Maila onean Deban eta Mutrikun

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2023ko mar. 31a, 15:39

Denboraldiko lehen lasterketetako maila onari jarraipena emanez, Deban kadeteek eta Mutrikun jubenilek aurpegia eman eta emaitza onak lortu dituzte.

Deban 160 txirrindulari kadete irteeran elkartu zirelarik, lasterketa lau-lauari esprintean eman zitzaion amaiera. Ibilbidean zehar saiatu ziren Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak tropela hausten, baina ez zen horrelako aukerrik izan, eta hiru kilometroren faltan izandako eroriko batek aldatu zuen azken argazkia. Hala ere, 60 txirrindulariz osatutako pelotoiak esprintean jokatu zuen lasterketa.

Azken sailkapenean Danel Beristain izan zen onena: hamalaugarren postuan sailkatu zen; lehen urteko Oñatz Etxabe bikain aritu zen hemeretzigarren postuan sailkatu zen; berekin batera, top 20an Iker Eizagirre egon zen, eta pelotoi horretan ere lehen urteko Peru Calvok helmugaratzea lortu zuen; lasterketako 47.a izan zeln. Pixka bat atzeratuta, Beñat Sainz 70. postuan heldu zen, helmuga aurreko erorikoak bete-betean harrapatu baitzuen. Hala ere, kemena izan zuen lasterketa bukatzeko. Jon Berasategi izan zen karrera bukatzerik izan ez zuen bakarra. Taldeka laugarren sailkatu ziren kadeteak.

Mutrikun parte hartze kopurua nabarmendu behar da, 200 txirrindulari abiatu baitziren. Ibilbidea bihurria eta gogorra, Kalbario bi aldiz igo eta jaitsi behar izan baitzuten. Lasterketa erabat hautsita heldu ziren txirrindulariak. Lehen multzoan Adur Tapia sartu zen; bederatzigarren amaitu zuen Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak. Bigarren multzoan ailegatu ziren Eneko Aranguren eta Mattin Salegi; Eneko 21.a izan zen, Mattin 30.a, eta Andde Etxanizek ere lortu zuen lasterketa bukatzea, 71. tokian. Lizar Tolosa eta Aritz Aranbarrik ez zuten amaitzeko modurik izan.  Taldeka bosgarren sailkatu zen Viveros San Anton-Exclusivas Mardu. 147 txirrindulari heldu ziren helmugara eta orduko 42 km pasatxoko bataz besteko abiadura osatu zuten.

Lasterketa guztian zehar bete betean karreran sartuta ibili ziren Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak. Norabide onean ari dira lanean, emaitzak ere onak dira eta datozen lasterketei begira gogotsu daude, lasterketetan garaipenaren lehian ibiltzeko moduan baitaude bai kadeteak baita jubenilak ere. 

Infantil eta Alebinek Gipuzkoako mendi bizikletako txapelketan parte hartu zuten. Infantil mailan Borja Osa hamalaugarren sailkatu zen, 21. Unai Egaña eta 30. Amets Alberdi. Laia Zumeta nesken artean bederatzigarren sailkatu zen. Alebinetan, mutiletan, Mikel Egaña hamazazpigarren ailegatu zen amaierara, Oinatz Alberdi 26. eta Izei Mendiluze 33.; nesketan, berriz, Inge Zumetak 5. bukatu zuen. 

Asteburuari begira, eta Ertzantzak Itzulia dela eta atseden egin behar duenez, Bizkaira joango dira kadeteak eta juniorrak. Larunbat arratsaldean Amorebietan korrituko dute kadeteek eta leku berean juniorrek igande goizean. Infantil, alebin eta benjaminek igande goizean Usurbilen izango dute lasterketa.