Ziklo krosa bukatu da

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2023ko urt. 14a, 09:00

Euskal egutegia amaitzearekin ziklo kroseko gure txirrindularien denboraldia ere amaitu da.

Zoritxarrez, gaixorik, Eneko Arangurenek ezin izan du parte hartu azken bi lasterketetan eta Amurrion eta Ormaiztegin Mattin Salegi bakarrik izan da Viveros San Anton-Exclusivas Marduko mailot berria estreinatzen.

Amurrion oso lasterketa ona egin eta 15. sailkatu zen zumaiarra; Ormaiztegin ez zuen zorterik izan eta lasterketa hastearekin batera erori eta belaun batean min hartuta karrera utzi egin behar izan zuen; oraindik ere buruhausteak ematen ari zaio belauna. 

Pista azken txanpan

Gipuzkoa torneoa bukatu da, Gipuzkoako txapelketak gelditzen dira pistako denboraldia amaitzeko eta gaur gaurkoz oraindik inork ez daki Euskadiko Txapelketarik izango den ala ez.

Gipuzkoako Torneoan lan ona egin dute Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariek. Aurpegia eman dute eta batzuetan besteetan baina emaitza hobeak lortu dituzten arren, beti protagonista izan dira. Sailkapen nagusian Iker Eizagirre izan da onena: 10. amaitu du, eta taldekideen alde esan behar da lan txukuna egin dutela hobetuen sailkatuta zegoen taldekidearen alde. Beñat Sainz 12.a izan da, Aratz Unanue 21., Kepa Korta 27., Oñatz Etxabe 36. eta Peru Calvo 38. Guztira, 87 txirrindularik parte hartu dute pistako kadete mailako torneoan.
Jubenil mailan parte hartzea txikiagoa izan da, 39 txirrindularik puntuatu dute eta horietatik 24. sailkatu da Lizar Tolosa.

Asteburu honetan taldekako Gipuzkoako txapelketak jokatuko dira eta banakakoak hilaren 29an. Kadete mailan parte hartuko du Viveros San Anton-Exclusivas Marduk. Taldekako jazarpenean laukotea Iker Eizagirrek, Beñat Sainzek, Aratz Unanuek eta Kepa Kortak osatuko dute. Taldekako abiaduran bi talde izango dira Zumaiako txirrindulari Elkartea ordezkatuz: 1 taldean Iker Eizagirre, Aratz Unanue eta Beñat Sainz, eta 2 taldean Peru Calvo, Oñatz Etxabe eta Kepa Korta. Kadete mailako Gipuzkoako madison txapelketan Beñat Sainzek eta Oñatz Etxabek parte hartuko dute. Hau izaten da pistako edozein egitarauetan proba izarra baina edozein kadete ez da Madisona egiteko gai. Horregatik balio handia eman behar zaio Beñat Sainz eta Oñatz Etxabe egitera doazenari.

Txikienak Asteasun igandean

Aspaldian ez dute elkarretaratzerik izan benjaninek, kimuek eta infantilek, baina igande honetan BTT lasterketa izango da Asteasun. Zumaiako Txirrindulari Elkartea lau txirrindularirekin joango da: Borja Osa, Galder, Inge eta Laia Zumetarekin.