan izango dute Gipuzkoako Txapelketaren bezperako lasterketa.